Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Irailak 17

Ez da onetsi Nafarroako Gobernua gazte enpleguari eta ekintzailetzari buruzko berariazko plan bat ezar zezan premiatzen zuen mozioa

Legebiltzarraren gehiengoak lan erreformaren indargabetzea baldintza gisa jarri eta Navarra Sumak onartu ez duenez, ekimenak ez du aurrera egin

Parlamentuaren Osoko Bilkurak mozio bat baztertu du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin eta Navarra Sumaren aldekoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “sei hilabeteko epean Gazte enpleguari eta ekintzailetzari buruzko plan bat abian jar dezan”.

 

Baztertutako mozioak bigarren atalean Gobernuari eskatzen zion “sei hilabeteko epean Gazte talentudunak itzultzeko eta atxikitzeko plan bat abian jar dezan”.

 

PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk eta I-Ek aldatzeko zuzenketa bat aurkeztu dute, Navarra Suma ekimenaren titularrak onartu ez duena, Estatuko Gobernua premiatzen zuena "lan erreforma lehenbailehen indarrik gabe utz dezan, hurrengo puntuetarako baldintza eta aurretiazko urrats gisara".

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako mozioak UGTren urteko azken txostena aintzat hartzen zuen, non aipatzen den 2008 urtetik gazte enpleguaren % 46 inguru suntsitu dela (50.000 lanpostu baino gehiago).

 

2020. urteari dagokionez, urtearen lehen erdian, 16 eta 34 urte bitarteko 1.400 gaztek lana galdu dute, eta, Nafarroako langabe guztiekin alderatuta, gazte langabeak % 43,09 dira. Hortaz, “funtsezkotzat” jotzen da Gazte enpleguari eta ekintzailetzari buruzko berariazko plan bat eta Nafar gazte talentudunak Nafarroara itzultzeko plan bat egotea.

 

Gaineratzen da aurreko legegintzaldian Nafarroa izan zela “Enplegu Plan bat –eta hortaz, gazte enpleguari buruzko berariazko plan bat– ez zeukan erkidego bakarra”, eta horregatik, 2019ko abenduaren 19an onetsitako ebazpen bat bete dadin eskatzen da, zeinaren bidez eskatzen baitzen Elkarrizketa Sozialerako Kontseilurako deialdia egin zedila “lehenbailehen”, urtebeteko epean onetsi ahal izan zedin Nafarroako enplegu plan berria.

 

Testuinguru honetan, Ekonomia eta Hezkuntza departamentuen eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren arteko lankidetzarako egitura bat sortzea proposatzen da, “ekintza bateratuko planen bidez gazteen enplegagarritasuna sustatzeko”, eta arretagunea kolektibo ahulenengan jartzea defendatzen da, “genero-arrakala, landa-ingurunea, erronka demografikoa eta gazte migratzaileak aintzat hartuko dituen ekintzekin, eta aldaketa sozial eta teknologikoak kontuan hartuta”.