Ez da onetsi prentsa-askatasuna babeste aldera PPNk aurkeztutako mozioa
Pedro Sánchezi buruzko aipamenak eta lanbideari nahiz prentsaren erabilera partidistari buruzko iritziek eragotzi egin dute informazioaren aniztasunaren gaineko jarrera bat adostea
Legebiltzarraren Osoko Bilkurak ez du onetsi (PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek aurka bozkatu dute, eta UPNk, PPNk eta Voxek, berriz, alde) honako mozio hau: "Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du gure erkidegoan prentsa-askatasuna babesteko, eta Nafarroako Gobernua premiatzen du ez dezan kazetarien lana eragotz".
Mozio horren bigarren puntuan, Nafarroako Parlamentuak erakunde guztiak premiatzen zituen, "bai Nafarroakoak bai Espainiakoak, hedabide jakin batzuk zentsuratzeko ahalegina gelditu dezaten".
Hirugarrenean, berriz, "Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen zuen kazetariak eta hedabideak jendaurrean seinalatzeari utz diezaion".
Azkenik, Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua eta ordezkari publikoak premiatzen zituen "ez dezaten ez esamesarik ez fake newsik heda, Nafarroako eta Espainiako gizartean desinformazioa ez bultzatzeko".
PSNk ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, PPNk, ekimenaren titularrak, onartu ez duena, eta asmoa zuen Nafarroako Parlamentuak irmoki gaitzestea "profesionalak eta komunikabideak beren lanbidean pairatzen ari diren erasoak eta mehatxuak, prentsa-askatasunaren eta adierazpen-askatasunaren –Konstituzioan bermatuak– aurkako mehatxu argia baitira".
Era berean, gogorarazten zuen "demokrazia batean funtsezkoa dela komunikabideen eta informazioaren profesionalen lana, lagundu egiten baitu iritzi publiko aske bat eratu eta aniztasun politikoa berma dadin; izan ere, herritarrek eskubidea dute edozein hedabidetatik askatasunez egiazko informazioa jasotzeko, Konstituzioaren 20. artikuluak eskatzen duenarekin bat".
PPNren talde parlamentarioaren mozioaren zioen azalpenean esaten zen demokrazia batean prentsa librearen eginkizuna erabakigarria dela "baldin eta egiarekiko eta objektibotasunarekiko konpromiso zorrotzean oinarritzen bada", eta "totalitarismo-zantzuak" antzematen zaizkiela boterean daudenei eta, zehazki, Gobernuko lehendakariari, zeinari egozten baitiote isilarazi nahi dituela "bere agenda politikoarekin bat egiten ez duten hedabideak".
Gauzak horrela, mozioa aurkeztu duenak "laugarren boterearen" eginkizunaren oinarrian dauden "aniztasuna, eztabaida eta ideia-alderaketa" defenditu ditu, "Gobernuaren jarduna herriaren mesedetan kontrolatzeko"; hartara, hedabideen independentzia zaintzearen aldeko aldarria egin du, lanbide-elkargoen jarraibideekin eta nazioarteko erakundeen erabakiekin bat.
- www.parlamentodenavarra.es
- Mozioa (67. NPAO, 2024-05-10ekoa)
Archivos adjuntos