Noiz argitaratua Osteguna, 2025.eko Martxoak 20

Ez da onetsi zerbitzuan bost urte baino gehiago daramaten militarrei tokiko polizia-kidegoetan lanpostuak erreserbatzera premiatzen duen mozioa

UPNren eta PPNren babesa ez da aski izan, eta orobat ezetsi da Indar Armatuetan emandako denbora hautapen-prozesuetan merezimendutzat har dadin Talde Mistoak egindako eskaria

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak ez du onetsi Nafarroako Gobernua premiatzen zuen mozioa, "beharrezkoak diren neurriak har edo susta ditzan, zertarako eta udalek sarbide librerako deitzen diren lanpostuen gehienez ere % 20 erreserbatu ahal izateko Indar Armatuetan zerbitzuan bost urte baino gehiago eman dituzten tropako eta marineltzako militar profesionalentzat, bete gabeko plaza erreserbatuak deialdiko gainontzekoei gehituta, Nafarroako Poliziei buruzko Foru Legean ezarritako baldintza guztiak beteta". Izan ere, UPNk, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo Navarra-Zurekin Nafarroak aurka bozkatu dute, eta PPNk, Talde Mistoak eta atxiki gabeko parlamentariak, berriz, alde.

 

Mozioak bazuen bigarren puntu bat ere, zeinetan eskatzen baitzen "militarrek Indar Armatuetan emandako zerbitzu-denbora merezimendu gisa har dadin udaltzaingoetan sartzeko deialdietan eta hautapen-sistemetan". UPNk horren alde bozkatu du.

 

Hirugarren puntuan, berriz, Nafarroako Gobernuari eskatzen zitzaion hartu beharreko neurriak har ditzan, Nafarroako Segurtasun Eskolak poliziaren, segurtasunaren nahiz larrialdien arloko prestakuntzari buruzko lankidetza instituzionala sustatu ahal izan dezan Indar Armatuetako, Guardia Zibileko eta Polizia Kidego Nazionaleko eskolekin. Puntu horrek aurrekoen babes bera izan duenez, ezetsi egin da.

 

Talde Mistoak aurkeztutako mozioaren zioen azalpenak gogora zekarren administrazio erregionalei dagokiela "gaitzea merezimendua izan dadila gure militarrek Indar Armatuetan emandako zerbitzua", tokiko poliziei buruzko erregelamenduak bete beharko dituen arau-esparruak ezarriz.

 

Horri dagokionez, talde proposatzaileak zioen Nafarroan, beste autonomia-erkidego batzuetan ez bezala, 23/2018 Foru Legeak ez duela aukerarik ematen plazak erreserbatzeko zerbitzuan bost urte baino gehiago eman duten tropako militarrentzat. 

 

Talde horren ustez, "Espainiak ez ditu abandonatu behar bere bizitzako urterik onenak Armadan Aberriaren zerbitzuan eman dituztenak; hortaz, hala Nazioak nola gure erregioak bermatu egin behar dute Indar Armatuetan Aberria zerbitzatzeko ohorea eta emandako denbora".