Noiz argitaratua Ostirala, 2019.eko Urtarrilak 11

Ez dira onartu Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako Foru Lege proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak

UPN, PSN eta PPNk zehaztasunik eza, funtzionaltasun arazoak eta adostasun urria alegatu dituzte, eta Geroa, Bildu, Podemos-Orain Bai eta I-Ek eskualdea defendatu dute egituraren ardatz berri gisa

Gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak baztertu egin ditu Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako Foru Lege proiektuari buruz UPNk, PSNk eta PPNk aurkeztutako osoko zuzenketak. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta IEk zuzenketen aurka bozkatu dute.

 

UPN talde parlamentarioak aurkeztutako osoko zuzenketaren arabera, Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako Foru Lege proiektua “bidegabea” da, zehaztasunik ez izateaz gainera ez dituelako betetzen “udal autonomiaren, subsidiariotasunaren eta finantzen nahikotasunaren” printzipioak, kolokan jartzen dituelako “elkartasuna eta lurralde-oreka”, eta ez duelako bermatzen “ez zerbitzu publikoen hobekuntza ez enplegu publikoaren egonkortasuna”.

 

Horregatik, nahiz eta Toki Administrazioa erreformatu beharra dagoela aitortu —“denbora luzea eskaini zaio gai hori lantzeari”—, UPNk uste du tokiko planta berri baten antolaketa, kasu honetan eskualdearen bitartez, udalez gaindiko entitate berritzat hartuta, “presarik gabe eta ahal den adostasun handienarekin” egin beharreko lana dela. Esparru horretan, “efizientzia areagotzeko eta bikoiztasunak deuseztatzeko ezinbestekoa da toki entitate desberdinen eskumen-esparrua zehaztea”, eta UPNren iritziz ez da eskakizun hori betetzen Gobernua aldezten ari den arauan.

 

Hala, ohartarazten du “udalen eskumenak ahuldu” egin direla eta horrek, eskualdeen sorrerarekin batera, “udalen eta kontzejuen desagertzea” ere ekar dezakeela. Ondoren, UPNk proiektua Gobernuari itzultzea planteatzen du, ez duelako bermatzen “ez kudeaketa publikoaren efizientzia handiagoa, ez enplegu publikoaren egonkortasun handiagoa”.

 

Amaitzeko, azpimarratu egiten du, “langileak, ondareak, gerakinak, zorrak eta eskubideak eskualdatzeari buruzko zehaztasunik ezak eta testuan bertan aurreikusten diren garapen-epeak” ikusita, “tartean udal eta foru hauteskundeak direla, Legea betetzen ezinezkoa” gertatuko dela.

 

Ildo beretik, PSN talde parlamentarioak aurkeztu duen osoko zuzenketan zalantzak aipatzen dira, bai finantzaketa-sistemak bai eskumenak banatzeko sistemak eragindakoak udalen bideragarritasunaren inguruan eta egituraren ardatz berri gisa eratu nahi diren eskualdeen funtzionaltasunaren inguruan.

 

Hori dela eta, Toki Administrazioa birmoldatzeari ekiteko beharra onartzen da, “udalez gaindiko entitateen ugaltze gehiegizko eta, kasu batzuetan, eragingabeari” amaiera emateko, baina errefusatu egiten dira “lege honek oinarrizkotzat jotzen dituen funtsezko helburuak, ezin direlako lortu”, eta, proiektua bazter dadila eskatzeko, argudiatzen da “ez dela bildu behar adina babes, ez soziala, ez politikoa”.

 

PPNko foru parlamentarien elkarteak dioenez, bestalde, legeak “toki administrazioen autonomia mugatzen du, ez dakar finantzaketarik, gastu gehiago sortuko ditu, eta, konstituzio-kontrakotasuneko printzipioak izan ditzakeenez, segurtasun juridikorik eza sor dezake”.

 

Esparru horretan gaineratzen denez, “legeak ez du ez zehazten ez argitzen zer gertatuko den egungo mankomunitateen aktiboekin, kontzejuak suntsitzen ditu eta erreferente den Iruñerriko Mankomunitatea ere suntsitzen du, eta ez dio egonkortasunik ematen enplegu publikoari, idazkari eta kontu-hartzaileak barne; hori dela eta, haren aplikazioa edo ezinezkoa izanen da edo gatazka ugariren iturria izanen da. Toki Administrazioari buruzko ikusmolde gaurkotuarekin bat ez datorren proiektua da. Guztiz alderantziz, lurralde-orekaren haustura sakona eraginen du, ez baitu ez zerbitzuen prestazioa hobetzen, ez toki entitateen finantzaketa gabezia konpontzen”.

 

UPN, PSN eta PPNren planteamenduaren aurrean, Nafarroako Gobernuak araudia eguneratzearen alde egin du: “Etorkizuneko eskualdeen eraikuntzak toki maparen berrantolaketa dakar, eskumenen egikaritzaren birmoldaketarekin eta finantzaketa-sistema berri baten definizioarekin bat”. Horrek guztiak, azpimarratzen denez, “toki autogobernua indartzea, zerbitzuen estaldura hobetzea eta lurralde-desorekak murriztea” du helburu.

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Izquierda-Ezkerrak bere egin dute aldaketa proposamena, aldarrikatzen diren aldaketa selektiboen azpian dagoen filosofiaren balioa aitortu dute eta lehentasunezkotzat jotzen duten araudi horren inguruko adostasun zabala nabarmendu dute.

 

Gobernuari itzultzea baztertuta, Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako Foru Lege proiektua irizpenpean jarriko da Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Batzordean, eta berriz aurkeztuko da Osoko Bilkuran behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko.