Ezetsi egin da mozio bat, Espainiako Gobernua premiatzen zuena albait lasterren berrikus dezan albaitari-medikamentuen gaineko araudia
UPNren ekimenak, PPNren babespean soilik, beharrezkoak ez ziren murrizketak kendu behar zituen, landa- eta hiri-inguruneko arretaren bideragarritasuna eta sendagaien erabileraren segurtasuna bermatzeko
Nafarroako Parlamentuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordeak mozio bat ezetsi du gaur, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek aurkako botoa emanda eta UPNk eta PPNk, berriz, aldekoa, non Espainiako Gobernua premiatzen baitzen “albait lasterren berrikus dezan 666/2023 Errege-dekretua, albaitari-arretaren arlo guztien bideragarritasuna bermatzeko; horretarako, kendu eginen dira alferrikako murrizketak eta bermatu eginen da abereentzako nahiz lagun egiteko animalientzako albaitari-medikamentuak egoki eskuratu ahal izatea”.
Ezetsitako mozioak bigarren puntu bat zuen, eta, bertan, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari honako hau eskatzen zitzaion: «Lagun egiteko animalien albaitaritza-elkargoekin eta abeltzaintza-sektoreko ordezkariekin, albaitaritza-klinikekin eta albaitaritza-medikuntzarekin hitz egitea, bai eta farmazialarien elkargo ofizialekin eta osasun-agintari eskudunekin ere, araudia sektorearen benetako beharretara egokitzeko, albaitaritzako sendagaien erabileraren segurtasuna eta landa- eta hiri-inguruneko osasun-arretaren bideragarritasuna bermatuz».
Era berean, hirugarren atal batean, bilatzen zen “erabaki hau Nafarroako Gobernuari, Diputatuen Kongresuari, Senatuari eta nekazaritza eta abeltzaintzaren, albaitaritzaren nahiz maskota-jabeen elkarte nagusiei helaraztea”.
Zioen azalpenean, UPNk bultzatutako mozioak jasotzen zuen Nafarroako Albaitarien Elkargoa kezkatuta agertu dela errege-dekretu horrek ezarritako murrizketengatik, eta gogorarazten zuen beste autonomia-erkidego batzuek «araudi hori berrikusteko eskatu diotela Espainiako Gobernuari».
"Gure ustez, araudia ezin da oztopo izan albaitaritzaren lanbidean jarduteko, ezta abeltzaintzaren, albaitaritza-kliniken eta lagun egiteko animalien osasunerako ere", adierazi du ekimenaren titularrak.
Bilkurako buru Blanca Regúlez (Geroa Bai) izan da eta hauek guztiak joan dira: Miguel Bujanda, Yolanda Ibáñez, Isabel Olave, Félix Zapatero (UPN), Carlos Mena, Javier Lecumberri, Maite Esporrín (PSN), Txomin González, Adolfo Araiz (EH Bildu), Javier Ollo (Geroa Bai), Irene Royo (PPN) eta Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin).
• www.parlamentodenavarra.es
• Mozioa (43. NPAO, 2025-04-04koa)
Archivos adjuntos