Ezetsi egin da Nafarroako Gobernua talentua erakarri eta atxikitzera premiatzen zuen mozioa
Parlamentuaren gehiengoak ez du bat egin lehiakortasuna irabazteko eta lurraldeen arteko lehia gogorrari aurre egiteko xedez PPNk ekoizpen-sarea eraldatzeko egindako deiarekin
Legebiltzarreko Osoko Bilkurak baztertu egin du gaur mozio bat, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “talentua erakartzeko eta atxikitzeko plan integral bat bultza zezan, langile kualifikatuak eta ez-kualifikatuak lanean jartzea errazteko neurri espezifikoak jasoko zituena, bai eta enpresen benetako beharretara egokitutako prestakuntza-politika aktiboak ere”. PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek aurka bozkatu dute eta UPNk, PPNk, Talde Mistoak eta atxiki gabeko parlamentariak, alde.
Ezetsitako mozioak bigarren puntu bat zuen, eta, bertan, Foru Gobernuari dei egiten zitzaion “burokrazia administratiboa modu eraginkorrean murriztu zezan, izapideak sinplifikatuz eta enpresa-jarduerak sortzeko eta handitzeko lizentziak eta baimenak emateko epeak laburtuz”.
Hirugarren apartatu batean, Nafarroako Gobernuari erregutzen zitzaion “Nafarroako zerga-eskumenak erabat aprobetxa zitzan, Nafarroako enpresak mugakide diren autonomia-erkidegoetako enpresen baldintza berdinetan lehiatzen ahal direla bermatzeko, inbertsioari eta enpleguari kalte eginen dieten zerga-desabantailak saihestuz”.
Era berean, Foru Gobernuari eskatzen zitzaion “laneko absentismoaren kudeaketa berrikus eta hobetu zezan, gizarte-eragileekin lankidetzan, kontingentzia arruntengatiko bajekin lotutako prozedurak eta enpresa txiki eta ertainetan duten eragina bereziki ebaluatuz”,
baita ere “saltoki txikiei eta enpresa txiki eta ertainei berariaz lagun ziezaien, belaunaldi-erreleboa, digitalizazioa eta negozio horien bideragarritasun ekonomikoa errazteko neurrien bidez, funtsezkoak baitira enplegurako eta gizarte-kohesiorako”.
Esparru horretan bertan, “azpiegitura estrategikoetako inbertsioa indartu zezan” agintzen zitzaion, “errepide-sarea hobetuz, abiadura handiko trena erabakitasunez bultzatuz eta Nafarroa Europako zentro ekonomiko nagusiekin konektatuko duten nazioarteko aireko konexioak berreskuratzeko lan eginez”.
Azkenik, Nafarroako Gobernua gonbidatzen zuen “arau-garapenak, industriari buruzko etorkizuneko legeak barne, Nafarroako industria beste autonomia-erkidego batzuekiko desabantaila-egoeran jartzen ez duela bermatzera, haren lehiakortasunari kalte egiten dioten eskakizun gehigarriak saihestuz”.
Zioen azalpenean, PPN talde parlamentarioak bultzatutako mozioak “ekoizpen-sarea indartzeko, enplegua sortzen laguntzeko eta Nafarroak lan egiteko, inbertitzeko eta ekiteko duen erakargarritasuna bermatzeko” deia egiten zuen, “enpresa-lehiakortasunaren eta lan-merkatuaren arloan bizi duen egoera kezkagarriari” aurre egiteko xedez.
Hori horrela, eta “hazkunde ekonomikoa eragozten duten eta enpresa txiki eta ertain askoren bideragarritasuna arriskuan jartzen duten egiturazko arazoetatik” haratago, aipatu egiten ziren “gehiegizko burokrazia, kostu fiskalak eta funtsezko azpiegitura-urritasuna, bereziki aireko, trenbideko eta bideko konektibitatean”, eta azpimarratzen zen beharrezkoa zela “inbertsioak eta enplegua erakartzea, politika arinago eta lehiakorragoei esker”.
Gauzak horrela, eta “jaiotza-tasa baxuaren, biztanleriaren zahartzearen eta lanpostu kualifikatuak eta ez-kualifikatuak betetzeko zailtasunen” inpaktua azpimarratu ondoren, tokiko testuinguruarekin eta lurraldeen arteko lehia handiarekin bat zetorren “arau-garapen” bat gauzatzera premiatzen zen.
- https://parlamentodenavarra.es/eu
- Mozioa (9. NPAO, 2026-02-03koa).