Noiz argitaratua Asteartea, 2025.eko Martxoak 18

Ezetsia izan da mozio bat, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen paziente-ak baloratzeko tresna bat ezar zezan, erizaintzako plantillak egokitu ahal izateko

Proposamenaren egilea den UPNk eta Talde Mistoak soilik aldeztu dute ekimen jakin batzuk abian jartzeko eskakizuna, Gobernuari eusten dioten taldeen iritziz horiek dagoeneko gauzatzen baitira

Osasun Batzordeak mozio bat ezetsi du gaur, PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeen aurkako botoekin, EH Bildu eta PPN taldeen abstentzioekin eta UPNren eta Talde Mistoaren aldeko botoekin. Mozio horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “tresna bat ezar dezan, Nafarroako osasun-sistema publikoko ospitaleetako pazienteek zaintzaren arloan dauzkaten beharrizanen balorazioa etengabe egiteko”.

 

Ezetsitako mozioaren bigarren atalak hau zioen: “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du osasun-sare publikoko ospitaleetako erizainen plantillak egokitzeko protokoloak ezar ditzan, pazienteen zaintza-beharrizanen arabera”.

 

Bestalde, hirugarren atalean, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “erizaintzako giza baliabideen kudeaketari buruzko politika bidera dezan erizain bakoitzeko pazienteen ratio egokiak lortzera, horri buruz dagoen ebidentziaren arabera”.

 

EH Bilduk aldatzeko zuzenketa bat aurkeztu du, baina UPNk, ekimenaren titularrak, ez du onetsi. Zuzenketa horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “pazientea laguntza-jardueraren ardatz jotzera, laguntza-prozesu osoan arreta integrala eta integratzailea emanez”. Xede hori lortze aldera, honako hau proposatzen zen: “lantaldetan eta talde-lanean oinarritutako eredu bat sortzea: Osasun Laguntzako Lantalde Diziplinaniztunak (diziplinartekoak)”, xede izanik “ahalik eta laguntza-kalitate handiena lortzea dagokien diziplina eta profesional-kategoria guztiak koordinatuta pazientearen arreta- eta zaintza-jardueraren inguruan”.

 

Bigarren atal batean, Nafarroako Gobernua estutzen zen “Osasunbidea-NOZeko diziplina eta estamentu desberdinetako profesionalen kopurua egokitzeko irizpideak ezar ditzan, lan-kargaren arabera, bitartekoen eta xedeen proportzioa oinarri hartuta”.

 

Ezetsitako zuzenketaren hirugarren puntuan, Nafarroako Gobernuari proposatzen zitzaion bidera zezala “giza baliabideen kudeaketako bere politika langile-paziente ratio egokiak, plantillaren fidelizazioa eta aldi baterakotasuna murriztea lortzera. Arreta-beharren arabera zehaztutako plangintza batekin, eta osasun-antolaketatik erantzun koordinatua emanez behar horiei. Laguntza-lanetan edo laguntza logistiko/administratiboko lanetan parte hartzen duten profesional-kategoria guztiak aintzat hartuta, kalitate-estandar errealak, ebaluagarriak eta auditagarriak lortzeko”.

 

UPN TPak sustatutako mozioaren zioen azalpenean, gogorarazten zen zenbait azterlanek agerian utzi dutela erizaintza-langileak behar bezala planifikatzea lagungarria dela emaitza klinikoak hobetzeko, konplikazioak murrizteko eta ospitale-egonaldiak laburtzeko.

 

Talde proposatzailearen iritziz, “Kasu askotan, erizaintzako langileen banaketa ez da egiazko lan-zaman eta laguntzaren konplexutasunean oinarritutako irizpideen arabera egiten Nafarroako sistema publikoko ospitaleetan”.

 

“Hori horrela, ezinbestekoa da neurriak hartzea erizaintzako giza baliabideen kudeaketa optimizatzeko, plantillen plangintza egiten denean irizpide objektibo eta eguneratuak ezarriz”, ondorioztatzen zuen UPNk bere ekimenean.

 

Mikel Asiain (Geroa Bai TP) izan da batzordeburu, eta bertan izan dira honako hauek ere: Leticia San Martín, Cristina López, Pedro González, Raquel Garbayo (UPN TP), Maite Esporrin, Kevin Lucero, Javier Lecumberri (PSN TP), Txomin Domínguez, Javier Arza (EH Bildu TP), Isabel Aranburu (Geroa Bai TP), Irene Royo (PPN TP), Daniel López (Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa TP) eta Emilio Jiménez (TM).

 

Archivos adjuntos

Archivo adjuntoEnmienda EH Bildu, no aceptada