Noiz argitaratua Osteguna, 2025.eko Martxoak 20

Ezetsia izan da mozio bat, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen zama administratiboak sinplifikatzera eta Administrazioan burokrazia murriztera

Hori guztia, kexak gutxiagotzeko, bikoiztasunak ekiditeko eta zerbitzu publikoen ematea optimizatzeko, arloko Ministerioaren eta zazpi enpresa-entitateren arteko akordioaren ereduari jarraituz

Parlamentuaren Osoko Bilkurak mozio bat ezetsi du gaur, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeen aurkako botoekin, UPNren abstentzioarekin, eta PPNren, Talde Mistoaren eta atxiki gabeko parlamentariaren aldeko botoekin. Mozio horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “plan estrategiko bat taxutu dezan zama administratiboak sinpletzeko eta murrizteko neurriekin, Administrazio Publikoan burokrazia murrizteko”.

 

Ezetsitako mozioaren bigarren puntuan, Foru Gobernua premiatzen zen dekretu bat egin zezan, “herritarrak zerbitzu publikoetan bitarteko elektronikoen bidez nola sartu arautzeko, Foru Komunitateko Administrazio orokorraren Interneteko presentzia arautzeko, horren kudeaketaren erantzukizunak eta eginkizunak ezartzeko eta webguneen nahiz gailu mugikorretako aplikazioen eskuragarritasuna bermatzeko”.

 

Era berean, hirugarren atalean, honako hau eskatzen zitzaion Nafarroako Gobernuari: “Profil teknologikoak bultzatzea administrazioaren barruan, bai eta horien lanbide balorazioa eta karrera ere”. UPNk soilik aldatu du bere boto-jarrera, alde agertu baita.

 

UPNk aldatzeko zuzenketa bat aurkeztu dio lehenengo apartatuari, baina ekimenaren titular den PPNk ez du onetsi. Aldaketaren xedea zen epe bat ezartzea plan estrategikoa egiteko, eta finkatzea bukatuta egon beharko zuela “maiatzaren 31 baino lehenago”.

 

PPN TPak sustatutako mozioaren zioen azalpenean, Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikoaren Ministerioak eta enpresaburuen nahiz gizarteko zazpi elkartek (CEOE-Cepyme, Espainiako Merkataritza Ganbera, CERMI, ATA, CEPES, UPTA eta PMP) duela bi urte sinatutako akordioaren emaitzak aipatzen ziren, Administrazioan zama burokratikoak murrizte aldera ezarritako hobekuntzen lorpenen garrantzia azpimarratzeko.

 

Hori horrela, proposatzaileak azpimarra jartzen zuen izapideen sinpletzean, epeak murriztean, datu-bitartekaritzan, aplikazioak erabiltzeko gidaliburuetan, faktura elektronikoan eginiko hobekuntzetan eta erabiltzaileen arretan eta horientzako informazioan eginiko ahaleginean (presentziala eta telefono bidezkoa), kolektibo zaurgarriei dagokienez bereziki. Bukatzeko, adierazten zuen bide horri jarraitu behar zaiola Nafarroan “kexak gutxiagotzeko, bikoiztasunak ekiditeko eta zerbitzu publikoen ematea optimizatzeko”.

 

 

 

Archivos adjuntos

Archivo adjuntoEnmienda UPN no aceptada