Eztabaidatutako 23 ebazpenetatik 7 onetsita, amaiera eman zaio Komunitatearen egoerari buruzko 2022ko eztabaidari
Legebiltzarrak konpromisoa hartzen du ongizatearen estatua aldezteko, oinarrizko zerbitzu publikoak indartzea bilatzen duten zerga-parametro berrien bidez, autogobernutik ere abiatuta
Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak Foru Komunitatearen Egoerari buruzko 2022ko Eztabaidan jorratu diren 23 erabaki proposamenetatik 7 onetsi ditu. Haietako hiru, "aniztasun politikari, trantsizio ekonomiko eta digitalari eta berdintasunari buruzkoak", PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk adosturiko ekimenen ondoriozkoak dira. I-Ek, bestetik, bakarrik osasunaren gainekoa sinatzen du.
Onetsitako erabaki-proposamenen zerrenda:
PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk adostutako erabaki-proposamenak
Lehen erabaki-proposamena
1. Nafarroako Parlamentuak adierazten du bere nahia dela Nafarroako hurrengo Gobernua gure erkidegoan dagoen aniztasunean oinarrituta eratzea, eta gobernu aurrerakoia, soziala, feminista, ekologista eta europazalea izatea, pertsonak izanen dituena ekintza politikoen ardatz, Nafarroako Foru Komunitateak aurrera egin dezan mundu-mailako erronka handietan.
2. Horretarako, Nafarroako Parlamentuaren iritziz, ezinbestekoa da fiskalitate-eredu progresibo eta birbanatzaile bat ezartzea, irabazi handieneko pertsonek eta enpresek ahalegin fiskal handiagoa egin dezaten, eta behar handiena dutenek laguntza gehiago jaso dezaten; gainera, gure autogobernua oinarri hartuta, baliabide publikoen nahikotasuna bermatu behar du, ongizate-sistema sendotze aldera, aukera-berdintasunerako tresna den heinean.
PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren kontrako botoekin onetsia.
Bigarren erabaki-proposamena
- Klima aldaketaren arloan, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du honakoetara:
1. Deskarbonizazioa sustatzera, energia berriztagarrien eta efizientzia energetikoaren bidez, ingurune guztietan. Toki entitateekin lankidetzan jardutera, energia-aurrezpenerako eta -efizientziarako neurriak abiarazteko eta energia berriztagarrien aldeko apustua egiteko.
2. Biltegiratzea eta energia alternatiboak sustatzera, hala nola hidrogenoa.
3. Lehentasuna ematera ekonomia zirkularreko eredu jasangarri baterantz iragateari, 0 hondakin helburua aintzat hartuta, eta urrezko 4 arauetan oinarrituta: murriztea, berrerabiltzea, konpontzea eta birziklatzea.
4. Honako hauen aldeko apustua egitera: eraikinen birgaitze energetikoa; hiri-berroneratzea, hiri finkatua, auzoak eta herriak leheneratzeko; eta eraikuntza jasangarri berria prozesu industrializatuetan, eraikuntza-prozesuak goitik behera aldatzen laguntzeko.
5. Ingurumenaren eta biodibertsitatearen babesa sendotzera, ekosistema guztiak eta horietan bizi diren espezie guztiak zaintzen direla bermatzeko, bai eta klima-aldaketaren inpaktuaren ondorioak minimizatzeko faktore gisa ere.
6. Lehen sektorearekin lankidetzan jardutea, nekazaritza ekologikoa sustatzeko, eta gure tokiko ekoizleak eta animalien ongizatea babestea, oreka lortzeko bidean, jomuga elikadura-subiranotasunean jarrita.
7. Landa-eremuetan digitalizazioa eta berrikuntza sustatzea, eremu horien despopulatzearen aurka borrokatzeko eta landa-eremuetan bizi-kalitate duina bermatzeko ardatz estrategiko diren heinean.
8. Mugikortasun-eredu jasangarriagoa sustatzera, lehentasuna emanez garraio publikoari eta gutxien kutsatzen duten garraiobideei.
- Azpiegitura teknologikoen arloan, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du honakoetara:
1. Banda Zabalaren Planean xedatutakoa burutzera, eta Nafarroak biztanleriaren %100ek banda zabala izatea lortzera, legegintzaldiaren hasieran ezarritako epeak aurreratuz, eta herritarrei beharrezko konektibitatea eskainiz gure lurraldeko edozein lekutan bizi direla ere; horrela, enplegua, osasuna, hezkuntza, aisialdia eta beste hainbat gauza lortzeko aukera-berdintasuna bermatuko zaie.
2. Inklusio eta Gaikuntza Planean xedatutakoarekin jarraitzera, beharra duten herritar guztiak barnean hartuz, horren ezagutza eta hedapena sustatuz, Nafarroako Gobernuko departamentuekin elkarlanean, gertatzen ahal diren kasu guztiak hautemateko, eta, horrela, irtenbide bat eman ahal izateko.
3. 2030erako Nafarroako Estrategia Digitalean sartutako datuetan oinarritutako bilakaera teknologikoarekin jarraitzera, “datuetan oinarritutako erabaki” ahalik eta gehien hartzen ahaleginduz eta adimen artifizialaren parametrizazioa eta erabilera ustiatzea sustatuz, gure erkidegoan forma emanez Nafarroako Gobernu osoaren lankidetzari, Datuaren Bulegoaren eta Adimen Artifizialaren arloko Ikerketarako Nazioarteko Zentroaren inguruan.
4. Nafarroako Gobernuaren IKT azpiegitura guztiaren “green” erabilera egitera, ingurumenarentzat onuragarria den ardatz bat eraikiz, azpiegitura teknologiko berdea erabiliz, errespetuzkoa, energetikoki efizientea, eta Europak eta NBEk arlo horretan ezarritako berme guztiak beteko dituena, kontuan hartuta, oro har, Nafarroako Foru Komunitate osoko azpiegitura publikoak, izan Gobernuarenak, toki entitateenak, enpresa publikoenak, ikerketa-zentroenak edo unibertsitateenak. Energia-kontsumoa da gakoetako bat; kalkulatzen da mundu osoko prozesu-zentroek munduko energia ekoizpenaren %1 behar dutela IT zerbitzuak emateko. Nafarroa ere horren parte da, eta ulertzen dugu ekarpenak egiten ahal ditugula, onartuz gure kontsumo elektrikoa murrizten ahal dela, eta gure efizientzia hobetzen ahal dela, eredugarri izan nahi baitugu gure komunitateko enpresentzat eta beste administrazio batzuentzat.
5. Nafarroako Gobernuaren eraikin publikoen biki digitalak sortzera, eta toki entitateetara ere hedatzea, gune horien energia-efizientzia nabarmen hobetzeko. Biki digital bat datuen eredu digital bat da; horri esker, prozesuak simulatzen ahal dira horiek benetan ezarri beharrik gabe, eta hori oso lagungarria da plangintzak eta kudeaketa ingurune birtualetako simulazioetan oinarritzeko. Biki digitala eskalagarria izaten ahal denez, eta SIE kudeaketa-plataforma izanez, zehazten ahal da zer lekutan den premiazkoagoa energia berriztagarriak ezartzea, edo isolamenduak sortzea eta abar. Gaur-gaurkoz, Nafarroak dagoeneko baditu biki digitala garatzeko gunea eta unitate teknikoa: Berrikuntza Digitaleko Poloa, Energiako Zuzendaritza Nagusiaren eskutik. Hortaz, hortik optimizatu beharko da eraikin publikoen kudeaketa energetikoa.
Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin eta EH Bildu eta Izquierda-Ezkerraren abstentzioarekin onetsia.
PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek adostutako erabaki-proposamena
1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Oinarrizko Osasun Laguntzarako hasitako estrategiak eta planak garatzera eta osatzera, eta izaten ari diren inpaktua ebaluatu eta horiek sakontzeko edo aldatzeko beharra dagoen aztertzera.
2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du neurri apartekoak eta koiunturalak hartzera, itxarote-zerrendak premiaz arintzera bideratuak, COVID-19aren pandemiaren ostean areagotu egin baitira; horretarako, epe motzeko eta ertaineko neurriak jasoko dituen plan bat behar da, klinikoki garrantzitsuagoak diren patologiei eta zirkuituei lehentasuna emate aldera.
3. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Osasuneko foru lege berri bat sortzeko lanak hastera, lege hori 2024. urtearen hasiera aldera argitaratu ahal izateko, eta, unibertsaltasunaren printzipio orokorrez harago, osasun-laguntzarako sarbide ekitatiboa bermatzeko, Oinarrizko Osasun Laguntzan sakontzeko, komunitatearen ikuspegitik, eta osasuna politika guztietara eramateko, osasunaren baldintzatzaile sozialetan arreta berezia jarrita. Lege horrek irtenbideak eman beharko ditu honako xede hauetarako:
- Ikuspegi propio bat Nafarroako Gobernuaren Funtzio Publikoko politikaren baitan Osasunbidean, XXI. mendeko osasunaren alorreko erronkei hobeki erantzute aldera.
- Funtzionarioak berregituratzea edo egokitzea estatutupeko izateko, edo hitzarmena Estatuarekin.
- Osasuneko eremu bakar bat sortzea, eta espezialitateetako lana hobeki antolatzea.
- Osasunaren alorreko lankidetza publiko-pribatuan irizpideak eta mugak finkatzea.
- Osasuna politika guztietan, komunitate-ikuspegiz, eta ingurumen-osasuna ere barnean hartzea.
- Osasun-arretako eredu berri bat, giza baliabideen eta baliabide ekonomikoen birbanaketa ahalbidetuko duena, eta oinarrizko osasun laguntza ardatz izanen duena, hura autonomoago eginez eta ahaldunduz.
- Osasun-arreta modernizatzea digitalizazioaren bidez, baina pertsona ardatz duen arreta neurri handiagoan gizatiartuz.
- Langileriaren alorrean, plantillak egonkortu behar dira, lanpostuak fidelizatu, lanaldiak malgutu, norbanakoaren osasun txartelak birbanatu eta estaldura zaileko lanpostuak aitortu.
- Osasun-alorreko profesional guztien ibilbide profesionalak garatzea eta aitortzea.
4. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du osasun mentalean fokua jartzera, arreta behar duten pertsonei laguntza eta konpainia ematen zaiela bermatzeko, baina pertsonengan eragin txikitzailea izaten ari diren baldintzatzaile sozialei aurre eginez eta patologia horiek garatzea ekiditen duten elementu babesgarriak sustatuz.
5. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du osasun publikoa sendotzera, aurreikusteko modukoa baita klima-aldaketaren eraginez osasun-arazo eta -larrialdi berriak, epidemia ezezagunak eta abar sortuko direla.
6. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du eremu sozio-sanitarioa garatu eta hobetu dezan, adineko pertsonentzako, mendekotasun-egoeran daudenentzako edo desgaitasuna dutenentzako etxez etxeko laguntza indartuz, bai eta etxez etxeko telelaguntzako gailuak garatu eta hobetu ditzan ere, zerbitzu horren onuradunen zaintza areagotzeko, eta zahartze aktiborako politikak sustatu ditzan.
PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren kontrako botoekin onetsia.
PSN aurkeztutako erabaki-proposamena
Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du:
1.- Landa-eremua eta hiriak elkarrekiko lotura hori ez duten bi esparru edo mundu bereizitzat dituen dikotomia hori apur dezan eta hirikoaren eta landa-eremukoaren artean dagoen arrakala hori itxi dezan, hori guztiz beharrezkoa baita.
2.-Erronka Demografikoaren Legearen onespena bultza dezan.
3.- Neurriak bultzatzen jarrai dezan, landa-eskolak gizarte-kohesiorako egituratze-elementu gisa garatzea eta sustatzea errazte aldera. Horretarako, lan egin behar dugu hezkuntzako zerbitzu osagarriak –eskola-jantokiaren zerbitzua; eskola-garraioa; haur hezkuntzaren hobekuntza; doakotasunaren zabalpena, hezkuntza-sistemaren digitalizazioa...– eskola horietako benetako kohesio- eta garapen-elementu bihurtu daitezen.
4.- Toki-esparruan berdintasuneko politika publikoak bultzatzen eta koordinatzen jarrai dezan, ezinbesteko politikak baitira landa-eremuko emakumeak ahalduntzeko eta erantzuna emateko pairatzen duten eta haien proiektu pertsonalak zailago egiten duen diskriminazio bikoitzari.
5.-Hiriarteko garraioa garatu dezan, osasun, hezkuntza, kultura eta abarreko zerbitzuak eskura izatea errazte aldera, arreta berezia jarrita garraio-txartel bateratuaren garapenari eta aurrerapenari, garraio publikoaren erabilera sustatzen baitu.
6.- Etxebizitza publikoen kopurua handitzea ahalbidetzen duten politikak garatu ditzan, etxebizitzak birgaitzearen eta alokairurako edo salmentarako etxebizitzak eraikitzearen bidez, bai eta udalerrien gune historikoak lehengoratzeko politikak ere, betiere aintzat hartuta ukitutako toki entitateak.
PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren kontrako botoekin onetsia.
EH Bilduk aurkeztutako erabaki-proposamena
Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du berehala har ditzan beharrezkoak diren baliabideak Nafarroako herritarrek arlo hauetan dituzten beharrizanak betetzeko, helburu hauekin:
- Premiazko Plan bat prestatzea, parte-hartzea izanen duena, Nafarroako osasungintza publikoak dituen erronkei aurre egitea ahalbidetuko duena, gure erkidegoko Osasun Sistema Publikoaren suspertzea modu esanguratsuan indartuz, bai giza baliabideei dagokienez (behin-behinekotasuna desagerraraziz eta plantillak Nafarroako herritarren osasun beharrizanetara egokituz), bai ekipamenduei dagokienez, bereziki oinarrizko osasun laguntzan, premia bereziko egoeran baitago.
- Nafarroak gaur egun bizi duen egoera ekonomikoan, pobreziaren datuei buruzko premiazko azterketa bat egitea eta inflazioaren eta egoera sozioekonomiko berriaren eraginez pobrezia pairatzen ari diren edo pobrezia pairatzeko arriskuan dauden pertsonen profilak identifikatzea. Azterketa horrek balio behar du Errenta Bermatuan aldaketak egiteko, pobreziaren errealitateari eta beharrizan berriei erantzute aldera.
- 0tik 18 urtera bitarteko kalitatezko hezkuntza baten aldeko apustu sendoa egitea, aukera berdintasuna bermatuko duena eta modu estrukturalean helduko diena eskola segregazioari eta hezkuntza-konpentsaziorako beharrezkoak diren neurriei.
- Etxebizitza babestuaren aldeko apustuari dagokionez, etxebizitza berrien eraikuntzatik haratago, alokairuzko etxebizitzen parkea eta poltsa publikoa eta etxebizitzen zaharberritzea sustatzen jarraitzea, bai eta merkatu pribatuko alokairuaren prezioak modu eraginkorrean mugatzeko beharra aldeztea.
- Zainketen gaineko paktuan jasotakoa betetzeko prozesuaren plangintza egitea departamentu guztietan, non ezarritako diren epe labur eta luzean honako hauetarako beharko diren baliabide ekonomikoak eta materialak:
a. Zainketen Paktuan onartutako konpromisoak gauzatzeko.
b. Zainketen arloko profesionalen lana duintzeko eta beren lan baldintzak hobetzeko, bereziki hirugarren adinaren sektorean lan egiten duten pertsonen lan baldintzak.
c. Zerbitzu publiko berriak ezartzeko, xede izanen dutenak pertsona zaharrak eta/edo mendekotasuna dutenak beren gertueneko ingurunean mantentzea Nafarroako eskualde guztietan.
d. Zerbitzu publikoen eskaintza handitzeko eta pertsona zaharrentzat eta/edo mendekotasuna dutenentzat bestelako etxebizitza ereduak sortzeko, hala nola apartamentu babestuak, abegi etxeak, etxebizitza publikoak edo cohousing-a.
PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren kontrako botoekin onetsia.
Podemos-Ahal Duguk aurkeztutako erabaki-proposamenak
Lehen erabaki-proposamena
1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du landa-eremuko emakume eta emakume nekazarientzako proposamenak eta eragin- eta jarduera-esparruak identifikatzera:
- Esparru familiar-pribatuko eragina.
- Antolaketa- eta gobernantza-esparruko eragina.
- Esparru instituzionaleko eragina.
2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du gizonen eta emakumeen benetako berdintasun eraginkorrerako politika eta ekintzei ematen dien bultzada sendotzera, Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legea, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legea eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea garatzeko konpromisoan egindako aurrekontu-areagotzearen bide beretik jarraituz.
3. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du sekzio arteko eta zeharkakotasunezko politikak lantzen jarraitzera, eta departamentu guztietan horiek sendotzera, berdintasun-unitateen eta departamentu arteko batzordeen eskutik.
4. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du toki entitateei laguntzen eta horiek koordinatzen jarraitzera, berdintasun-politika publikoak garatze aldera, bereziki bultzatuz emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorrean Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak eta Nafarroako toki entitateak koordinatzeko batzordea sortzeko foru-dekretuaren lanketa. 17/2019 Foru Legean aipatzen da batzorde hori, erkidegoko eta tokiko administrazioek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorrean gauzatzen dituzten politikak eta programak koordinatzeaz arduratuko den organo gisa. Foru dekretu proiektu horren xedea da, orobat, koordinaziorako batzorde horren funtzioak, osaera eta funtzionamendu-araubidea xedatzea.
5. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du emakumeen ahalduntzerako eta parte-hartze sozial eta politikorako programak bermatzen jarraitzera, Nafarroako gizarteari zuzendutako ezagutarazte- eta sentsibilizazio-jarduerak gauzatuz jendartea ohartarazteko parte-hartze hori oso garrantzitsua dela benetako berdintasuna lortuko badugu, eta, halaber, emakumeen presentzia eta parte-hartzea sustatzera Nafarroako Foru Komunitateko erakunde politikoetan eta sindikaletan eta Nafarroako elkarteen sarean.
6. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du tokiko entitateei laguntza eta aholkularitza ematera Kontziliaziorako Tokiko Itunen programatik Zaintzen aldeko Toki Itunera iragan daitezen behar besteko finantzaketaz, eta laguntza eta aholkularitza ematera Zaintzen aldeko Toki Itunera atxiki nahi duten entitate eta organismo guztiei.
PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren kontrako botoekin onetsia.
Bigarren erabaki-proposamena
1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du ahalik eta lasterren eta erabakitasunez bultza dezan berriz aztertu daitezela –oraindik ere ez baita egin– Nafarroako erakundeek erregimen frankistari emandako babes edo laguntzaren ondorioz onura ekonomiko handiak –edo bestelakoak– lortu zituzten agintari eta pertsona guztiei egindako omenaldi, aintzatespen eta kondekorazio oro.
2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du behar diren mugimendu politiko guztiak egin ditzan Erorien Omenezko Monumentua –Estatuko bigarren monumentu frankistarik handiena– Memoria Demokratikoaren Legean berariaz jasota datorren inbentarioan sartu eta monumentu babestuaren katalogazioa galtzeko.
PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren kontrako botoekin onetsia.
Ezetsitako erabaki-proposamenen zerrenda:
Navarra Sumak aurkeztutako erabaki-proposamenak
1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du, gure foru araubidearen arabera dagozkion ahalak erabiliz, zerga-neurriak ezar ditzan, horien artean nahitaez PFEZaren eta beste zerga-parametro batzuen deflaktazio progresiboa, gutxienez azken bi urteetan metatutako azpiko inflazio-tasaren kopuru berdintsuan. Hori guztia, parametro horien balio nominala Legean modu iraunkorrean doitzeko, horrela karga fiskala bat etor dadin zerga horiek ordaindu behar dituztenen benetako ahalmen ekonomikoarekin, bereziki konpentsatzeko inflazioaren ondorioz errenta ertain eta baxuko familien eros-ahalmenaren galera.
PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguren aurkako botoekin eta Navarra Sumaren eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin ezetsia.
Bigarren erabaki-proposamena
1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du zerbitzu publikoetan aurrez aurreko arreta berreskura dezan, pertsonek arreta-ereduari dagokionez adierazitakoa errespetatuz, Legealdi honetara arte Nafarroan beti egin izan den bezala.
2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du neurri eraginkorrak ezar ditzan, arrazoizko itxarote-denborak bermatu eta Nafarroak hainbat urtez izan zuen kalitatezko eta erreferentziazko osasun-sistema berreskuratuko dutenak.
3. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du presaz neurri eraginkorrak ezarri eta zaharren, desgaitasuna duten pertsonen eta nahasmendu mental larria dutenen itxarote-zerrendak desagerrarazteko behar diren lanpostu publikoen kopurua handitu ditzan.
PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aurkako botoekin eta Navarra Sumaren aldeko botoekin ezetsi da.
Hirugarren erabaki-proposamena
Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du hiru hilabeteko epean etxebizitza babestuaren arloan, bereziki gazteei zuzenduta, jarduketa zehatzen plan betearazle bat proposa diezaion Parlamentu honi.
Honako hauek jaso beharko ditu jarduketa-programa horrek:
a) Etxebizitza babestuak egiteko lurzorua eskuragarri egotea ahalbidetuko duten jada onetsitako edo izapidetzean dauden hirigintza-planeamendu guztien garapena eta betearazpena azkartzeko neurriak, horretarako denbora-konpromiso argiak adierazita.
b) Etxebizitza babestuen sustapena eta eraikuntza xede duten Udal, bestelako erakunde eta sektore pribatuarekin egindako hitzarmen guztien denbora-planifikazioa, arreta berezia jarrita gazteei zuzendutako jarduketetan.
c) Hirigintzaren arloko izapidetzeak azkartzeko eta epeak laburtzeko neurrien plan bat, saiheste aldera burokraziak galaraztea edo atzeratzea handituz doan etxebizitzaren arazoa konpontzea.
d) Arau-aldaketarako proposamen bat, egungo bizimodu eta gizarte-beharretara egokitutako tamaina duten etxebizitzak eskaintzeko asmoz, horrela prezio arrazoizkoagoak sustatuta.
e) Hiriguneetan etxebizitzak birgaitzeko proiektuen kolapsoa eta zailtasunak konpontzeko neurriak biltzen dituen plan bat.
PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aurkako botoekin eta Navarra Sumaren aldeko botoekin ezetsi da.
Laugarren erabaki-proposamena
1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du 2023rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan beharrezkoa den aurrekontua esleitu dezan lanaldi, ordutegi eta ordainsarien Erregelamendu bat onetsi dadin, gehienez ere lau hilabeteko epean, Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean xedatutakoa betetzeko.
2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du berehala ekin diezaion aipatu Foru Legea garatzeko gainerako Erregelamenduak egiteari.
PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aurkako botoekin eta Navarra Sumaren aldeko botoekin ezetsi da.
Bosgarren erabaki-proposamena
1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du osasun arloko profesionalen oinarrizko soldatarik onena duen Espainiako autonomia-erkidegokoarekin parekatu dezan.
2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du osasun arloko profesionalen lan-baldintzak soldatarik onena duen Espainiako autonomia-erkidegokoarekin parekatu dezan.
3. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du medikuen taldeak duen esklusibotasun osagarria ken dezan.
4. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du lanbide-karrera berrikus dezan, erizaintzako zainketa lagungarrietako teknikarien eta osasuneko teknikarien lanbide-karreraren berehalako garapena barne hartuta.
5. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du betetzen zailak diren osasun-lanpostuetarako pizgarri-sistema bat garatu eta ezar dezan.
6. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du egungo produktibitate-sistema eralda dezan pizgarri-sistema batean, oinarri hartuta emaitzak eta osasunaren arloan sortutako balioa.
PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aurkako botoekin eta Navarra Sumaren aldeko botoekin ezetsi da.
PSNk aurkeztutako erabaki-proposamena
1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du aldarrikatu eta ospa dezan LORAFNA indarrean sartu zenetik lau hamarkada pasa direla, zeinetan agerian geratu baita gure Foru Komunitatearen garapenerako funtsezko tresna dela.
2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du konpromisoa ager dezan, gure eskumenak baliatuz, ahalik eta akordiorik zabalenak lortzeko lanean jarrai dezan nafarrentzat ongizate-maila handiagoak eskuratzeko, horretarako ezinbesteko tresna gisa erabiliz gure zerga-araubidea.
3. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du gure autogobernuan sakontzen jarrai dezan, LORAFNAn eta Konstituzioan aitortuta eta oraindik eman gabe dauden transferentziak egikaritzeko, Konstituzioak ezarritako esparruaren barruan eta erakunde-errespetu, -elkarrizketa eta -leialtasunarekin.
4. Nafarroako Parlamentuak bere borondatea adierazten du esparru instituzional ahalik eta partekatuena lortzeko, Nafarroaren aniztasuna eta dibertsitatea errespetatuko duena, berezitasunaren kudeaketak herritar guztiendako gizarte-kohesio handiagoa ekar dezan.
PSN, Podemos Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin, Geroa Bairen abstentzioarekin eta Navarra Sumaren eta EH Bilduren abstentzioekin ezetsi da.
Geroa Baik aurkeztutako erabaki-proposamenak
Lehen erabaki-proposamena
1. Nafarroako Parlamentuak ponentzia-prozesu bat abiaraziko du, Hobekuntza berritzeko prozesu bat zehazteko oinarriak ezarriko dituena, Nafarroaren estatus politikoa eguneratzeko, eskumen berriak sartzeko eta aurrerapausoak emateko eskubide sozialen aitorpenean.
2. Nafarroako Parlamentuaren iritziz, herritarrek izan behar dute prozesu horren protagonista, eta konpromisoa hartu du prozesuarekin batera eztabaida sozial eta parte-hartzaile zabala gauzatzeko autogobernuari buruz eta hori eguneratzeari eta XXI. mendera egokitzeari buruz.
3. Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat jotzen du LORAFNAri etorkizunean eginen zaion eraberritzea herritar nafarren berrespenaren mende jartzea.
4. Nafarroako Parlamentuak beharrezko neurriak bultzatzen jarraituko du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Foru Legea osoki bete dadin, eta Estatuak artean transferitu ez dituen eskumenei buruzko negoziazioa aldarrikatzen du, horretarako behar diren eskualdaketak burutzeko.
5. Nafarroako Parlamentuaren iritziz behar-beharrezkoa da Nafarroak eta Estatuak etorkizunean izanen dituzten harremanak zinezko aldebikotasunean oinarritzea.
Navarra Sumaren eta PSNren aurkako botoekin, eta Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin ezetsi da.
Bigarren erabaki-proposamena
Gobernuak, hilabete bateko epean, Nafarroako Energia-trantsizioaren Agentzia sozietate publikoa sortzeko lege-proiektua aurkeztuko dio ganbera honi; sozietate horrek honako eginkizun hauek izanen ditu, gutxienez:
a) Nafarroako Energia Plana osoki betearazteko behar diren ekintzak garatzea, plan horretan jasotako xedeak betetzen direla zaintzea eta horien betetze-mailaren jarraipena egitea. Nafarroako Energia Plana proposatzea, diseinateza eta lantzea, bai eta egoki irizten diren horren aldaketak ere.
b) Foru-erkidegoan energia berriztagarriak ekoizteko sistemak, autokontsumorako eta generazio banaturako sistemak, energia biltegiratzeko edo kudeatzeko sistemak, ibilgailu elektrikoak kargatzeko sistemak, mugikortasun iraunkorreko proiektuak eta antzekoak ezartzea sustatzea eta horiek kudeatzea.
c) Bere xedeak betetze aldera, inbertsio zuzenak egiten ahalko ditu, edo maileguen, abalen edo beste tresna batzuen bidez lagundu entitate publikoen inbertsioak, SODENA-Nafarroaren Garapen Sozietatearekin eta NII-Nafarroako Inbertsio Institutuarekin koordinatuta. Entitate pribatuen inbertsioen kasuan, laguntza eta parte-hartzea erabakitzerakoan, lehentasuna emanen zaie irabazi asmorik gabeko entitateen inbertsioei, eta halakotzat joko dira energia-komunitateek egindakoak.
d) Energia elektrikoa lehia askearen araubidean merkaturatzeko jarduera garatzea, autokontsumo instalazioen energia soberakinen salmenta kudeatzea, kontsumo datuak jaso eta analizatzea eta sistema elektrikoaren eskariaren kudeaketa adimendunean eta beste zerbitzu batzuetan parte hartzea, hori guztia Nafarroako administrazio publikoei eta haren sektore publiko instituzionalari zuzenduta.
e) Bere ekimenez edo sektore pribatuko beste enpresa batzuekin lankidetzan, energiaren esparruan aitzindariak eta estrategikoak izanen diren proiektuak garatzea foru-erkidegorako.
f) Energia aurreztera, energia-efizientziara eta energiaren kudeaketa adimendunera bideratutako jarduerak proposatzea, adostea eta gauzatzea; autokontsumorako eta generazio banaturako energia berriztagarriak erabiltzea sustatzea, tokiko baliabideen eta berriztagarrien kudeaketa iraunkorraren bidez; eta garraio elektrikoaren eta zero emisioko ibilgailuen erabilera bultzatzea.
g) Teknologia eta sistema energetikoei, kontsumo energetikoarekin lotutako ohiturei eta sektore ekonomiko desberdinen kalteberatasunari buruzko azterlanak eta txosten teknikoak egitea.
h) Erkidegoko, estatuko eta nazioarteko lehia-proiektuetan parte hartzea, agentziaren funtzio eta helburuekin lotutako ekimenak abiarazteko.
i) Energiaren esparruko aholkularitza eta laguntza teknikoa ematea administrazio publikoei, erkidegokoei zein tokikoei.
j) Herritarrentzako informazio- eta sentsibilizazio-kanpainak egitea, energia herritarren artean demokratizatzera bideratuak, eta aholkularitza eta prestakuntzako tresnak eta tresna teknikoak ematea herritarrei, energia-alorrean.
k) Herritarren parte-hartzea ahalbidetzea entitateak sustatutako energia-proiektuetan, horien diseinuan zein finantzaketan.
l) Energiaren eta klima-aldaketaren alorretan profesionalak prestatzea sustatzea.
Navarra Sumaren eta PSNren aurkako botoekin, eta Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin ezetsi da.
EH Bilduk aurkeztutako erabaki-proposamenak
Lehen erabaki-proposamena
Foruen Hobekuntza onartu zenetik 40 urte bete direnean, Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat jotzen du eztabaida politiko eta sozial bat irekitzea arau hori eguneratzeko, XXI. mendeko Nafarroako gizartearen erronkei eta beharrizanei erantzun diezaien eta Nafarroako herritarrek, subjektu politiko diren heinean, eskubidea izan dezaten gure esparru juridiko-politikoa eta, ondorioz, Estatuarekiko eta gainerako euskal lurraldeekiko harremanetarako eredua bozkatzeko.
Navarra Sumaren eta PSNren kontrako botoekin, I-Eren abstentzioarekin eta Geroa Bairen, EH Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin baztertu da.
Bigarren erabaki-proposamena
Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat jotzen du oraingo egoerak eskatzen duen anbizioarekin jokatzea klima aldaketari aurre egiteko.
Hori dela eta, Nafarroako Gobernua premiatzen du:
1. Trantsizio energetiko planifikatu, antolatu eta demokratiko bati ekin diezaion 2030erako Nafarroako Energia Planaren berrikusketaren barruan.
2. 2023ko urtarrilaren 31 baino lehen igor dezan Nafarroako Energia Agentzia sortzeari buruzko foru lege proiektua. Hauek izanen dira legearen oinarrizko helburuak:
- Efizientzia, kudeaketa eta aurrezpen energetikoaren arloan jarduketak sustatzea eta egitea, baita energia berriztagarriak sustatzeko jarduketak ere.
- Energia merkaturatzea aplikatu beharreko araudiarekin bat.
- Klima aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko azterlanak eta analisiak egitea.
- Eremu instituzional guztietan ekimen energetikoa sustatzeko esku hartzea, bereziki Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan efizientzia energetikoa sustatzeko.
3. Fiskalitate ekologikoa sustatzea, ingurumenari dagokionez positibotzat jotzen diren portaera aldaketak sustatzeko bitarteko gisa erabil dadin sistema fiskala, eta, edonola ere, printzipio hau ardatz hartuta jokatuta: kutsatzen duenak ordaintzen du, eta gehiago duenak gehiago ordaintzen du.
4. Parte-hartze publikoa sustatzeko mekanismoak ezartzea, gizarteak klima aldaketari buruzko erabakiak har ditzan. Hortaz, Nafarroako administrazio publikoek elkarlanean aritu behar dute gizarteko sektore guztiekin, sektore horiek gaitu eta ahalduntzeko, gai izan daitezen klimari dagokionez neutroa eta erresilientea den gizartea erdiesteko trantsizio sozial justu eta bidezkoa lortzeko ekintzak egiteko.
5. Neurri eraginkorrak hartzea benetako ekonomia zirkularra lortzeko. Horretarako, aldaketak sustatu behar dira Nafarroako herritarren kontsumo ohituretan, hurbileko produktuak eta zirkuitu laburrak sustatu behar dira, baita ahalik eta isurketa gutxieneko produktuen kontsumoa ere.
6. Udal autonomia, abeltzaintza tradizionalaren ohitura estentsiboak eta ingurumena errespetatzea Erdiz alderdian paratu nahi den meatze-proiektuari dagokionez.
7. Nekazaritzaren trantsizio ekologiko bati ekitea, elikadura-subiranotasunerantz, eta nekazaritza-eredu autonomo eta jasangarriagoak bilatzea, jendearentzako elikagaiak tokian-tokian ekoiztuko dituztenak.
Navarra Sumaren, PSNren eta Geroa Bairen aurkako botoekin, eta EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin ezetsi da.
Hirugarren erabaki-proposamena
Nafarroako Parlamentuak uste du bizikidetzaren oinarria pluraltasuna errespetatzea eta pertsona guztien eskubideak bermatzea dela. Ildo horretan, Nafarroako Gobernua premiatzen du:
1. Behar diren baliabideak berma ditzan emakume eta gizonen arteko berdintasunaren, LGTBI+ kolektiboaren eta indarkeria sexistari aurre egiteko borrokaren arloko politikak eta foru legeak garatzeko, eta xenofobiari eta arrazakeriari aurre egiteko baliabideak bideratzeko.
2. Pentsio baxuenak arlo fiskalaren bidez osatzen jarrai dezan, Nafarroako errealitatera egokitzeko.
3. Kohesio sozialaren, berdintasunaren eta Nafarroako herritar guztien hizkuntza-eskubideen errespetuaren alde egin dezan. Beste neurri batzuen artean, departamentu guztien hizkuntza-planak onetsiko dira sei hilabeteko epearen barruan beranduenez, eta hizkuntza-eskakizuna behar duten plazak zehaztuko dira, eta zirkuitu elebidunak ezarriko dira hala eskatzen duten herritarrei zerbitzua euskaraz ematen zaiela bermatzeko.
4. Gizarte inklusibo eta kulturaniztunaren alde egin dezan, pertsona guztien eskubideak errespetatuta.
5. Aurrera egitea torturaren biktimen eta eskuin muturreko taldeek edo talde parapolizialek edo funtzionario publikoek eragindako estatu-indarkeriaren biktimen errekonozimenduan eta erreparazioan eta Errekonozimendu eta Erreparaziorako Batzordea aktibatzeko beharrezkoak diren baliabideak jartzea.
6. Apustu sendoa egitea Nafarroako gazteek pairatzen dituzten berariazko errealitateei erantzuteko, bereziki etxebizitzaren, enpleguaren, hezkuntzaren, kulturaren eta aisialdiaren alorretan, parte-hartzerako bideak indartuz.
Navarra Sumaren eta PSNren aurkako botoekin, eta Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin ezetsi da.
Laugarren erabaki-proposamena
Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du irmo egin dezan hauen alde:
1. Aberastasunaren birbanaketan aurrerapausoak ematearen alde, gizartearen kohesioa eta berdintasuna lortzeko elementua den heinean. Hazkundearen logika baztertu, eta banatzearen logika sustatu behar da, fiskalitate justuago eta bidezkoago baten aldeko apustu irmoa eginda.
2. Lan harremanen esparru propioa ezartzearen alde eta 2012ko lan-erreformaren eduki osoa indargabetzearen alde.
3. Benetan kalitateko enplegua sortzera bideratutako politika ekonomiko baten alde, non helburua izanen baita ekoizpen eredua jasangarritasunean oinarrituta eraldatzea. Horretarako, lanaldiaren murrizketa orokor bat egin beharko da –ondorioa lanaren banaketa izanen litzateke– eta enplegua lortzeko aukera berdintasuna bermatzen duten mekanismoak ezarri behar dira.
4. Enpleguari eta elkarrizketa sozialari buruzko esparru guztietan aldeztea Lanbide arteko Gutxieneko Soldata Nafarroako batezbesteko soldata izatea.
5. Banku publiko bat sortzeko aurrerapausoak ematea. Horretarako, Nafarroako Inbertsio Institutu sortu berriaren eginkizunak garatuko dira, etorkizunean garapen banku bat izatetik entitate finantzario bat izatera igaro dadin eta dagokion banku-fitxa lortu ondoren, txikizkako aurrezki pribatua jaso eta halako entitate gisa merkatu finantzarioak esku har dezan.
6. Langileen gaikuntzaren eta prestakuntzaren alde, ekoizpen eredu eta sektore estrategiko berriekin bat, eta langileak eredu horietan sartzearen alde.
7. Neurri berriak bultzatzea enpresek egiazko planak taxutu eta neurriak har ditzaten Nafarroak pairatzen duen lan ezbeharren eta horien ondoriozko heriotzen tasa handiari aurre egiteko. Era berean, laneko arriskuen prebentzioari eta lan ikuskaritzari buruzko tresna eta eskumen guztiak izateko aukera aktibatu eta ahalbidetu, lidergo publikotik.
Navarra Sumaren, PSNren eta Geroa Bairen aurkako botoekin eta EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin ezetsi da.
Izquierda-Ezkerrak aurkeztutako erabaki-proposamenak
Lehen erabaki-proposamena
Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du legegintzaldi honetan foru lege proiektu bat aurkez dezan Sozietateen gaineko Zerga aldatzeko, zerga horren gaur egungo tributazio baxuegia zuzentzearren.
Navarra Sumaren, PSNren eta Geroa Bairen aurkako botoekin, eta EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin ezetsi da.
Bigarren erabaki-proposamena
Nafarroako Parlamentuak erabaki du Foru Komunitatearen garapen ekonomiko eta sozialaren zerbitzura lan eginen duen Banku Publikoa sortu beharra dagoela Nafarroan, eta Nafarroako Gobernua premiatzen du helburu hori lehenbailehen gara eta bete dezan.
Navarra Sumaren, PSNren eta Geroa Bairen aurkako botoekin, eta EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin ezetsi da.
Hirugarren erabaki-proposamena
Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du bultzada handia eman diezaion, legegintzaldian geratzen den honetan, irakaskuntza publikoaren garapenari, Nafarroako Foru Komunitateko eskaintza publikoaren eta ikastetxe publikoen sarea indartzearen mesedetan, guztiontzako kalitatezko hezkuntza sozializatzailearen berme gisa, honako honetan gauzatua:
1. Haur Hezkuntzako lehen zikloko hezkuntza-eskaintza publiko bat, halako moduzkoa non bermatuko baita herritar guztiek irakaskuntza horiek jaso ahal izatea kalitate, ekitate, doakotasun eta iraunkortasun-bermeko baldintzetan, aurrera eginez hezkuntza-etapa hori Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publikoen sarean sartzeko bidean.
2. Unibertsitatez kanpoko hezkuntza-eskaintza publiko zabalagoa, honako hauen bidez:
• Onarpen-prozedura bidezkoa eta inklusiboa, gurasoen bizilekuan/lantokian eskolatze inklusiboa sustatzen duena.
• Euskarazko eta gaztelaniazko eskaintza publiko nahikoa.
• Eskola-unitate publikoak sortzea eta ez kentzea eskolatze eskaera aintzat hartuta, eta ikastetxe publikoan lekua eskatu duten ikasle guztiei eskolan leku bat bermatzea.
3. Hezkuntza-jarduerak garatzeko beharrezkoak eta nahikoak diren azpiegitura publikoak hornitzea.
4. Plan bat diseinatzea hezkuntza-testuinguruak sustatzeko eta ezartzeko, eremu bakoitzeko ikastetxe publiko ezberdinetako ikasleen bizikidetzara bideratuak.
5. Lau urterako lan publikoaren eskaintza eta hautaproben egutegia, behin-behinekotasuna gutxienez ehuneko 10era jaisteko, bai eta lan baldintzak hobetzeko eta irakaskuntzako profesionalek prestakuntza jaso dezaten aurrerapausoak ematea.
Baztertua. Ekimena hirugarren bozketan onetsi gabe geratu da, 19ko berdinketak iraun duelako aldekoen botoen (Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra) eta aurkakoen artean (Navarra Suma). PSN abstenitu egin da.
Laugarren erabaki-proposamena
1. Nafarroako Parlamentuak erabaki du erreferendum baten deialdiari babesa ematea, herritarrek monarkiaren edo errepublikaren artean aukera dezaten.
2. Nafarroako Parlamentuak erabaki du bere babesa ematea Espainiako Estatuan errepublika federal eta solidarioa eratzeko prozesu politikoa has dadin, Nafarroako herritarrek erabakitzeko duten eskubidean oinarrituta.
Navarra Sumaren eta PSNren aurkako botoekin, Geroa Bairen eta EH Bilduren abstentzioekin eta Podemos-Ahal Duguren eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin ezetsi da.