Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Martxoak 17

Familia gurasobakarrak egiaztatzeari buruzko foru legea aldaten duen foru legea

Osoko bilkuran onetsia. 2022ko martxoaren 17an

Parlamentuaren osoko bilkurak Nafarroako Foru Komunitatean familia gurasobakarrak egiaztatzeari buruzko otsailaren 7ko 5/2019 Foru Legearen aldaketa onetsi du gaur aho batez.

 

PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek bultzatutako Foru Legearen helburua guraso bakarreko familia eta guraso bakarreko familia kontzeptuen artean bi kasu berri sartzea da.

 

Zehazki, honako bi kasuei emanen zaie estaldura: batetik, “guraso batek herrialdetik kanporatzeko aginduaren bitartez kondena betetzen duenean, eta Nafarroan beste gurasoa eta haien ondorengoak geratzen direnean”. Bestetik, “jatorrizko herrialdean gurasoetako bat desagertua dagoenean gatazka armatu baten ondorioz edo migrazio-prozesuan zehar, eta Nafarroan beste gurasoa eta haien ondorengoak bizi direnean”. Egiaztatzea egingo da baldin eta familia-unitatearen dirusarrerek ez badute 1,7 aldiz gainditzen Errenta Egokiagatiko Erosahalmen Nahikotasunaren (ERREGEROSNA) adierazlea.

 

Bi egoera horiek justifikatu egin beharko dira, kanporatzeko ebazpen administratibo edo judizialaren bidez, lehenengo kasuan, eta estatuko edo nazioarteko erakunde eskudunek emandako egiaztapenaren bidez eta/edo autonomia-erkidegoko edo tokiko administrazio publikoko lehen mailako arretako gizarte-zerbitzuek emandako txosten teknikoaren bidez, bigarrenean.

 

Behar bezala egiaztatuz gero, guraso bakarreko familiaren tituluak urtebeteko indarraldia izango du.

 

Zioen azalpenean, adierazten da aldaketa honekin “muntazko arau-hutsune” bat bete nahi dela, “jatorri atzerritarreko familien eskubideak urratzen dituena eta bereziki ukitzen dituena emakumeak eta haurrak, ezen haurrei murriztu egiten zaizkie aukerak, eta berdintasunik gabe tratatuak dira”.

 

5/2019 foru legearen xedea da familia gurasobakarren aitorpena sustatzea, baita gurasobakarra izate hori behin-behineko egoeren ondorioz gertatzen denean ere, ezinbestekoak dituzten zerbitzu publikoak eskura izanen dituztela bermatzeko, ahuldade edo gizarte bazterketarako arrisku nabarmeneko egoera izaten baitute (familia horiek 18 urtetik beherako adingabeak dituzten etxeen % 12 dira).

 

Horrenbestez, guraso bakarreko familien estaldura sozial, juridiko eta ekonomikoari “espezifikotasuna” ematearen garrantzia azpimarratzen da, eta adingabeen, mendeko pertsonen eta emakumeen babes integralean aurrera egitearen alde egiten da, tipologia guztietako familiak zainduz, garapen pertsonalari eta gizarte-kohesioari laguntzeko.