Finantza-erakunde jakin batzuen interes- eta komisio-marjinaren gaineko zergari buruzko Foru Legea
Osoko bilkurak onetsi du. 2025eko urriaren 16an
Gaur, Parlamentuaren Osoko Bilkurak, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin alderdien aldeko botoarekin eta UPNren, PPNren, talde mistoaren eta atxiki gabeko parlamentariaren aurkako botoekin, Finantza-erakunde jakin batzuen interes- eta komisio-marjinaren gaineko zergari buruzko Foru Legea onetsi du, 2025eko eta 2026ko zergaldietan aplikatzeko dena.
Nafarroako Gobernuak sustatu duen foru-legeak 2025eko urtarrilaren 1etik aitzina izanen ditu ondorioak, eta helburu du arautzea kreditu-erakundeek, atzerriko kreditu-erakundeen sukurtsalek eta kredituko finantza-establezimenduek Nafarroako lurraldean egindako jardueretan lortzen duten interes- eta komisio-marjinaren gaineko zerga.
Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoak hirugarren xedapen gehigarrian ezartzen duenaren arabera, Estatuaren tributu-ordenamendu juridikoan funtsezko aldaketaren bat izaten bada, bi administrazioek, ados jarrita, elkarren arteko tributu- eta finantza-harremanak eraentzen dituen araua egokitu eginen dute.
Horretarako, foru-administrazioak eta administrazio zentralak abenduaren 26ko 28/1990 Legea aldatu zuten, iraunaldi mugatuko zuzeneko tributu hori Hitzarmen Ekonomikoan txertatzeko.
Kasu honetan, zerga-oinarria (saldoa negatiboa bada, ez dago halakorik) zuzeneko zenbatespenaren metodoaren bidez zehaztuko da, edo, bestela, zeharkako zenbatespenaren metodoaren bidez, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean ezarritakoarekin bat. Orobat, lege horri jarraituko zaio arau-hausteei eta zehapenei dagokienez.
Finantza-erakunde jakin batzuen interes- eta komisio-marjinaren gaineko zerga ezin izanen da kendu, ez sozietateen gaineko zergan, ez ez-egoiliarren errentaren gaineko zergan.
Ogasun Ministerioaren aurreikuspenen arabera —urtean 1.700 milioi biltzea espero du—, eta ontzat emanik Nafarroan diharduten finantza-erakundeen kasuan batezbesteko jakin bat (% 0,9), Nafarroak urtean 15 milioi euroko diru-sarrerak izanen dituela kalkulatu da.
Foru-komunitatearen esparruan Finantza-erakunde jakin batzuen interes- eta komisio-marjinaren gaineko zergari buruzko Foru Legea indarrean sartuko da NAOn argitaratu ondoko egunean.
- www.parlamentodenavarra.es/eu
- Foru-legearen proiektuaren argitalpena (NPAO, 105. zk., 2025eko irailaren 19koa)