Finantza-ikuspuntutik jasangarriak diren inbertsioei buruzko Planari euskarria ematen dion Foru Legea onetsi da, eta planak 113 milioiko zuzkidura du
Ekarpen handienak Hezkuntzara, Eskubide Sozialetara, Toki Inbertsioen Planera eta Garapen Ekonomikora bideratuko dira, eta zuzeneko eragin positiboa espero da finantza publikoetan
Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak Finantza-ikuspuntutik jasangarriak diren inbertsioei buruzko Plana onesten duen Foru Legea onetsi du gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN, PSN eta PPNren abstentzioekin. Planak 113.116.858,09 euroko zuzkidura du.
Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Izquierda-Ezkerrak bultzatutako foru lege hori irakurraldi bakarrean izapidetu da. Kontabilitate nazionaleko terminoetan Foru Komunitateak 2017ko ekitaldian izan duen superabita finantza-ikuspuntutik jasangarriak diren inbertsioetan erabiltzea du xede.
Irizten zaio Nafarroak betetzen dituela baldintzak, Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legean ezartzen den bezala, Aurrekontu Egonkortasunaren eta Finantza Iraunkortasunaren 2/2012 Lege Organikoaren 32. artikuluan agindutakotik salbuesteko, hau da, superabita “zorpetze maila murriztera” bideratu beharrik ez izateko.
Onartzen da, hala ere, Finantza-ikuspuntutik jasangarriak diren inbertsioei buruzko Plana Estatuaren baimena jasotzearen mendean dagoela, halaxe xedatzen baita “gastu-arauak betetzen ez diren” kasuetarako.
Finantza-ikuspuntutik jasangarria den inbertsiotzat jotzen da epe luze batean inpaktu “positibo, zuzen eta egiaztagarri bat duena finantza publikoen jasangarritasunean eta ekonomiaren hazkunde potentzialean”. Zehazki, aipatzen da inbertsioak eragin positiboa izanen duela “klima-aldaketarako, efizientzia energetikoa lortzeko edota gastu errepikakorrak saihesteko”, hori guztia Foru Komunitatearen eskumeneko eremuaren barruan. Ildo horretan hauxe zehazten da: “inbertsio baten bizitza erabilgarriak eta mantentzeak ez dituzte arriskuan jarriko Nafarroako Foru Komunitatearen aurrekontu-egonkortasuna eta jasangarritasun finantzarioa”.
Zehazten da “inbertsioaren eraginkortasunak eta mantentzeak ezingo duela Nafarroako aurrekontu egonkortasuna eta finantza iraunkortasuna arriskuan jarri”. Eta, PSNk eskatutakoari jarraiki, zehazten da “suberabit edo soberakina ezingo dela inbertsioak mantentzeko edo higigarriak erosteko erabili”. UPN eta PPNren abstentzioekin atera da aurrera sozialisten zuzenketa.
Finantza-ikuspuntutik jasangarriak diren inbertsioetan egindako gastuaren zenbatekoa ez da gastu konputagarritzat hartuko Aurrekontu Egonkortasunaren eta Finantza Iraunkortasunaren 2/2012 Lege Organikoaren 12. artikuluan zehaztutako gastu-arauaren aplikazioaren ondoreetarako.
Gastu-espedienteen hasiera eta egindako inbertsiotik heldutako betebehar ekonomiko guztien aitorpena 2018ko abenduaren 31 baino lehen egin beharko dira. Inbertsio-proiekturen bat ezin bada ekitaldi horretan guztiz betearazi, baimendutako gastuaren gainerako zatia hurrengo ekitaldian aitortu ahalko da, aurreko urteko diruzaintza-gerakinaren kargura, eta ez da horregatik defizitik sortuko hurrengo ekitaldiaren amaieran.
Legeak Toki Administrazioko zuzendariari baimena ematen dio administrazio-prozeduraren inguruko guztia zehazteko beharrezkoak diren erregelamenduzko xedapenak eman ditzan.
Foru legearen indarrez izapidetzen diren gastu-espedienteak direla-eta aldez aurreko fiskalizazioa egin beharko da. Espediente horiei oroitidazki ekonomiko berariazkoa erantsiko zaie, eta Estatuko Kontu-hartzailetza Nagusiari helaraziko zaio hori, kasua bada txostena eman dezan espedienteak honako hauen araberakoak izatearen gainean: aurrekontu-egonkortasunaren arauei, zor publikoaren arauei eta 2/2012 Lege Organikoan eta Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko 6/2018 Legearen 116. xedapen gehigarrian jasotako gainerako helburuei buruzko irizpideak. Kontu-hartzailetza Nagusiak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioa informatuko du egindako inbertsio guztiez.
Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-E taldeek sinatutako zuzenketa baten bidez, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planari lotutako obrak onartzeko prozedura ere ezarri da. Zuzenketa horren bozketan UPN, PSN eta PPN abstenitu egin dira. Hala, bada, toki entitateek bete beharreko betekizunen artean, inbertsioak 2018ko abenduaren 31rako adjudikatu beharko direla eta gehieneko ekarpen ekonomikoa finkatu baino lehen inbertsioei ekin ahalko zaiela ezartzen da.
Ez dira finantzatuko 2018 aurreko ekitaldietan gauzatutako inbertsioak, ez eta 2018ko abenduaren 31 baino geroago adjudikatutakoak ere.
Sartzeko eta gehieneko ekarpen ekonomikoa finkatzeko eskaerak 2019ko urtarrilaren 31ra arte aurkeztu ahalko dira eta ziurtagiri bat erantsiko zaie, proiektua onartu den eguna eta inbertsioa adjudikatu den eguna agertuko dituena. Horrez gain, planak estaltzen ez duen inbertsio zatia finantzatzeko xedapenari buruzko erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztu beharko da.
Epean amaitzen ez diren inbertsioak 2017-2019 aldirako TIPeko erreserbako zerrendatik kenduko dira. Obrak amaitu eta justifikazioa aurkezteko azken eguna 2019ko abenduaren 1a izanen da. Obrak ezarritako epetik kanpo amaitzen badira, zerbitzu tekniko eskudunek ikuskatuko dute behar bezala justifikatutako obra edo obra zatia, aurreikusitako erabilera publikorako erabil daitekeen edo ez zehazteko. Baiezkoan, dagokion ordainketa eginen da, eta ezezkoan, sorrarazitako zenbatekoak itzularazteko espedientea izapidetuko da.
Inbertsioak ez sartzearen ondorioz edo toki entitateek haiek gauzatzeari uko egitearen ondorioz sortzen diren errentak hornidura, saneamendu eta euri-uren sareetako inbertsioetarako erabili ahalko dira, baldin eta inbertsioaren titular den toki entitateak hasierako ekarpenik ez badauka edo kalkulatutakoa baino txikiagoa badauka, ekarpena esleitua duten beste toki entitate batzuen zolatze eta sareetarako inbertsioei lotuta badaude, eta inguruabar horrek baldintzatzen badu inbertsioaren gauzatzea. Esleipena, betiere, lehentasun ordenaren arabera eginen da.
2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Plana arautzen duen 18/2016 Foru Legearen 17. artikuluan aurreikusitako salbuespeneko araubidea ez zaio aplikatuko Finantza-ikuspuntutik jasangarriak diren inbertsioei buruzko Planari.
PSNk aurkeztutako zuzenketa batek TIPeko obrak erregulatzeko prozedura kentzeko eskatzen zuen, baina ez da onartu. UPN eta PPN abstenitu egin dira eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Ek aurka bozkatu dute.
Osoko bilkuran egindako eztabaidan Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-E taldeek aurkeztutako beste sei zuzenketa onetsi dira (guztiak UPN, PSN eta PPNren abstentzioarekin). Besteak beste, 2017-2019 aldirako TIParen hornidura 20.680.123,94 eurotik 25.706.081,41 eurora handitzea dute helburu. Gehikuntza hori ordaintzeko, Hezkuntzako partidaren funtsa 20.271.883 eurotik 16.869.203 eurora murriztu da, eta Landa Garapenekoa 1.769.000 eurotik 128.395 eurora, Aizkolegirako partida 128.395 euroraino handitzea barne dela. Gainera, 800.000 euro eta 207.622 euro gehitu zaizkie, hurrenez hurren, Erronkari Ibarreko bizitegi-moduluak zaharberritzeko eta Concepción Benítez kaleko eraikin bat birgaitzeko hornidurei.
Finantza-ikuspuntutik jasangarriak diren inbertsioei buruzko Plana, foru legean jasotakoa, 113 milioi euroz hornituta dago, eta honela banatzen du diru kopuru hori: 2017-2019 aldirako Toki Inbertsioen Planerako, 25.706.081,41 euro; Lehendakaritza Departamentuarentzat, 15.337.198 euro; Ogasun Departamentuarentzat, 586.500 euro; Hezkuntza Departamentuarentzat, 16.869.203 euro; Osasun Departamentuarentzat, 9.352.643; Landa Garapeneko Departamentuarentzat,128.000 euro; Garapen Ekonomikorako Departamentuarentzat, 15.735.038 euro; Eskubide Sozialetako Departamentuarentzat, 20.344.522; Kultura Departamentuarentzat, 8.740.000; eta Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuarentzat, 300.000 euro.
Jarduketa bakoitzari atxikitako aurrekontuko partidei finantzaketa egokia eman ahal izateko aurrekontu-aldaketarik egiten bada, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean horri buruz xedatutakoari egokituko zaio.
PSNk azken zuzenketa bat defendatu du, honako legea Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legearen 116. xedapen gehigarriak dioenaren araberakoa izan zedin, baina ez du aurrera egin. UPN eta PPN abstenitu dira eta gainerakoek aurkako botoa eman dute.
-
Foru lege proiektua (115. NPAO, 2018-09-25ekoa)