Foru Gobernuak aldarrikatu du Nafarroa marka “adostasun soziala” duen proiektua dela
Voxek sustatutako interpelazio baten eztabaidan adierazi dute hori. PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioek ez dute eztabaidan parte hartu.
Foru Gobernuko lehen lehendakariorde eta Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilari Felix Tabernak adierazi du Nafarroako Gobernuak “Nafarroa marka defendatzen” duela, “herrialde-proiektua delako, instituzionala, adostasun soziala duena eta baliozkotuta dagoena; azken batean, Foru Komunitatearen nortasuna den horrena”.
Voxek joan den osteguneko Osoko Bilkuran aurkeztutako interpelazio bati buruzko eztabaidan, Tabernak adierazi du “ingurune politikoan sortzen ahal diren eztabaida politikoaz eta desadostasun logikoez harago, hobekuntza-guneak eta -proposamenak” azpimarratu behar direla, “abagune aparta delako hau, eta probestu egin beharko genukeelako”.
Zehazki, azpimarratu du “kontakizun sendoa eta fidagarria landu” dela “sektore sozialetako, enpresarialetako eta sindikaletako” 300 pertsona baino gehiagorekin partekatutako diagnostiko baten bidez.
“Ekimen honen xedeetako bat da nortasun kolektiboa sendotzea, eta erakarpen-indarrak sortzea kanpotik gure lurralderantz. Disoziazio sozialeko eta osagai komunen galerak markatutako une hauetan, oso garrantzitsua da nortasun kolektiboa lantzea, herri bateko kide izatearen sentipena sustatzea”, azpimarratu du lehen lehendakariordeak.
Azaldu duenez, Nafarroa marka sortzeko egindako diagnostikoak galdera hauek izan zituen oinarri: “Zerk lotzen gaitu?” eta “Zerk bereizten gaitu gainerako eskualdeetatik?”. Ateratako erantzunen artetik, Tabernak honako hau azpimarratu du: “gure legatuak eta gure iraganak, bai eta gure kokapen geoestrategikoak eta baliabide naturalek ere”.
Beste kontu batzuen artean, azpimarratu du “elkartasunaren alorrean konpromiso soziala duen lurraldea” garela, eta “nagusiki industrian oinarritutako jarduera ekonomikoa ere badugu”, gehitu du.
Interpelaziogilearen txandan, Emilio Jiménezek (Vox FPE) esan du “produktuari eta irudi onari lotuta” egoten dela marka oro. “Abertzaleekin, komunistekin eta ETAren beso politikoaren esku gorriarekin gobernua eratzea kaltegarria da Nafarroarentzat. Gure ustez, erakunde terrorista zuritzeak ez dio lagunduko Nafarroaren martxa onari”.
Cristina Lópezen (UPN TP) iritziz, Nafarroa marka “barruan edozer hartzen ahal duen 'totum revolutum’ bihurtu da, eta efikazia galarazten dio horrek”. Haren iritziz, “ez gara lortzen ari Nafarroa marka sortzeko arrazoi nagusia; hau da, Nafarroako Gobernuak bere kudeaketaren eta egindako itunen ondorioz duen irudi txarra garbitzea, hain zuzen ere”.
Maribel García Malok (PPN TP) dioenez, “dirudienez, Nafarroa marka honekin lortu nahi dutena da marketin-zorro bat izatea; baina, benetan, ongi zehaztutako plan baten parte izan beharko litzateke, eta plan horrek gogoeta hauek izan beharko lituzke ardatz: komunitate gisa, zer izan nahi dugu?; non gaude?; nora iritsi nahi dugu? eta zer egin behar dugu hori lortzeko?”.
PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioetako ordezkariek eztabaidan parte hartzeari uko egin diote.