Noiz argitaratua Asteartea, 2022.eko Martxoak 1

Foru hobekuntza 40 urte geroago: historia, balantzea eta aldaketarako proposamenak jardunaldiak eginen ditu Parlamentuak martxoaren 4an eta 18an

2021eko ebazpen batek ezarritakoari jarraituz, jardunaldiak 13/1982 Legearen eguneratzea aztertuko duen ponentziaren oinarri izango dira eta bertan landutako edukiak liburu batean jasoko dira

Foru hobekuntza 40 urte geroago: historia, balantzea eta aldaketarako proposamenak jardunaldiak aurkeztu ditu gaur Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak. Azterketa politikorako mintegi bat izanen da, NUPekin elkarlanean antolatua eta publikoari irekia. 22 ponentzia eginen dira jardunaldien baitan, eta Ganberan ordezkaritza duten taldeek izendatutako sei adituren eskutik baloraziorako mahai politiko bat ere izanen da. Martxoaren 4an eta 18an egingo dira.

 

Azaroaren 4an Komunitatearen egoerari buruzko Eztabaidaren baitan onartutako ebazpen baten edukiari erantzuten diote jardunaldiek. Ebazpen horretan Legebiltzarrari agindu zitzaion, batetik, “autogobernuari buruzko saio batzuk egin zitzala akademia- eta unibertsitate-arloko adituekin, eta ponentzia bat sor zezala Lorafnaren eguneraketa aztertzeko”, bestetik.

 

Ildo horretan, “Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko 13/1982 Legean ezarritako eskumenak erabat garatzeko beharrezkoak diren neurri guztiak bultzatzeko” asmoarekin eta Nafarroako Gobernua sostengatzen duten taldeek izenpetutako “Programa akordioan oinarrituta”, Unai Hualdek gogorarazi du Osoko Bilkurak transferitu gabeko eskumenen negoziazioa eskatu zuela azaroan.

 

Horregatik guztiagatik, eta “jardunaldi hauetatik ateratzen diren hausnarketak autogobernua indartzeko oso garrantzitsuak izan daitezkeela” iritzita, lehendakariak bere egin du Lorafnari buruzko saioetarako bidea eman duen ebazpenaren edukia, eta “pozik” agertu da azken urteotan Estatuarekin batera hasitako konpromisoagatik, “Nafarroak bere gain har ditzan trafikoari buruzko transferentzia historikoak, oraindik egiteke daudenak”.

 

Lehendakariaren hitzetan, aukera ona da “testuinguru politikoa, aurrekari juridikoak eta gure oinarrizko arau instituzionala egiteko prozesua hobeto ezagutzeko. Horretarako lekuko zuzenak ditugu, hala nola Juan Cruz Alli, Nafarroako lehendakari eta foru parlamentari ohia eta irakaslea da, eta, oro har, lehen mailako hizlari talde oso anitza izanen dugu”.

 

Amaitzeko, Roldan Jimenoren eta NUPeko I-Communitas Institutuaren batzorde antolatzailearen inplikazioa eskertu ondoren, Unai Hualdek dei egin du hilaren 4tik 18ra bitartean Lorafnaren doktrina-azterketari buruz hausnartzeko. “Herritarren parte-hartzea garrantzitsua” dela nabarmenduz, bertaratu edo Parlamentuaren webgunearen bidez entzuteko, galdetzeko eta parte hartzeko gonbita egin du.

 

“Legealdi honetan Foru Legebiltzarraren eta Kontuen Ganberaren 40 urteak ospatu ditugu. Orain Lorafnaren txanda da. Gaiak merezi du, eta horren erakusle da jardunaldi hauek etorkizuneko ponentziaren lanaren oinarri izango direla. Hitzaldien edukia liburu batean argitaratuko da”, amaitu du Lehendakariak.

 

Roldan Jimeno NUPeko idazkari nagusi eta jardunaldietako zuzendari-koordinatzaileak helburu bikoitzaz hitz egin du, “Lorafnaren 40 urteak zorroztasun akademikoari lotutako azterketa historiko eta juridiko baten bidez oroitzea, batetik, eta 13/1982 Legeak, garai hartako indarkeriak eta urte haietako politikan izan zuen ezinbesteko eraginak markatutako trantsizio historiko luze baten puntu eta amaiera izan zenak, izan zuen testuinguru historiko eta juridikoa aztertzea, bestetik”.

 

Jimenoren ustez, Lorafna foraltasunaren bilakaera historikoaren emaitza baino ez da, 1982an onartu zen arte. Formula partikular baten bidez baliozkotu zen, eta horrek erreferenduma egitea saihestu zuen. Erabaki hori, Estatututzat hartzen den ala ez erabakitzearekin batera, gaur egun mantentzen den eztabaida baten jatorrian dago. Une egokia da Legearen testua aztertzeko eta erreforma-proposamenak zehazteko.

 

Unai Hualde izanen da jardunaldiei hasiera emanen diona martxoaren 4an (09:15, erabilera anitzeko aretoan).

 

Goizeko saioa (09:30) Jorge Urdanozen (NUP) hitzaldiarekin hasiko da, Testuinguru politiko eta soziala Espainiako trantsizioan eta haren eragina Nafarroako Zuzenbidean. Ondoren, Fernando Mikelarenak (Zaragozako unibertsitatea) Foru berrezarpena eta eskubide historikoari buruz hitz eginen du; Mikel Buenok (NUP) Trantsizioaren testuinguru politikoa Nafarroan hitzaldia eskainiko du; Imanol Satrustegik (NUP) “Egin behar zena egin genuen” titulupean trantsizioa Nafarroan behekoen aldetik aztertuko du. Amaia Alvarezek (NUP) indarkeria aztertuko du, politikaren eta zuzenbidearen baldintzatzaile gisa; eta Miguel José Izuk Foru Hobekuntzaren erreformak aztertuko ditu.

 

Arratsaldeko saioa (16:30) Juan Cruz Alli Arangurenen (NUP) ponentzia batekin hasiko da, Foru Hobekuntzaren prestaketaren prozesua eta Nafarroako autogobernuari buruzko eztabaida ideologikoak izenburupean; ondoren, Foru Hobekuntzaren doktrina-eztabaidak, erreferendumik eza eta Autonomia-estatutu bereziaren izaera duen ala ez ponentzia eskainiko du Juana Goizuetak (EHU). Erreferendumik gabeko akordio politiko bat: Hobekuntza historiaren, zuzenbidearen eta politikaren artean ponentzia eskainiko dute Álvaro Baraibar eta Juan Mª Sánchez Prietok (NUP). Amaitzeko, Roldan Jimenok Foru Hobekuntzaren hitzaurrea, Nafarroako trantsizioen zuzenbidearen interpretazio historizista gisa hitzaldia eskainiko du.

 

Bigarren saioa, martxoak 18

 

09:00etan hasita, Foru Hobekuntzaren xedapen orokorrak aztertuko ditu Francisco Javier Enérizek (NUP). Ondoren, Silvia Doménech Nafarroako Parlamentuko legelari nagusiak Nafarroako Parlamentuari buruz hitz eginen du. Joseba Asiainek, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko zuzendari nagusiak, Nafarroako Gobernua eta Gobernuko lehendakariari buruz hitzaldia eskainiko du. Eskumenen gaia Francisco José Negro Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikorako Zerbitzuko zuzendariak landuko du.

 

Atseden baten ostean, 12:00etan Fernando de la Huchak (NUP) Estatuko Administrazioarekiko harremanak eta Hitzarmen ekonomikoa ponentzia eskainiko du. Aritz Romeok (NUP) Toki administrazioari buruz hitz eginen du. Jarraian, Justizia Administrazioa Nafarroan hitzaldia eskainiko du Esther Erice Nafarroako Auzitegi Nagusiko magistratuak.

 

Arratsaldeko saioa Juan Cruz Alli Turrillasek (UNED) hasiko du, Hitzarmen eta lankidetza akordioak komunitate autonomoekin ponentziarekin. Ondoren, José Antonio Razquin Nafarroako Gobernuaren aholkulari juridikoak Foru Hobekuntza epaitegietan: jurisprudentziaren balorazio bat hitzaldia eginen du. Foru Hobekuntza eta Europako eskualdeen estatutuari buruz hitz eginen du Alicia Chicharrok. Cristina Zocok (NUP) Konstituzioaren erreforma eta Foru Hobekuntzaren erreformari buruz eskainiko du hitzaldia.

 

Jardunaldiak amaitzeko 19:00etan mahai politikoa eginen da, Foru Hobekuntzaren 40 urteen balantzea eta hura erreformatzeko aukera eztabaidatzeko. Sei hizlari egonen dira, egungo Foru Parlamentuan ordezkatutako talde parlamentario bakoitzak eta parlamentarien elkarteak izendatuak. Hizlariak Juan Luis Sánchez de Muniáin (Navarra Suma), Aladino Colín (PSN), Goio Monreal (Geroa Bai), Patxi Zabaleta (EH Bildu), Ricardo Feliu (Podemos-Ahal Dugu) eta José Miguel Nuin (IE) izanen dira.

 

Amaiera ekitaldia 20:00etan izanen da, Unai Hualde Legebiltzarreko lehendakariaren parte hartzearekin.