Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore Publiko Instituzionalari buruzko Foru Legea
Osoko Bilkuran onetsia. 2019ko martxoaren 7an
Parlamentuko Osoko Bilkurak gaur Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore Publikoari buruzko Foru Legea onetsi du aho batez. Foru lege horrek indarrik gabe uzten du, besteak beste, Administrazio Elektronikoa ezartzeko 11/2007 Foru Legea, garai batean mugarri izan zena teknologia nahiz gizarte mailan, eta orain, berriz, erronka berriei aurre egiteko abiapuntu dena.
Gobernuak sustatutako legearen helburua da Administrazioaren eta herritarren arteko harremanetarako esparru berria ezartzea, hartara, errealitate sozialaren bilakaerari, erakunde publikoen funtzionamenduaren aldaketei eta teknologia berrien garapenari egokituta, bulego elektronikoa Nafarroako herritarrekiko komunikaziorako bide nagusi bilakatzeko.
Horretarako, herritarrentzako arreta eta zerbitzua eta Administrazioaren jardueraren eraginkortasuna hobetu nahian, administrazio elektroniko orokortua ezartzea eta teknologia berriak administrazio prozedura erkideari aplikatzea sustatuko da arau multzo bakar batetik abiatuta. Araudi hori bat etorriko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 40/2015 Legeak oinarrizko legerian sartu dituzten berrikuntzekin.
Testuinguru horretan azpimarratu egiten da izapidetze elektronikoak administrazioen “ohiko jarduketa-modua” izan behar duela bai barnean, efikazia- eta efizientzia-printzipioen onerako, bai kanpoan, aukera ematen baitu “unean uneko informazio bizkorra eta eguneratua” eskaintzeko, “interesdunen bermeak indartzen” eta gardentasunerako betebeharra konplitzea errazten duena.
Horren haritik, eskubidetzat ezartzen da sarbide-puntu nagusi elektronikoa. Horren bitartez herritarrek aukera izanen dute Foru Administrazio Publikoaren eta administrazio publiko ororen zerbitzu eta prozedura guztiak eskuratzeko eta egiten zaizkien jakinarazpen, komunikazio eta jarduketa guztien izapidetze-egoeraren berri jakiteko. Izapidetzeko modu berri horretarako egokitzapenak berekin dakar Administrazioaren zerbitzuko langileen identifikaziorako eta sinadurarako sistema orokortu bat.
Legeria berriari egokitu beharrak eraginda, era berean, Legeak Erregistro Orokor Elektronikoari buruzko araudi berria dakar. Erregistro hori beste administrazio publiko batzuen erregistro elektronikoekin konektatuta egonen da eta guztiz elkarreragingarria izanen da, horiek ezinbesteko baldintzak baitira administrazio elektronikoa sortzeko.
Beste horrenbeste esan daiteke Artxibo Elektroniko Bakarrari buruz. Horren araudia, argia eta zehatza, funtsezkotzat jotzen da paperik gabeko Administrazioaren agiriak behar bezala kontserbatu eta zainduko direla bermatzeko.
Bestalde, erregistro kontuetan laguntza emateko bulegoak izanen dira. Gaitutako Funtzionarioen Erregistroan inskribatutako langileek kudeatuko dituzte, eta izapide elektronikoak egitera behartuta ez dauden pertsonei lagunduko diete. Gainera, erregistroaren berezko funtzioez eta dokumentazioaren digitalizazioaz arduratuko dira.
Gaitutako Funtzionarioen Erregistroan inskribatuko funtzionarioen lana izanen da harreman elektronikoak egitera behartuta ez dauden pertsonen izenean egin beharreko identifikazio eta sinadura elektronikoak egitea (beti ere baliabiderik ez dutenean haien borondatea azaltzen dutenean), eta dokumentuen kopia ziurtatuak ematea, kopia horiek administrazio jarduketa automatizatuaren bidez egin ezin direnean edo horrelakorik eskatzen ez denean.
Erregistro horretatik kanpo utzi dira administrazio-kontratua duten langileak, bestela gerta litekeelako erregistro hori “Administrazioan kostuak aurrezteko” baliatzea. Arrazoi horrengatik, nahiz eta Estatuko esparruak aukera eman bai funtzionarioak bai enplegatu publikoak (termino zabalagoa) erregistroan sartzeko, bidezkotzat jo da “apustu argia egitea karrerako langileen alde”, zeren eta administrazio-kontratudunen eskubideak, “Europan emandako epaiak gorabehera”, ezin baitira parekatu funtzionarioenekin.
Azkenik Ahalordetzeen Erregistroa sortuko da, eta bertan agerraraziko dira Foru Administrazio Publikoaren aurrean jarduteko asmoz pertsona fisikoek edo juridikoek hirugarrenen alde egiten dituzten ordezkaritzak. Erregistro Orokor Elektronikoa bezala, besteekin konektatuta egonen da eta elkarreragingarria izanen da.
Administrazioen arteko harremanei dagokienez, elkarlana, koordinazioa eta lankidetza arautu behar dituzten premisa berrietarako tresna nagusiak hitzarmenak eta elkarrekin jarduteko planak izanen dira, eta araudi askoz zehatzagoa izanen dute. Ildo horretan, aipatu den bezala, lehen aldiz antolatzen dira administrazio publikoen arteko harreman elektronikoak.
Hala, hartzaileak izanda ordenamendu juridikoaren ardatz nagusi, baita kalitateko arau esparrua prestatu eta horri eusteari dagokionez ere, Foru Administrazio Publikoaren araubide orokorra erregulatzen da, garrantzizko zenbait berrikuntza sartuz kide anitzeko organoen arauetan.
Arau-esparruaren planifikazioa eta hobekuntza direla eta, Gobernuari agintzen zaio, “gardentasun” arrazoiak argudiatuta, urtero egin eta Nafarroako Gobernu Irekiko atarian argitaratu beharko duen araugintza planaren “betetze mailari buruzko informazio publikoa eman dezala”.
Foru Administrazioaren eta Sektore Publiko Instituzionalaren antolaketari dagokionez, administrazio agintaritza independenteak sortzeko aukera egonen da, kanpoko ikuskapen eta erregulazio eginkizunak gauza ditzaten sektore ekonomiko eta jarduera zehatz batzuen gainean. Partzuergoak ezartzea ere aurreikusten da. Jarduera batzuk garatuko dituzte, administrazioen edo sektore publiko instituzionala osatzen duten entitateen eskumenekoak eta interes komunekoak direnak. Orain arte figura hori Toki Administraziorako baino ez da egon indarrean.
Bestalde, Foru-sektore Publiko Instituzionalak barnean biltzen ditu erakunde publikoak (erakunde autonomoak eta enpresa-entitate publikoak), zuzenbide publikoko entitate lotuak (administrazio agintaritza independenteak eta partzuergoak) eta zuzenbide pribatuko entitate lotuak (sozietate eta fundazio publikoak), baita NUP ere. Bada, sektore horren etengabeko ikuskapenari dagokionez, zehaztu egiten da “hark bere jardueraren bidez lortutakoei” erreparatuz eginen dela kontrol hori, eta “kanpoko zerbitzuak direnean, herritarren iritzia” ere kontuan hartuko dela.
Azkenik, xedapen gehigarri bat erantsi da maiatzaren 26ko hauteskunde-prozesuari begira (Europako, udaletarako eta kontzejuetarako hauteskundeak izanen dira), hauteskunde horien antolaketan eta garapenean parte hartzen duten Foru Administrazioko langileen aparteko orduen ordainketa arautzeko.
-
Foru lege proiektua (5. NPAO, 2018-01-18koa)
-
Zuzenketak (22. NPAO, 2019-02-15ekoa)
-
Irizpena (33. NPAO, 2019-03-05ekoa)