Foruzaingoa erreferentziazko erakunde izan dadila defendatzen du Foru Gobernuak, baina “esklusibotasunik gabe”
EH Bilduk interpelazio baten bidez Geroa Bairekin, Podemosekin eta I-Erekin batera berariazko eredu bat eskatzen du, bikoiztasunak eta egungo ratio ezohikoak ekiditeko
Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Kontseilari Javier Ramírezek baieztatu du Gobernuaren ustez Foruzaingoak “erreferentziazko polizia” izan behar duela, baina gainerako polizia erakundeekiko “koordinazio eta lankidetza baten ikuspegitik” eta “esklusibotasunik gabe”.
Javier Remírezek EH Bilduren interpelazio bati erantzun dio Kontrolerako Osoko Bilkuran, baieztatuz “gainerako poliziekin koordinatzea segurtasunarentzat onuragarria” dela. “Ez dugu esklusibotasun ezta subordinazio eredu bat nahi. Koordinazioa eta lankidetza ezinbestekoak dira, kalean erantzun azkar eta eraginkorrak behar dira eta baliabideak optimizatu behar dira”.
Kontseilariak gehitu du “Foru Erkidegoak dituen ahalmen guztiak Foruzaingoak bereganatu ditzan” lan egingo dutela, eta Gobernu zentralarekin trafikoaren eta errepideen segurtasunaren transferentziei buruzko akordioak aurrera eramateko lan egingo dutela.
Javier Remírezek adierazi du Foruzaingoa “erreferentziazko erakundea” izango dela “nafarrek hala nahi dutelako”. Horretarako, erakundea osatzen duen langileak berrantolatuko dituztela adierazi du, baita “baliabideak hobetu” ere.
Adierazi du, baita ere, segurtasun koordinazio zentro berri bat eraikiko dela Arangurengo Ibarrean, eta bertan egongo dira Foruzaingoaren komisaria nagusia, 112 Larrialdien Koordinazio Zentroa eta segurtasun politikak. “Legegintzaldi honetan egingo da”.
Era berean, Remírezek azaldu du Foruzaingoaren ereduari buruzko diagnostiko bat egiten ari direla, datorren abenduaren 10ean aurkeztuko dena eta erakundearentzat plan estrategiko bat egiteko balioko duela.
Adolfo Araizek (EH Bildu) ohartarazi du “Nafarroaren egoera berezia dela, lurralde berean polizia erakunde desberdinen ageriko bikoiztasunak ematen direlako. Gainera, polizia baliabide ratioak izugarri altuak dira, Europar Batasuneko altuenak”.
Araizen hitzetan, “azken 35 urtetan Nafarroako arduradun politikoek ez dute borondate politikorik erakutsi Foruzaingoaren lana gradualki hedatzeko eta Polizia Nazionalarena eta Guardia Zibilarena murrizteko”.
Araizen ustez “Estatuarekin negoziatu behar dira Foruzaingoari dagozkion segurtasun publikoaren arloko konpetentziak, baina horretarako borondate politikoa ezinbestekoa da eta uste dugu ez Gobernu honek ezta Estatukoak ere ez dutela borondaterik”.
José Suárezek (Navarra Suma) azaldu du egungo polizia ereduak “errealitate instituzional bati erantzuten” diola, Foru Erkidegoa Espainiaren barnean dagoela, eta era berean, Europar Batasunean. Erkidegoan zerbitzua eskaintzen duten gainerako polizia erakundeekin koordinatutako Foruzaingoa defendatzen dugu”.
Jorge Aguirrek (PSN) azpimarratu du EH Bilduk “gai honen inguruko ardura eduki duela azken lau urtetan, eta ez duela ezer egin. Foruzaingoa berdin dago, ez du hobekuntzarik izan. Erreferentziazko Foruzaingo bat nahi dugu baina Nafarroan ez dago polizia erakunderik soberan”.
Blanca Regúlezek (Geroa Bai) azaldu du bere taldeak “Foru Eraentzak biltzen dituen konpetentziak” dituen Foruzaingoa nahi duela, “trafikoa eta herritarren segurtasuna esaterako”, eta “esklusibotasunezko” polizia eredu baten aldeko apustua egin du, “egungoa gradualki ordezkatuko duena, izan ere, egungoak ez du logikarik eta oso garestia da”.
Ainhoa Aznárezek (Podemos –Ahal Dugu) nabarmendu du “Foruzaingoa erreferentziazkoa izan behar dela Nafarroan. Esklusibotasuna duen polizia eredu baten aldeko apustua egin beharko luke Gobernuak”.