Garapen Ekonomiko eta Enpresarialerako Batzordeak Nafarroako Enpresa eta Berrikuntzarako Europako Zentroa (CEIN) bisitatu du
Helburua bertako instalazioak eta funtzioak ezagutzea izan da, baita berrikuntza-mintegietan jarduten duten startup-ak ere
Garapen Ekonomiko eta Enpresarialerako Batzordeak Nafarroako Enpresa eta Berrikuntzarako Europako Zentroa bisitatu du gaur. Nafarroako Gobernuaren mendeko enpresa publikoa da, eta Nafarroako garapen ekonomikoa sustatzea du helburu, ekintzailetzaren sustapenaren bidez eta enpresa berriak sortzeko laguntzaren bidez.
Batzordeko kide hauek egon dira: Carlos Pérez-Nievas (Navarra Suma talde parlamentarioa), Javier Lecumberri, Ainhoa Unzu (PSN talde parlamentarioa), Mikel Asiáin (Geroa Bai talde parlamentarioa), Laura Aznal, Arantza Izurdiaga (EH Bildu talde parlamentarioa) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoa).
Parlamentuari harrera egiteko honako hauek egon dira: Pilar Irigoien (CEINeko kontseilari delegatua), María Sanz de Galdeano (CEINeko koordinatzailea eta Ekintzailetza Sustatzeko arloko arduraduna), Pilar Tellechea (Enpresak Sortzeko arloko arduraduna), Eva Gomara (Berrikuntza Mintegien arloko arduraduna), Fernando Andueza (finantza zuzendaria), Fernando Baztan (Sustapen Arloko teknikaria), Lucía Nieto (Sustapen Arloko teknikaria), Guillermo Irure (Enpresak Sortzeko arloko teknikaria) eta Olga Romero (Berrikuntza Mintegien arloko teknikaria).
Bisita PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeek eskatuta egin da, eta helburua izan da “CEINek Noainen dituen instalazioak eta betetzen dituen funtzioak ezagutzea, baita sektore anitzeko berrikuntza-mintegietan jarduten duten startup-ak bisitatzea ere”.
Noaingo egoitzan izan den bileran, Pilar Irigoienek “ekintzailetza, berrikuntza, hazkundea eta lankidetza” printzipioak nabarmendu ditu. Izan ere, printzipio horiek gidatzen dituzte CEINen funtzioak eta ekintzak, eta CEINen helburua da, hain zuzen ere, ekintzailetza sustatzea, enpresak sortu eta haztea eta enplegua sortzea.
Urtero 500 enpresa-proiektu baino gehiago bideratzen ditu, eta 33 urtean 3.200 enpresa baino gehiago sortzen lagundu du. 2021ean, zehazki, 569 proiektu garatu ziren eta 132 enpresa sortu ziren, % 23ko bihurketa-ratioarekin.
María Sanz de Galdeanok azaldu duenez, lehenengo helburua honako hau da: “proiektu berritzaileak modu proaktiboan lortzea sektore estrategikoetan, hala nola osasunean, sektore digitalean, ekonomia berdean edo nekazaritzako elikagaien sektorean”. Horretarako, CEIN lankidetza estuan ari da NUPekin, Nafarroako Unibertsitatearekin eta Hezkuntza Departamentuarekin. Gainera, ekintzailetzarekin zerikusia duten erakundeekin ere lan egiten du, eta prestakuntza jarduerak, ekintzailetzako saioak eta hainbat programa eskaintzen ditu.
Enpresak sortzeari dagokionez, Pilar Tellecheak nabarmendu du CEINek laguntza eskaintzen diela ekintzaileei eta haien enpresa-proiektuei. Helburua “enpresa bideragarriak, bereiziak eta hazteko asmoa dutenak” sortzea da. Helburu horrekin sortu zen RUTA 31 zerbitzua. “Ekintzailetzari laguntzeko zerbitzu bat da, eta ideiak negozio bereizgarri, errentagarri eta denboran iraunkor bihur daitezen errazten du, hainbat programaren eta banakako laguntzaren bidez”.
Beste alde batetik, eta enpresa berritzaileen hazkundea, eskalatzea eta iraunkortasuna bultzatzeko, bai eta enplegua sortzeko ere, CEINek berrikuntza-mintegiak jartzen ditu startup-en esku. Mintegi horiek egokitutako azpiegitura komunetarako eta banakako lokaletarako sarbidea eskaintzen dute, jarduerari hasiera emateko. Gainera, hazkundea errazteko zerbitzu eta laguntza espezializatuak ere eskaintzen ditu, hala nola banakako tutoretza (negozio-ereduaren bilakaeraren jarraipen pertsonalizatuaren bidez), hazkunde-planak edota aholkularitza ekonomiko eta finantzarioa.
Era berean, zeharkako lan-tailerrak egiten dituzte, talde sustatzaileen gaikuntza hobetzeko, eta, horretarako, enpresaren araberako pertsonalizazioa eskaintzen dute, banakako adituen eta profesionalen laguntzaren bidez, bai eta sektore anitzeko topaketak ere, besteak beste.
Lankidetzari dagokionez, programa guztietan, CEIN lankidetzan aritzen da Nafarroako Gobernuko beste eragile, enpresa, erakunde edo departamentu batzuekin, ekintzaileentzako laguntza indartzeko, merkatua zabaltzeko eta sinergiak zein kontaktuak sortzeko.
Bileraren ondoren, Parlamentuko ordezkaritzak Berrikuntza Mintegietan instalatutako Nautilus, Beeplanet eta Nucaps enpresak bisitatu ahal izan ditu, bakoitzaren instalazioak zein esperientziak ezagutzeko.