Garapen Ekonomikorako Batzordea bisita egin dio Sakanako Garapen Agentziari
Parlamentuak eskualdeko Plan Estrategikoa berrikusteko prozesuaren eta programa ongi gauzatzeko berrikuspen-prozesuaren emaitzen berri jaso du
Garapen Ekonomikorako Batzordeak Sakanako Garapen Agentziari bisita egin dio gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-E taldeek eskatuta. Agentzia horrek ingurunearen premia espezifikoei erantzuten die tokiko eragileekin elkarlanean.
Parlamentari hauek bertaratu dira: Carmen Segura (UPN talde parlamentarioa), Rafael Eraso (Geroa Bai talde parlamentarioa), Adolfo Araiz (EH Bildu talde parlamentarioa) eta Guzmán Garmendia (PSN talde parlamentarioa).
Parlamentuko ordezkari taldeari Arbizun harrera egin dio David Oroz Sakanako Garapen Agentziako lehendakariak.
Bisitaren helburua, sarrerako hitzetan Rafael Erasok azaldu duenez, Sakanako 2020ra bitarteko Plan Estrategikoan ezarritako xedeak eta eskualdearen garapenerako erronka orokorrak ezagutzea izan da. Egitarauaren barnean bisita egin da Lizarragako mikrosare elektrikora.
Ondoren egin den bileran, David Orozek adierazi du Sakanako Plan Estrategikoak espezializazio maila handia lortu duela, Nafarroako Gobernuak 2016tik aurrera emandako finantza-laguntzari esker. Programa horri beste bultzada bat eman nahi zaio, burutu berri den berrikuspen prozesuaren ondoren.
Orozek orain arte lortu diren emaitzak azaldu ditu, bai eta hainbat entitate eta herritarren ekarpenak aintzat hartuta Agentziak hobekuntzarako egindako gomendioak ere. Eskertu egin du Nafarroako Parlamentuaren laguntza, eta esperientziaren argitan planaren azken urtean aurrera egiten jarraitzeko lagungarritzat jo dituzten doikuntza batzuen berri eman die haren ordezkariei.
Amaitzeko, Oroz berriz ere pozik agertu da aurrerapausoak egin direlako lan-arlo guztietan: elikaduran, energian, industrian, turismoan zein digitalizazioan.
Sakanako 2020ra bitarteko Plan Estrategikoaren balantzea entzun ondoren, UPN, Geroa Bai, EH Bildu eta PSN taldeetako eledunek eskerrak eman dituzte azalpenengatik, eta Lizarragara joan dira mikrosare elektrikoa ikustera.