Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko Foru Legea onetsi da
Arauak dio hesiak eta oztopoak kendu behar direla, informazio publikoa eskuratzeko eskubidea eraginkor bihurtzeko eta kontu-ematea hobetzeko
Parlamentuko Osoko Bilkurak Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko Foru Legea onetsi du gaur aho batez.
Foru Legearen xedea da “jarduera publikoan eta gobernu ekintzan gardentasuna arautu eta bultzatzea eta hartara, betebeharra duten subjektuek sortzen duten informazioaren zabalkundearen bidez, informazio publikoa eskuratzeko eskubidea baliatzen dela bermatzea, interes taldeak arautzea eta arau multzo bat ezartzea gobernu ona bermatzeko; hori guztia, herritarrei kontuak ematea errazte aldera”.
Legearen aplikazio eremuak, Foru Komunitateko Administraziotik harago, informazio publikoa gorde dezaketen erakunde publiko (NUP) eta pribatu guztiak hartzen ditu, bai eta funts publikoekin (urtean 20.000 euro baino gehiago edo 5.000 eurotik aurrera, diru-laguntzak urteko diru-sarreren % 20 baino gutxiago direnean) finantzatzen diren erakunde pribatuak eta funts publikoekin ordaintzen diren zerbitzu publikoen kudeaketan parte hartzen dutenak ere (zentro itunduak, bereziki hezkuntzan, osasun arloan, kirolean eta gizarte zerbitzuetan).
Beste erakunde publiko batzuk ere, hala nola Nafarroako Parlamentua, Nafarroako Arartekoa, Kontuen Ganbera edo Nafarroako Kontseilua, arauaren pean egonen dira zuzenbide administratiboari lotutako jarduera betetzean (langileak, ondasunak, kontratazioa, diru-laguntzak), Foruaren Hobekuntzak erakunde horiei emandako ahalmenak, eginkizunak eta autonomia urratzen ez diren heinean.
Zuzenbide publikoko entitateei ere aplikatuko zaie, edo bestelako entitate batzuei ere, Foruaren Hobekuntzaren arabera Foru Komunitateak eskumena duenean haien gainean: lanbide elkargoak, Merkataritza Ganbera, jatorri-deiturak, kirol federazioak eta zuzenbide publikoko korporazioak.
Testuak publizitate aktiboko betebeharrak egituratzen eta hedatzen ditu, hainbat arlotako informazioa bilduz: instituzionala, antolaketakoa eta plangintzakoa, goi kargudunei eta zuzendaritzako langileei buruzkoa, garrantzi juridikoa duena, ekonomikoa, aurrekontuei buruzkoa eta finantzarioa, kontratazio publikoari buruzkoa, zerbitzu emakidei buruzkoa, hitzarmenei buruzkoa, diru-laguntzei buruzkoa eta ondareari buruzkoa, baita lurralde antolamenduaren, hirigintzaren, ingurumenaren eta etxebizitzaren arlokoa ere.
Administrazioak eskaini beharreko informazio ekonomikoari, aurrekontuari eta finantzen ingurukoari gehitzen zaizkio publizitate kanpainen, promozioen eta komunikazio instituzionalaren gastuak, “irudi, iragarki edo beste edozein formatutan” eginak, eta zehaztu beharko dira “balioetsitako inpaktu eta kanpainaren emaitza” gisa.
Administrazioaren ondareari buruzko informazioaren eta informazio estatistikoaren barruan jaso beharko daa “etxe partikularretan instalatuta dauden Interneteko konexioko lineen, faxen, telefono finkoko lineen edo bestelako komunikazio-dispositiboen zerrenda”, behar bezala justifika daitezen.
Legeak indarrean egoteari uzten dionetik hamar urtera luzatzen du kontratuen, hitzarmenen, diru-laguntzen eta ingurumenaren informazioa argitaratuta egon beharreko epea. Informazio ekonomikoaren kasuan, sortu den momentutik hamar urtetako epea zehazten da.
Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea eraginkorra izan dadin, hesiak eta trabak ezabatzen dira eta ahalmen hori baliatzeko prozedura azkarra eta erraza orokortzen da. Horretarako, informazio publikoaren ardura izanen duten unitateak izendatuko dira. Foru Komunitateko Administrazioaren esparruan, unitate horiek zein departamenturi atxikita edo lotuta dauden, horko idazkaritza tekniko nagusiak koordinatuta arituko dira, edo organo baliokideek koordinatuta, sektore publikoko entitate instrumentalen kasuan.
Unitateek hainbat eginkizun izanen dituzte, besteak beste, informazioa eskuratzeko eskaerak tramitatzea eta kontrolatzea, laguntzea, eta unitate arduradunari igortzea beharrezkoak diren datuak, eskatutako informazio publikoa bi hiletik behin argitaratzeko, bai eta urteko memoria edo txostena prestatzeko ere.
Xede horretarako, informazio publikoa eskuratzeko eskaeren erregistroa sortzea aurreikusten da. Gardentasun arloko eskumenak bere gain dituen departamentuko organoaren menpe egonen da, eta eskaera bakoitzaren edukia eta ibilbide administratiboa jasoko ditu. Eskaera ahoz egiten denean elektronikoki jaso beharko da eta eskatzen duen pertsonari agiri bat eman beharko zaio.
Erregistro honetan izen ematea ezabatu edo ezeztatzen bada “kaltetutako pertsonek eta bere erakundeek ezin izango dute instituzioen eta erakunde publikoen zerbitzu eta bulegoetara jo”.
Nafarroako Gobernuak Interneten duen atarian, Gobernu Irekiaren atari berariazkoa garatuko da, software libreko plataforma informatiko batean ezarria, eta bertan emanen da argitara Administrazioari eta haren menpeko entitate eta erakundeei buruzko informazioa, atarian berean informazioa jarriz edo esteka elektronikoen bidez.
Gobernu Irekiaren Atariak bilatzaile bat izanen du, informazioa eskuratzeko bide azkarra, erraza eta ulergarria izateko, eta eguneratzen diren datuei buruzko alerta-mekanismoak ere jarriko dira bertan.
Eskaerei hobeki erantzuteko gune gisa eratuko da atari hori, herritarrek gai publikoetan duten parte-hartzea eta inplikazioa bideratuz, prozesuen irekiera izenez ezagutzen diren proiektuen esparruan betiere.
Gainera, informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen bermeak indartuko dira, arau-hausteen eta zehapenen araubidea dela medio.
Erabaki politikoak hartzeko prozesuetan ere ilunguneak ezabatzeko neurriak hartzea planteatzen da, interes taldeei buruzko arauak ezarriz.
Legearen ondorioetarako, interes taldetzat joko dira jarduera hauetan aritzen diren erakundeak eta pertsonak: araugintzako politikak edo arau-xedapenak egiteko prozesuetan eragitea, zuzenean nahiz zeharka, edo horien aplikazioan, edo erabakiak hartzean, norbere interesak, hirugarrenenak edo erakundeenak edo interes orokorrak ere defendatuz.
Era berean, interes taldeak dira plataformak, sareak edo jarduera kolektiboko beste modu batzuk, nortasun juridikorik izan gabe ere, eragin-iturri antolatua direnean eta Erregistroaren aplikazio esparruan sartutako jarduerak betetzen dituztenean.
Ildo horretan, legean jaso da Interes Taldeen Erregistro Publikoa sortuko dela, Administrazioaren aurrean betetako jarduera guztien identifikazioa eta kontrola errazteko. Betebehar hau izango dute 5.000 biztanle baino gehiago dituzten toki entitateek ere.
Hala, interes taldeen jarduketei buruzko publizitatea eginen da, bereziki agintariekin, kargudunekin, hautetsiekin edo diputatuekin egindako bilerei buruz eta hizpide izandako gaiei buruzko komunikazioei, txostenei eta bestelako ekarpenei buruz. Edozein kasutan ere, bilkura, sarbide edo eskaera eskubide indibidualak babestuz.
Bestalde, Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoko goi kargudunen jardunaren ardatzak interes orokorra eta beren kudeaketaren gardentasuna izanen direla azpimarratzen da. Ildo horretan, herritarrek Gobernuaren jarduera osoa kontrolatzea erraztuko da, herritarrek jarduera hori bultzatzeko eta orientatzeko duten gaitasuna indartuko da eta kontu-emate eraginkorra ahalbidetuko da.
Azkenik, lege proiektuak Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren izaera, osaera eta eginkizunak zehazten ditu. Kontseilua organo independentea da, Parlamentuari atxikia, eta gardentasuna bermatzen du Foru Komunitatean.
Gobernuaren publizitate aktiboaren arloko betebeharrak eta herritarrek Gobernuaren esku dagoen informazio publikoa jasotzeko duten eskubidea zainduko ditu Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluak.
Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren eginkizuna da Foru Komunitateko Administrazioak, sektore publikoko gainerako erakundeek, toki erakundeek eta haien sektore publikoak informazio publikoa eskuratzeari buruz ematen dituzten ebazpen berariazkoen edo ustezkoen aurkako erreklamazioak aztertzea.
Halaber, Administrazioarentzat xedatu bezala, toki entitateentzat ere isiltasun administratibo positiboa ezartzea erabaki da aho batez; hau da, toki entitateen kasuan ere, epean berariazko ebazpenik jasotzen ez bada, ulertuko da eskaera baietsi egin dela.
Gainera, Kontseiluak aginduzko txostenak emanen ditu Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Foru Legea gardentasunaren arloan garatzen dituzten edo arlo horrekin loturik dauden arau proiektuei buruz.
Gardentasuna bete behar duten entitate eta erakundeek arlo horretan dituzten beharkizunak noraino aplikatu eta betetzen dituzten ebaluatuko du Kontseiluak, eta gomendioak ere egin ahalko ditu.
Kontseiluari erreklamazioa aurkezteko aukera ezertan ukatu gabe, Arartekoari kexa aurkeztu ahal izanen zaio, baina Arartekoaren esku-hartzeak ez ditu etenen erreklamazioa edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko epeak.
Kontseiluak bere jardueren nondik norakoari buruzko memoria aurkeztuko du urtero Nafarroako Parlamentuan. Memoria horretan, Kontu Irekiei buruzko 16/2016 Foru Legeak ezarritako betebeharrak betetzeari dagokion atal berariazkoa ez ezik, jasoko dira, halaber, tramitatutako erreklamazioak eta kontsultak, egindako gomendioak edo errekerimenduak, eta, diziplina espedienteak edo zehapen espedienteak irekitzeko eskaera egin bada, horien aipamena.
Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko lehendakaria Nafarroako Parlamentuak izendatuko du gehiengo osoz, lau urteko epe ez luzagarrirako, gehiengo osoa beharrezkoa izanik. Iragan martxoaren 20tik Juan Luis Beltrán Aguirre dago karguan, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren botoekin hautatuta. Legebiltzarrak kontseilukide hauek izendatu zituen 2016ko ekainaren 30ean: Sergio Sayas (UPN), Patxi Leuza (Geroa Bai), Laura Pérez (Podemos-Ahal Dugu) eta Guzmán Garmendia (PSN).
Azkenik, gardentasunaren arloko eskumena duen departamentuaren ordezkari bat, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren hiru ordezkari, Nafarroako Kontseiluaren ordezkari bat, Kontuen Ganberaren ordezkari bat, Arartekoaren ordezkari bat eta NUPeko ordezkari bat daude Kontseiluan. Kide horiek guztiak izendatzeko prozedura kasuan kasuko erakundeak edo organoak gauzatuko du, eta horrek, gainera, ordezko bat izendatu ahal izanen du, “titularra eri, kanpoan edo aldi baterako ezintasun egoeran dagoenerako”.
Toki entitateek gehienez bi urteko epea izango dute arau honetan ezarritako betebeharrak bereganatzeko, 19/2013 Legea, abenduaren 9koa, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa gainditzen duten betebeharrak, alegia.
Neurri zuzentzaileak sustatu, koordinatu eta ezartzea errazteko, Gardentasunerako eta Gobernu Irekirako Batzorde Interdepartamental bat eratzea aurreikusten da, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko Foru Legea guztiz eraginkorra izan dadila kontrolatuko duena.
Lege hau indarrean sartzen denetik bi urtera, NAOn argitaratu eta hiru hilabetera, Lehendakaritza, Funtzio Publikoa, Barnea eta Justizia Departamentuak ebaluazio txosten bat egingo du, eta Parlamentuari igorriko zaio.
Nafarroako Parlamentuari eta bere kideei dagokienez, Lege honetan ezartzen diren gardentasun printzipioen ezarpena erreformatzeke dagoen bere erregelamenduaren bidez egingo da, baita gainerako garapen arauen bidez ere. Gardentasun esparruan Ganberak egindako ebazpenek bide administratiboa agortuko dute, eta ezingo da Nafarroako Gardentasun Kontseiluaren aurrea helegiterik jarri; haien aurka administrazio auzi helegiteak bakarrik jarriko dira.
2015eko abenduaren 21ean Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren Erreforma ikertzeko Ponentzia bat eratu zen, ondarea eta Parlamentarioen ekintzen aitorpena derrigorrez publiko egitean oinarrituta, Mahaiaren osaera berdintasunean oinarritu zedin eta kontrolerako osoko bilkurak zehaztasunez arautzeko. Hala ere, berrikusketa partzial bat izan behar zena erreforma integral proposamen batean bihurtu da, kapituluz kapitulu, oraindik ere martxan dagoena.
Ponentzia hurrengo parlamentarioek osatzen dute: Carlos García Adanero (UPN), Unai Hualde (Geroa Bai), Adolfo Araiz (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos), María Chivite (PSN), Javier García (PPN) eta José Miguel Nuin (I-E).
Gardentasunari buruzko Foru Lege Proiektuari egindako zuzenketak
Parlamentuko osoko bilkurak gaur 14/2004 Foru Legea, abenduaren 3koa, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzkoa, 19/1996 Foru Legea, azaroaren 4koa, Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko goi karguen bateraezintasunei buruzkoa eta 4/2000 Foru Legea, uztailaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzkoa aldatzen dituen Foru Legea onetsi du, UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta PPNren abstentzioarekin.
Aldatutako hiru legeak gehiengo osoko legetzat jotzen dira, eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko Foru Legeko xedapenen osagarri dira hirurak ere.
Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeari V. titulu berria gehitu zaio, gobernu ekintzaren etikari eta gardentasunari buruzkoa.
Gai hori dela eta, azpimarratzen da Nafarroako Gobernuko kideen eta Administrazio Publikoko goi kargudunen jardunaren ardatzak interes orokorra eta beren kudeaketaren gardentasuna izanen direla, eta martxoaren 17ko 2/2011 Foru Legearen bidez onetsitako Gobernu Onaren Kodean jasota dauden jokabiderako printzipio etikoak beteko dituztela.
Hartutako ardura publikoekiko interes-gatazka sor dezakeen jarduera publikorik ez izateko betebeharra arautzen da, eta betebehar hori Administrazio Publikoko goi kargudunei ere egozten zaie.
Adierazten da, bestalde, ustelkeria delituak ustez egiteagatik ikertuaren (edo legezko figura parekidearen) egoera prozesalean daudenek karguan segitzea bateraezina dela “herritarrei printzipio etikoen indarraz eta instituzioen ospe ona babesteko beharraz eman behar zaien konfiantzarekin”.
Azkenik, botere-aldaketa errazteko, Gobernu sartu berriarentzako dokumentazioa egoera onean dagoela bermatu beharko du jarduneko Gobernuak. Horretarako, ezinbestekotzat jotzen diren gai eta artxibo bukatugabeen egoera zehatzaren berri emanen dio, departamentuz departamentu, eta, orobat, dagokion aurrekontuaren betetze-mailaren berri emanen dio.
Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko goi karguen bateraezintasunei buruzko azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legeari dagokionez, aldatu egiten da 15. artikuluan jasotako zehapen araubidea, halako moldez non arau-hauste oso larriak, 600 eta 6.000 euro bitarteko isuna duten eta kargua uzteko kausa izan daitezkeenak, foru legea bete ez izanaren deklarazioaz zigortu ahalko baitira eta zigor hori NAOn argitaratuko baita.
Nafarroako Komunitateko Arartekoari buruzko azaroaren 4ko 4/2000 Foru Legean egindako aldaketaren ondoren, Arartekoak eginkizun zabalagoak izanen ditu Nafarroako administrazio publikoen gardentasunik ezagatiko kexei dagokienez.
Izan ere, Administrazio Publikoko organoen ebazpenek herritarrei informazio publikoa jasotzeko eskubidearen erabilera galarazten edo mugatzen dietela salatu nahi denean, Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluari erreklamazioa aurkezteko aukeraz gainera, Nafarroako Arartekoari ere kexa aurkeztu ahalko zaio.
-
Gardentasuna, Informazio Publikorako Sarbidea eta Gobernu onari buruzko Foru Lege Proiektuaren Argitalpena (21. NPAO, 2018-02-21ekoa)
-
Zuzenketen argitalpena (43. NPAO, 2018-04-12koa)
-
14/2004, 19/1996 eta 4/2000 Foru Legeak aldatzeko Proposamenaren argitalpena (115. NPAO, 2016-10-07koa)