Gaztela eta Leonen sexu- eta ugalketa-eskubideek jasan dezaketen murrizketa eta mugapena direla-eta bere errefusa agertzea baztertu du Parlamentuak
Ganberak ez du onartu Navarra Sumaren testu bat, emakumeen sexu-askatasunerako eskubidearekiko konpromiso tinkoa adierazten zuena
- Eledunen Batzarrak errefusatu egin du adierazpen bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere errefus bipila agertzen baitu Gaztela eta Leonen sexu- eta ugalketa-eskubideek jasan dezaketen murrizketa eta mugapena direla-eta. Honakoek aurkeztua: PSN, Geroa Bai, Podemos Ahal Dugu eta I-E. EH Bilduk alde bozkatu du, ekimen-aurkezleekin batera; Navarra Sumak aurka bozkatu du.
Baztertutako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
1.- Nafarroako Parlamentuak bere errefus bipila agertzen du Gaztela eta Leonen sexu- eta ugalketa-eskubideek jasan dezaketen murrizketa eta mugapena direla-eta; izan ere, horiek dakarte emakumeek beren eskubideen egikaritzean duten askatasuna hertsatu eta mugatuko luketen neurri batzuk osasungintza publikoan instituzionalizatzea.
2.- Nafarroako Parlamentuak bere konpromisorik tinkoena agertu nahi du emakumeen eskubideak arlo guztietan eta Estatu osoan aldeztu eta aitzinaraztearekin.
3.- Nafarroako Parlamentua betiere arituko da emakumeen sexu- eta ugalketa-eskubideak bermatzeko langintzan, halako moldez non nahi dutenek modua izan dezaten beren haurdunaldia eteteko, berdintasun-, intimitate- eta duintasun-baldintzetan, bai eta askatasuna eta segurtasuna babestekoan ere; batik bat, emakumeak zaurgarrien senti daitezkeen uneetan.
- Eledunen Batzarrak adierazpen bat baztertu du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere konpromisorik tinkoena agertzen baitu emakumeen sexu-askatasunerako eskubidearekiko. Navarra Sumak aurkeztu du. PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurka bozkatu dute.
Baztertutako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
1.- Nafarroako Parlamentuak bere konpromisorik tinkoena agertzen du emakumeen sexu-askatasunerako eskubidearekiko; eskubide hori, hain zuzen, kolokan jarria izaten ari da, sexu-delituak egiten dituztenei sexu-askatasunaren berme integralerako irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoak egiten dien zigor-muga gehienekoaren murrizketaren ondorioz –"Bai soilik da bai" gisa ezagutua–. Hori dela-eta, Espainiako Gobernuari exijitzen dio berehalakoan berrikus dezan, Gorteetara eramanez murrizketa hori bertan behera utziko duen Lege Organiko baterako proiektu bat.
2.- Nafarroako Parlamentuak bere kontrakotasun erabatekoa adierazten du Berdintasuneko Ministroak eta Berdintasuneko Estatuko Idazkariak, Montero eta Rodríguez andreek, lege horren aplikazioari buruz eginiko adierazpenak direla-eta, epaileriaren aurkako eraso onartezina direlako, bai eta biktimei iseka egite bat; hori dela-eta, Espainiako Gobernuko lehendakariari exijitzen dio kargutik ken ditzan berehalakoan.