Noiz argitaratua Ostirala, 2020.eko Abenduak 11

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala irakurtzeko ekitaldi instituzionala, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunarekin bat eginez

Unai Hualdek Nazio Batuen aldarrikapenaren "artikulu guztiak gogoratzeko eta aplikatzeko" deia egin du, "egoera bidegabeak murrizteko eta inor atzean ez uzteko"

Arlo zibileko erakunde ugarik proposatuta, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala irakurtzeko ekitaldi instituzionala egin da gaur Nafarroako Parlamentuan, aldarrikapenaren 72. urteurrenarekin bat eginez. Unai Hualde Legebiltzarreko lehendakaria izan da ekitaldiari hasiera eman diona eta “erakundeen boterea gizarte eragileen indarrarekin bateratzearen beharra” azpimarratu du, “egunero eta hemen bertan ematen diren oinarrizko eskubideen urraketak denen artean murrizteko”.

 

Saharan ematen ari diren “eskubideen zapalkuntzak” deitoratu ditu eta Mediterraneo itsasoan edo Kanariar irletara bidean itota hiltzen diren ehundaka pertsonak oroitu ditu Hualdek, eta Aldarrikapen Unibertsalaren oinarri etikoak urratzen dituzten indarkeriazko adierazpenak salatzen jarraitu behar dela ohartarazi du.

 

Pandemiaren ondorio ekonomikoak direla eta “kezka” agertu du lehendakariak, “gure gizarteak lehendik zituen arazoak areagotu" baitira, eta adierazpenaren "artikulu guztiak gogoratu eta aplikatzeko" deia egin du, "egoera bidegabeak murrizteko eta inor atzean ez uzteko".

 

"Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunik eza, soldata-arrakala, indarkeria matxista, arrazakeria kasuak eta gizarte-bazterketako egoerak" dira, Unai Hualderen esanetan, giza eskubideen oinarri etikoa urratzen duen humanismoaren porrota. "Horregatik da hain garrantzitsua gure erkidegoan egunez egun egiten duzuen lana, errespetuaren eta herri eta nazio guztientzako ideal komun horren larrainean. Eskerrik asko, plazer handia da atzo ospatu zen Giza Eskubideen Nazioarteko Egunarekin bat eginez zuek hemen izatea".

 

Ondoren,  Javier Urrozek (Papeles Denontzat) "giza eskubideen defentsa besarkatzeko" gonbita egin du, "balio unibertsal horiekin konprometitutako gizarte bat bakean bizi den gizarte bat delako, pertsona guztien eskubideak integratzen eta onartzen dituena, datozen lekutik datozela".

 

Ildo horretan, Osoko Bilkuren aretoan bildu diren 24 gizarte eragile eta elkarteetako ordezkariek, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren irakurketa “kritikoa” egin dute (gazteleraz, euskaraz eta arabieraz). “Sinergiak eraikitzeko eta mundo justuago baten bidean elkarrekin lan egiteko” deia egin dute. “Helburua gertatzen ari diren eskubide urraketa guztiekin amaitzea da eta gure erkidegoen bizi diren pertsona guztiek beren eskubideak libreki gauzatzea”.

 

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala (GEAU) Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1948ko abenduaren 10ean Parisko Chaillot Jauregian (Frantzia) 217 Ebazpen gisa onartu zuen dokumentu historiko bat da. Bigarren Mundu Gerraren ostean, egindako gehiegikeriak argi ikusi zirenean, nazioarteko komunitateak adostu zuen Nazio Batuen Erakundearen Kartak ez zituela nahiko ondo adierazten defendatzeko helburua zituen eskubideak, eta beharrezkoa zen norbanakoen eskubideak zehazten zituen aldarrikapen unibertsal bat egitea, Kartak aipatzen zituen giza eskubide horiek argitzeko.

 

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 30 artikuluen irakurketa “kritikoan” parte hartu duten gizarte eragile eta erakundeen zerrenda hurrengoa da: Pobreziaren Aurkako Sarea, Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataforma, Médicos del Mundo, Salhaketa Nafarroa, Itaka Escolapios, Papeles Denontzat, Plataforma Infantivismo, Sos Arrazakeria, Internacional Protección, ICA, Sare Elkartea, Apoyo Mutuo, CEAR, SEI Elkartea, Help-Na, Amnistía Internacional, Acción contra la trata-Las Poderosas, Mugarik, Coordinadora ONGDS, Feministas de Navarra, AFADENA, Oxfam Intermon, Alboan, Zaska Nafarroa, Gazte Kontseilua, Iruña Harrera Hiria eta Martes al Sol.

 

Irakurketaren koordinazioa Idoia Onecak egin du, Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiako Batzordearen (CEAR) ordezkariak.

 

Ekitaldian egon dira Inma Jurío eta Yolanda Ibáñez Parlamentuko lehendakariordeak, Juan Luis Sánchez de Muniáin eta Maiorga Ramírez idazkariak eta talde parlamentario guztietako ordezkariak.