Noiz argitaratua Ostirala, 2021.eko Abenduak 10

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala irakurtzeko ekitaldi instituzionala, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunarekin bat eginez

Unai Hualdek Nazio Batuen aldarrikapenaren "artikulu guztiak gogoratzeko eta aplikatzeko" deia egin du, "egoera bidegabeak murrizteko”

Arlo zibileko erakunde ugarik proposatuta, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala irakurtzeko ekitaldi instituzionala egin da gaur Nafarroako Parlamentuan, aldarrikapenaren 73. urteurrenarekin bat eginez. Unai Hualde Legebiltzarreko lehendakaria izan da ekitaldiari hasiera eman diona eta “erakundeen boterea gizarte eragileen indarrarekin bateratzearen beharra” azpimarratu du, “egunero eta hemen bertan ematen diren oinarrizko eskubideen urraketak denen artean murrizteko”.

 

Horrela, Afganistanen pairatzen ari diren egoera eta Mediterraneoan, Mantxako kanalean edo, hurbilago, Bidasoan, “pertsonak bizitza hobe baten bila hiltzen diren lekuan”, gertatzen dena aipatu ondoren, Unai Hualdek azpimarratu du Parlamentuak konpromiso irmoa duela Giza Eskubideekin eta 2030 Agendako Garapen Jasangarrirako Helburuekin, eta gogorarazi du Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Ituna, joan den otsailean sinatutakoa, “ibilbide orria” dela helburu horiek lortzeko.

 

Pandemiaren ondorio ekonomikoak direla eta “kezka” agertu du lehendakariak, “gure gizarteak lehendik zituen arazoak areagotu" baitira, eta adierazpenaren "artikulu guztiak gogoratu eta aplikatzeko" deia egin du, "egoera bidegabeak murrizteko helburuarekin”.

 

“Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunik ezak, soldata-arrakalak, indarkeria matxistak edo arrazakeria-kasuek agerian uzten dute”, Unai Hualdek dioenez, “oraindik asko dagoela egiteko. Horregatik gogorarazi nahi dut Parlamentuaren garrantzia nafar guztien ordezkaritza-organo gisa eta gizarte-kolektiboen bozgorailu gisa. Eskerrik asko, benetan pozgarria da zuek gaur, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, hemen izatea”.

 

Ondoren, Idoia Oneca (CEAR) eta Begoña Cestauk (Zaska) "giza eskubideen defentsa besarkatzeko" gonbita egin dute, "balio unibertsal horiekin konprometitutako gizarte bat bakean bizi den gizarte bat delako, pertsona guztien eskubideak integratzen eta onartzen dituena, datozen lekutik datozela. Nafarroan gertatzen ari diren urraketak salatu nahi ditugu. Eskubide unibertsalez, interdependenteez eta zatiezinez ari gara”.

 

Ildo horretan, Osoko Bilkuren aretoan bildu diren gizarte eragile eta elkarteetako ordezkariek, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren irakurketa “kritikoa” egin dute (gazteleraz, euskaraz eta arabieraz). “Sinergiak eraikitzeko eta mundo justuago baten bidean elkarrekin lan egiteko” deia egin dute. “Helburua gertatzen ari diren eskubide urraketa guztiekin amaitzea da eta gure erkidegoen bizi diren pertsona guztiek beren eskubideak libreki gauzatzea”.

 

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala (GEAU) Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1948ko abenduaren 10ean Parisko Chaillot Jauregian (Frantzia) 217 Ebazpen gisa onartu zuen dokumentu historiko bat da. Bigarren Mundu Gerraren ostean, egindako gehiegikeriak argi ikusi zirenean, nazioarteko komunitateak adostu zuen Nazio Batuen Erakundearen Kartak ez zituela nahiko ondo adierazten defendatzeko helburua zituen eskubideak, eta beharrezkoa zen norbanakoen eskubideak zehazten zituen aldarrikapen unibertsal bat egitea, Kartak aipatzen zituen giza eskubide horiek argitzeko.

 

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 30 artikuluen irakurketa “kritikoan” parte hartu duten gizarte eragile eta erakundeen zerrenda hurrengoa da: Pobreziaren Aurkako Sarea, Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataforma, Médicos del Mundo, Salhaketa Nafarroa, Itaka Escolapios, Papeles Denontzat, Plataforma Infantivismo, Sos Arrazakeria, Sare Elkartea, Apoyo Mutuo, CEAR, SEI Elkartea, Amnistía Internacional, Las Poderosas Kawiyat, Mugarik, Coordinadora ONGDS, Feministas de Navarra, Oxfam Intermon, Alboan, Zaska Nafarroa, Plataforma de derechos y Salud Mental, Asociación Mejorama eta PIM Punto Informacion Migrante.

 

Irakurketaren koordinazioa Idoia Onecak egin du, Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiako Batzordearen (CEAR) ordezkariak.

 

Ekitaldian egon dira Maiorga Ramírez bigarren idazkaria eta talde parlamentario guztietako ordezkariak.