Noiz argitaratua Asteartea, 2023.eko Abenduak 12

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala irakurtzeko ekitaldi instituzionala, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira

Unai Hualdek nabarmendu du Nafarroako gehiengo sozial eta politikoa lanean ari dela gizarte bidezkoago, berdinzaleago eta, batez ere, pertsona guztientzako eskubide guztiak errespetatzen dituen Nafarroa baten alde

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak eman dio hasiera gaur Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala irakurtzeko ekitaldiari. Giza eskubideen adierazpenaren 74. urteurrenean foru legebiltzarrak ekitaldi hori antolatu du, hainbat gizarte erakunde eta entitatek proposatuta. Adierazpen hori, presidentearen esanetan, "historikoa izan zen eta da, pertsona orok dituen eskubide besterenezinak aitortzen dituelako, edozein dela ere pertsona horren arraza, kolorea, erlijioa, sexua, hizkuntza, iritzi politikoa, jatorri nazionala edo soziala, jaioterria edo posizio ekonomikoa".

 

Testuinguru horretan, eta "gaur, 75 urte geroago, gure kaleetan, Europan, Ukrainan eta azken hilabetean, are era bortitzagoan, Palestinan bizi den errealitatearekiko" kezka agertu ondoren, Parlamentuko presidenteak ekitaldia aprobetxatu du "Israeli berriro ere su-etena eskatzeko. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala aldarrikatu eta 75 urtera betetzen ari ez den nazioarteko zuzenbidearekiko errespetua eskatzen dugu berriz ere, deigarria baita, kasu honetan, Israelgo estatuarentzat eskubide urraketa hauek inolako ondoriorik ez izatea".

 

Ildo horretan, Hualdek elkartasuna adierazi die Palestinako herriari eta giza eskubideen urraketak jasaten dituzten pertsona eta herri guztiei, eta gaineratu du "Nafarroak ere erronka garrantzitsuak" dituela, eta hori dela eta, "guztion artean zerbitzu publikoak hobetzearen alde egiten jarraitzearen" alde agertu da, "Nafarroa hobea eraikitzearen alde".

 

Hala, hirugarren sektoreko elkarteek eta kolektiboek giza eskubideak errespetatzen eta betetzen direla zaintzeko egiten duten lana eta erakunde publikoekiko lankidetza eskertu ondoren, lehendakariak nabarmendu du "erakundeon betebeharra ere badela lan egitea fanatismorik eta gorroto-diskurtsorik gabeko gizartea eraikitzeko, eta, zoritxarrez, ez dira garai onak. Batez ere nabarmendu nahi dut, gutxiengo horren aurrean, Nafarroako gehiengo sozial eta politikoa lanean ari dela gizarte bidezkoago, berdinzaleago eta, batez ere, pertsona guztientzako eskubide guztiak errespetatzen dituen Nafarroa baten alde”.

 

Jarraian, Idoia Onecak, Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren aurkako Nafarroako Sarearen ordezkariak, Nafarroako Parlamentuan egin den ekitaldia goraipatu du, "oso leku berezia da, hemen gorpuzten baita botere legegilea. Legeek berdintasuna, askatasuna, errespetua, bizitzeko eskubidea, hezkuntza eta osasuna bermatu behar dituzte, pertsonen eskubideen urraketarik gerta ez dadin".

 

“Adierazi nahi dugu giza eskubideekin konprometitutako Nafarroako gizartea bakean bizi den gizartea dela, pertsona guztiak biltzen dituena, edozein dela beren jatorrizko herrialdea, azal-kolorea, erlijioa, sexua, hizkuntza, baldintza ekonomikoak eta pertsonalak. Hori da lanean jarraitzera garamatzan helburua".

 

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala (GEAU) Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1948ko abenduaren 10ean Parisen emandako 217 A (III) Ebazpenean onartutako aldarrikapen-dokumentua da. Aldarrikapen hori Bigarren Mundu Gerran zenbait estatu totalitariok egin zituzten izugarrikeriek eragindako ikararen ondorioz sortu zen. Aldarrikapen horren bidez, oinarrizko eskubide batzuk bermatu nahi dira eta Estatuaren gainetik jarri, Estatua baita eskubide horien eraginkortasuna bermatu behar duena.

 

Hona hemen Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 30 artikuluen irakurketa “kritikoan” parte hartu duten gizarte erakunde eta entitateen zerrenda: Amnistia Internazionala, Alboan, SEI Elkartea, Mejorana elkartea, Errefuxiatuei Laguntzeko Espainiako Batzordea, GKEen Koordinakundea, Iruñeko Feministak, Astelehen Lilak, Itaka Escolapios, Munduko Medikuak, Oxfam Intermon, Eskubideen eta Osasun Mentalaren Plataforma, Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren aurkako Nafarroako Sarea, Salhaketa Nafarroa, CERMIN, SOS Arrazakeria, Adsis Nafarroa Fundazioa, Lantxotegi, Nafarroako Gazteriaren Kontseilua, Gaz Kaló, Haziak, Comfin, Paris 365 eta ACH.

 

Idoia Oneca Pobreziaren eta Gizarte Bazterkeriaren aurkako Nafarroako Sarearen ordezkariak gidatu eta koordinatu du irakurketa.

 

Ekitaldian izan dira Yolanda Ibáñez, lehenengo idazkaria, Mikel Zabaleta, bigarren idazkaria, Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordea eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, Patxi Vera, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa, bai eta legebiltzarrean eserlekua duten alderdi guztietako parlamentariak ere.