Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Maiatzak 5

Gizarte babesa eta zahartze aktiboa politika publikoen funtsezko zutabeak direla ziurtatu du Foru Gobernuak

“Autokonplazentzia" leporatu dion EH Bilduren interpelazio bati erantzun dio

EH Bilduk osoko bilkuran egindako interpelazio bati erantzunez, Mari Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilariak adierazi du "diskriminazio handia" dela adinekoen taldea multzo homogeneo gisa tratatzea.

 

Maeztuk adierazi duenez, gizarte-babesa eta zahartze aktiboa "adinekoei zuzendutako politika publikoen funtsezko zutabeak dira", Nafarroako Gobernuaren 2017-2022 estrategian jasota daudenak.

 

Estrategia horrek pertsonengan oinarritutako arreta-eredu baten aldeko apustua egiten duela azaldu du, adinekoen lehentasun pertsonalak, generoa eta lurraldetasuna kontuan hartuta.

 

Kontseilariak kolektibo honek datozen urteetan izango duen hazkundeari buruzko proiekzio demografikoak azaldu ditu, eta adierazi du, Nastaten datuen arabera, Nafarroan 65 urte edo gehiagoko biztanleria 48.000 pertsonatan handituko dela 15 urtetan. "Aurrerapausoak ematen jarraitu behar dugu", esan du kontseilariak, eta etorkizunari buruzko ikuspegi "positiboa" duela adierazi du.

 

Patricia Peralesek (EH Bildu) nabarmendu duenez, "administrazioen betebeharra da 65 urtetik gorako biztanleei arreta emateko erronka handiari heltzea", eta "zahartze aktiborako plan oso batek, asmo handiko modu batean helduz gero", kolektibo horren bizi-kalitatea hobetzen lagun dezakeela uste du.

 

Peralesek "autokonplazentziazko diskurtsoa" ez egiteko eskatu du, eta "adineko guztiei arreta integrala" ematearen alde egin du. Gaixotasunik eza ez ezik, pertsona horien "ongizate soziala eta emozionala" ere kontuan hartu behar direla adierazi du.

 

Cristina Ibarrolak (Navarra Suma) adierazi duenez, zahartze aktiboaren estrategiarekin "berriro ere harri berarekin estropezu egiten dugu"; izan ere, "Osasun kontseilariak du lidergoa", eta bere "utzikeria" aurpegiratu dio, "ez baitu jarduera berririk egin. Pandemian zehar adineko pertsonekin gertatutakoak hotzikara eragiten du, eta zuek geldirik egon zarete estrategia horrekin", arbuiatu du.

 

Bozeramaile erregionalistak aurpegiratu duenez, "2022tik aurrera ez dute ekintzarik iragarri", eta gaitzetsi du kronikoen estrategia "bertan behera utzita" dagoela eta ez dutela "etxeko errehabilitazioa" hasi, besteak beste.

 

Nuria Medinak (PSN) Ibarrolari erantzun dio "ausardia behar dela izan tribuna honetara igotzeko eta guri lezioak eman nahi izateko", aurreko legegintzaldietan adineko pertsonak UPNren "agenda politikotik erabat kanpo egon direnean" eta alderdi politiko horren "erdeinua pairatu dutenean".

 

Isabel Aranburuk (Geroa Bai) zahartze osasungarria defendatu du kontzeptu global gisa, adinekoen burujabetza ekonomikoa, pertsonarengan oinarritutako arreta, teleasistentzia-eredu berria, prebentzioa eta bizitoki-eredu berriak bezalako alderdietan oinarrituta.

 

Marisa de Simónek (I-E), "biztanleria gero eta zaharrago" dagoela azpimarratu ondoren, "bakoitzari behar duena ematea da kontua", ohartarazi du. Era berean, adinekoen "duintasunerako eskubidea" aipatu du, eta horrek "askotan autonomiaz bizitzeko eskubidea dakar", eta nahi ez den bakardadearen aurka egiteko beharra azpimarratu du.