Gizarte Erakundeen Plataformak Pobreziaren aurkako Nafarroako Ituna eguneratzeko eskatu dio Parlamentuari
Koronabirusak eragindako krisiak gizarte desberdintasunak areagotu dituela ohartarazi du eta inoiz baino beharrezkoagoa den akordio batera iristeko borondatea “ekintza zehatzetan” defini dezaten eskatu die talde parlamentarioei
Pobrezia Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, Gizarte Erakundeen Plataformak Pobreziaren aurkako Nafarroako Ituna berrikusi eta egunera dezan premiatu du Nafarroako Parlamentua, 2030 Agendan jasotako garapen jasangarriko helburuei begira, pandemiak areagotu duen pobrezia eta gizarte bazterketa egoerekin amaitzeko.
Inma Jurío, Foru Legebiltzarreko lehen lehendakariordea izan da ekitaldiari hasiera eman diona, eta “iaz talde parlamentario guztiek Pobreziaren aurkako Nafarroako Ituna berritzeko hartutako konpromisoak indarrean dirauela” nabarmendu du, “asteartean aho batez onetsitako adierazpen instituzionalak erakusten duen bezala”.
Juríok adierazi du “pobrezia edo gizarte bazterkeria egoeran dauden pertsonek premiazko jarduketa bat behar dute, etenik gabekoa, are gehiago krisi sanitarioaren testuinguru honetan. Eskerrak eman nahi dizkiot Gizarte Erakundeen Plataformari Nafarroan egiten duen lanagatik, erakundeekin duen lankidetzagatik eta urrian zehar antolatu dituen jarduera guztiengatik. Zuen leloa gure egiten dugu, ez dezagun inor atzean utzi”.
Jarraian, Celia Pinedok (GKE-aren Nafarroako koordinatzailea) eta Gara Gonzálezek (Pobreziaren aurkako Sarea), Gizarte Erakundeen Plataformaren ordezkari gisa, “ardura politikoa eta akordioak lortzeko borondatea” eskatu dute, 2030 Agendarekin bat eginen duten premiazko erabaki zehatzak hartzeko. “Aurtengo urriak 17 data garrantzitsua izan behar zen, Parlamentua eta plataforma Pobreziaren kontrako ituna sinatzen egon behar ginen, 2007an sinatutako ituna hobetuz eta zehaztuz. Egia da martxoan bizitza gelditu egin zela, baina Covid 19a ezin da aitzakia gisa erabili. Pandemiak kudeaketa sistema publikoa kolokan jarri du, baina guk hitzartutako moduan eta denboran gure proposamena aurkeztu genuen. Ituna sortzeko lanean zaudetenaren konfiantza dugu. Pobreziaren aurkako ituna sinatzea, parlamentu honen gutxieneko akordioa izan behar da”.
Esandakoaren harira, Plataformak gogorarazi du “pobreziaren aurkako borrokak ez duela zeinu politikoez, lurraldeez edo errealitateez ulertzen. Munduko Bankuak helarazitako azkeneko datuen arabera, pandemiaren ondorioz 150 milioitan haziko da pobrezia egoeran dauden pertsonen kopurua 2021 urtean. Pertsona horiek inoiz baino gehiago behar dute Itunaren bidez euren eskubideak aitortzea, eta horretarako, 2007ko ituna hobetu eta eguneratzea ezinbestekoa da, konpromiso zehatz eta egingarriekin”.
Pinedo eta Gonzálezek amaitzeko azpimarratu dute emakumeentzat, migranteentzat edo desgaitasuna duten pertsonentzat egoera are zailagoa dela, “enplegurako aukera gutxiago dituzte eta diru-laguntzen falta, eta beraz, gizarte bazterkeria egoerarako arriskua handiagoa da”. Aurten manifestaziorik ospatu ezin denez, gizarteari deia egin diote “sare sozialen bidez haien aldarrikapenari jarraipena emateko”.
Parlamentuak Pobrezia Ezabatzeko Nazioarteko Egunarekin bat eginez olana jarriko du egoitzaren kanpoaldean.
Gizarte Erakundeen Plataformatik etorri dira Mariaje Huici, Javier Liras, Elena Vizcay eta María Luz Sanz. 160 elkarte batzen ditu Plataformak, eta hurrengo sareek osatzen dute: Coordinadora de ONGD de Navarra, Red de Economía Alternativa y Solidaria, Red de Lucha contra la Pobreza y Exclusión Social de Navarra, y Comité de Entidades Representantes de Personas con Discapacidad de Navarra (CERMIN).
Ekitaldiaren amaieran eledunek talde-argazkia egin dute, eta bertan izan dira Inma Jurío, Foru Legebiltzarreko lehen lehendakariordeaz gain, talde parlamentarioetako ordezkariak, baita María Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakaria ere.
Hori baino lehen, eledunek pasa den urriaren 13an Eledunen Batzarrak onetsitako adierazpen instituzionala irakurri dute, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten baititu txirotasunaren eta ezberdinkeriaren aurka jadanik hartutako konpromisoak; are gehiago, egungo pandemia egoeran. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
“Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten ditu jadanik 2019ko urriaren 7an onetsitako adierazpen instituzionalean hartutako konpromisoak, are indar handiagoa baitute egungo pandemia egoeran. Txirotasunaren eta Desberdinkeriaren aurkako Hitzarmen berria adostasuna lehenetsi duten talde parlamentario desberdinen elkarlanaren fruitua izanen da, bai eta horien eta gizarte zibil antolatuaren arteko lanarena ere, xede komun batekin: inor atzean ez uztea.
Hona hemen Hitzarmen berrian jasoko diren 16 helburuak, aho batez adostutako neurriak izanen dituztenak:
1. Txirotasun modu guztiekin amaitzea, mundu osoan.
2. Gosearekin amaitzea, elikagai-segurtasuna eta nutrizioaren hobekuntza lortzea eta nekazaritza jasangarria sustatzea.
3. Bizimodu osasungarria bermatzea eta guztientzako ongizatea sustatzea adin-tarte guztietan.
4.- Hezkuntza.
5. Generoen arteko berdintasuna lortzea eta emakume eta neskatxa guztiak ahalduntzea.
6. Uraren eskuragarritasuna eta haren kudeaketa jasangarria bermatzea. Saneamendua denontzat.
7. Energia eskuragarria, segurua, jasangarria eta modernoa bermatzea guztiontzat.
8. Hazkunde ekonomiko iraunkorra, inklusiboa eta jasangarria sustatzea, bai eta enplegu osoa eta produktiboa eta denontzako lan duina ere.
9. Industria, Berrikuntza eta Azpiegiturak.
10. Herrialdeetako eta herrialdeen arteko desberdinkeria murriztea.
11. Hiriak eta giza kokalekuak inklusiboak, seguruak, erresilienteak eta jasangarriak izan daitezen lortzea.
12. Kontsumo- eta produkzio-eredu jasangarriak bermatzea.
13. Neurri urgenteak hartzea klima-aldaketa eta haren ondorioak borrokatzeko.
14. Ozeanoak, itsasoak eta itsas baliabideak zaintzea eta modu jasangarrian erabiltzea, garapen jasangarria xede.
15. Basoak era jasangarrian kudeatzea, desertifikazioaren aurka borrokatzea, lursailen degradazioa geldiarazi eta alderantzikatzea eta biodibertsitate-galera geldiaraztea.
16. Gizarte bidezko, baketsu eta inklusiboak sustatzea”.