Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Urriak 17

Gizarte Erakundeen Plataformak urtebeteko epean 2007ko Pobreziaren aurkako Nafarroako Ituna berrikusi eta eguneratzeko eskatu dio Parlamentuari

Gogorarazi du Nafarroan 86.500 pertsonak gizarte bazterketaren arriskua dutela, eta Foru Legebiltzarra premiatu du bere borondatea “ekintza zehatzetan” defini dezan

Pobrezia Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, Gizarte Erakundeen Plataforma pozik agertu da Parlamentuak hartu duen erabakiarekin, hau da, Pobreziaren aurkako Nafarroako Ituna berrikusi eta eguneratzearekin, 2030 Agendan jasotako garapen jasangarriko helburuei begira, justizia fiskalean eta inklusiorako zein babeserako gizarte politika publikoen sustapenean oinarritutako eredu ekonomikorako aldaketa bultzatzeko.

 

Legebiltzarraren egoitzan egindako prentsaurrekoan Gizarte Erakundeen Plataformaren ordezkariek adierazi dutenez, azkeneko datuen arabera “1.400 milioi pertsona bizi dira pobrezia gorrian, 13 milioitik gora Espainiako Estatuan. Nafarroan 86.500 pertsonak dute gizarte bazterketaren eta pobreziaren arriskua, horietatik 26.000 pobrezia egoera larrian”.

 

Aurrekoaren harira, desgaitasuna duten pertsonen egoeraz, etorkinen egoeraz eta emakumeen egoeraz ohartarazi dute. Kolektibo horiek, izan ere, “enplegagarritasun maila apalen eta laguntza faltaren ondorioz, gizartetik baztertzeko arrisku handiagoa dute”.

 

Globalki eta uneko eredu sozial eta ekonomikoa laburbildu nahian, adierazi da “planetako 26 pertsona aberatsenek munduko 3.800 milioi pobreenek adina aberastasun dutela”. Hori dela eta, Nafarroako Parlamentuaren konpromisoa eskertu dute “pobreziaren funtsezko kausez eta garapen-behar unibertsalaz arduratzeko”, eta Legebiltzarra premiatu dute “berehala eta ekintza zehatzekin has dadin lanean” Pobreziaren eta Desberdintasunaren aurkako Nafarroako Itun eguneratu eta berri bat izenpetzeko.

 

Gizarte Erakundeen Plataformatik etorri dira Edurne Redín, Carmen Burgui, José Antonio Delgado, Celia Pinedo, Mariaje Huici, Javier Liras, Nerea Arana, Jaione Eugui, Laura Irurzun, Maite Tabar eta Gara González ordezkariak, eta gizarte osoari deia egin diote ostegun honetarako, hilak 17 (Udaletxe plazan, 19:00) antolatutako aldarrikapen jardunaldian parte hartzeko. Honekin batera, Nafarroako Parlamentuak olana jarriko du egoitzaren aurrealdean ekimenarekin bat eginez.

 

Gizarte Erakundeen Plataformak 160 elkarte batzen ditu, eta hurrengo sareek osatzen dute: Coordinadora de ONGD de Navarra, Red de Economía Alternativa y Solidaria, Red de Lucha contra la Pobreza y Exclusión Social de Navarra, y Comité de Entidades Representantes de Personas con Discapacidad de Navarra (CERMIN).

 

Ekitaldiaren amaieran eledunek talde-argazkia egin dute, kanpainako leloaren ikur gisa afixa bat ageri zutela. Parlamentuko lehendakari Unai Hualde ekitaldian izan da talde parlamentarioetako ordezkariekin batera.

 

Eledunen Batzarrak pasa den urriaren 7an adierazpen instituzional bat onetsi zuen aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak Pobrezia Ezabatzeko Nazioarteko Egunarekin bat egiten duen, talde parlamentario guztiek aurkeztua.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"Nafarroako Parlamentuak bere konpromisoa adierazten du:

 

Pobreziaren eta Desberdintasunaren aurkako Nafarroako Itun berri bat gara dezan 2020ko urriaren 17rako, data horretan Pobrezia Desagerraraztearen aldeko Nazioarteko Eguna ospatzen baita.

 

2007. urtean sinatutakoa berritu eta gaurkotuko duen itun bat, zeinean honako hauek jasoko baitira:

 

1. Bada agindu etiko, sozial, politiko eta ekonomiko bat, pobrezia desagerrarazteko helburua lortzeko eta gizarte-kohesioa lortzeko.

 

2. Estatua 2030eko Agendari eta Garapen Jasangarriko Helburuak garatzeari atxikitzea adostasun politiko eta sozialeko osagai sendo bat da pobrezia eta desberdintasuna desagerrarazteko, bai herrialde txirotuengan, bai gure ingurunean, eta helburu horiek beteko direla bermatzeko nazioarteko erkidegoak ahalegin etengabea egin behar duela.

 

3. Nafarroako Gobernua agendari eta haren helburuak betetzeari atxiki zitzaion urte bereko apirilean, hura betetzeko behar zen ahalegina babesteko konpromisoarekin.

 

4. Ekonomia solidarioa –zeinak bidezko merkataritza, kontsumo arduratsua, enpresa solidarioak eta finantza solidarioak jasotzen baititu– Garapen Jasangarriko Helburuak betetzeari begira beharrezkoa den eredu baten gisa planteatzen da, eta bazterkeriaren nahiz pobreziaren zergatien aurkako borrokan parte hartzen du, garapen iraunkor bat sustatuz eta gaurko nahiz etorkizuneko belaunaldien beharrizanak jasoz.

 

5. Nafarroako botere publiko eta eragile politiko eta sozial guztien erantzukizuna da pertsona guztien eskubideen legitimazioa indartzea eta lortzea Nafarroan aporofobiarik ez gertatzea. Eta kohesio sozial handiagoak eskatzen du, aldi berean, pobrezia eta gizarte bazterketa desagerrarazteko politika publikoak, ukitutako dimentsio guztiak jasoko dituzten politika eraginkorrak sustatuz (etxebizitza, osasuna, enplegua eta prestakuntza, hezkuntza, haurtzaroa eta gazteria...), eta baliabideak direla-eta behar adinako eta beharrezkoa den zuzkidura edukiz.

 

6. Ahalegin solidario hau garatzen duen esparru instituzional eta politikoa hainbat legegintzalditan egindako lanaren fruitu eta herritarren ondare amankomuna da, akordio politikoaren eta herritarren mobilizazioaren fruitu. Iraganean hartutako konpromisoak gaurkotu beharra dago konpromiso horiek egiaz bete daitezen lortzeko eta errealitate politiko eta sozial berrien arabera areagotu daitezen. Borondate hori Pobreziaren eta Desberdintasunaren aurkako Nafarroako Ituna gaurkotuz gauzatu behar da, ulerturik lankidetzarako politika eta gizarte-politikak ezin direla interes partidisten mende egon”.