Gobernuak, COVID-19a dela-eta, kultur politikak egokitzearen aldeko apustua egiten du, ildo estrategikoak albo batera utzi gabe
Hala dio Nafarroako Podemos Ahal Duguren interpelazio bati erantzunez, zeinak zeharkako ikuskera bat eskatu baitu, sarbidearen eta profesionalizazioaren arloan neurri zehatzak modu koordinatuan abiarazteko
Nafarroako Gobernuko Kulturako kontseilari Rebeca Esnaolaren ustez, COVID-19ak eragindako krisia dela-eta, kulturaren esparruan “hil ala bizikoa da egokitzea, errealitate berriaren aitzinean tokia hartzea eta egoerei aurrea hartzea, baina legegintzaldiaren hasieran ezarritako plan eta ildo estrategikoak albo batera utzi gabe”.
“Aitzinera egiten jarraitu beharra dago krisia gorabehera, sektorearen epe motz-motzeko biziraupenari erantzun behar zaio, epe luzeko begirada galdu gabe”, nabarmendu du Esnaolak, zeinak “kulturaren sektoreek bizirik eta dinamikoak izaten jarrai dezaten lan egitearen eta herritar guztiek kultura eskura izatea bermatzearen aldeko apustua” egin baitu.
Nafarroako Podemos Ahal Duguk kontroleko osoko bilkura mistoan (presentziala eta telematikoa) kulturaren arloko politika orokorrari buruz aurkeztutako interpelazioari erantzunez, Esnaolak mahai gainean jarri du koronabirusak sektorean izandako “berehalako eragin negatiboa”, eta ohartarazi du “argitu beharreko zalantza ugari” dagoela oraindik ere; besteak beste, “ikusleekiko nahitaez izan beharreko harreman berria”.
Kontseilariak azpimarratu duenez, “ez dakigu COVID-19ak zer arrasto utzi duen herritarrengan, kultur ohiturei dagokienez”, eta orobat azpimarratu du funtsezkoa dela “kultura zerbitzu publiko eta eskubide gisa hartzea, eta beharrezkoa dela profesionalizazioa, departamentuan indarrean jarraitzen duten oinarrizko lan-ildoetan jasotzen den gisan, egoerak aldaketak nahitaez egitera eramaten bagaitu ere”.
Azaldu duenez, kultura “ezinbestekoa” da “aurrerabidea egin dezagun gizarte plural, ireki eta solidario bat lortzeko. Hori dena, mantendu ez ezik, indartu egin nahi dugu”. Gauzak horrela, Esnaolak adierazi du departamentuak “sektorearen eraldaketa digitala bultzatu eta lagundu behar duela, osasun krisiak agerian utzi baitu printzipio hori presa-presakoa” dela. Halaber, “sormen-prozesuak programa eta espazio berrien bidez sustatzearen eta zaintzearen aldeko apustua” egitearen alde azaldu da.
Hona Kultura Departamentuak bere buruari ezartzen dizkion beste zenbait helburu: sormena gaztelaniaz eta euskaraz sustatzeko eta hedatzeko ekintzak; zabalkundea eta dibulgazioa aldeztea; Kultur eskubideei eta irisgarritasun unibertsalari buruzko Foru Legearen bidez jorratutako kultur irisgarritasuna bermatzea eta horretan aurrerabidea egitea, eta genero-ikuskerarekin lan egitea.
Gainera, beste ekimen batzuen artean, Esnaolak gogora ekarri ditu honako hauek ere: arte garaikideari buruzko plan bat garatzeko asmoa; ezagutzaren bideak ziurtatzeko eta herritarrengana ailegatuko dela ziurtatzeko bitartekotza indartzea; liburu elektronikoak erosiz eduki digitaletarako sarbidea aldeztea; bibliobus bezalako kultur baliabideetarako irisgarritasuna handitzea eta hobetzea, edo liburutegiek erkidegoko egileekiko egiten duten apustu irmoa indartzea.
Kontseilariak azaldu duenez, “egiten dugun urrats bakoitza eragileen parte-hartzearekin eta esku-hartzearekin egin beharko da nahitaez”. Azpimarratu duenez, eragileek COVID-19aren krisian zehar helarazitako afera guztiei erantzun zaie eta horiek denak baloratzen ari dira.
Interpelazioaren defentsan, Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteko Mikel Builek esan du ezen “unean uneko egoeraz harago, non beharrezkoa izanen baita erreskate ekonomikoko neurri zehatz-zehatzak hartzea kulturaren sektoreari begira, kultur jarduera asko eta lanbidea bera hilzorian baitaude, garrantzitsua da gogoan izatea beharrezkoa dela departamentua sinergien bidez eta beste departamentu batzuekiko zeharkako lanaren bidez eta lankidetzaren bidez indartzen jarraitzea”.
Haren ustez, “zerbitzu publiko hau emateak sinergia handiak eskatzen ditu koordinazioaren arloan, eragile ugari daukagulako sektorean, eta denak baitaude kultur sormena aldezteko lanean buru-belarri. Neurriak hartu beharra dago, pertsona orok izan ditzan eskura kultur zerbitzuak, eta profesionalizazioa izan dadin legegintzaldiaren beste ardatzetako bat”.
Navarra Sumako Raquel Garbayok Mikel Buili erantzun dio kulturaren esparruan UPN gauza askotan “aitzindari” izan dela, esaterako, Mezenasgoaren Legean, eta azpimarratu du “krisi honetan kultura gainbehera doala eta Nafarroako egoera ez dela batere itxaropentsua”.
Carlos Menak (PSN) Nafarroan kulturaren arloan landu beharreko zenbait ardatz azaldu ditu, hala nola, sektore horren zeharkakotasuna, despopulazioaren aurkako herraminta gisa erabiltzea eta kultura sektoreen profesionalizazioa.
Geroa Baiko parlamentari den Ana Ansak nabarmendu du baldintza hauetan kultura “baztertuta” gelditu dela, baina bizi dugun “ziurgabetasun” egoeran, “balio are handiagoa” hartzen du.
Maiorga Ramírezek (EH Bildu) "hitzetatik ekintzetara igaro behar dela" ziurtatu du, eta ondoren, adierazi du harrituta dagoela sailburuak ez duelako ezer aipatu kultura sustatzeko presazko plana egiteko Legebiltzarraren aginduari buruz, plan hori aurkezteko epea astebete barru bukatuko denean.
Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra) azaldu du krisi sanitarioaren bitartean “kultura eskubideak errotik murriztu direla” eta hori dela eta “txoke plan bat” ezinbestekoa dela.