Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Otsailak 23

Gobernuak elkarrizketa sozialaren eredua eta enpleguaren arloko bere jarduna defendatu ditu

UPNren jabeldura bati erantzunez, zeinak salatu baitu elkarrizketa eta parte-hartzea agindu arren “balantzaka” dabilen politikak ugazaben eta sindikatuen “etsipena” eragiten duela

Miguel Laparra Eskubide Sozialetako lehendakariordeak Gobernuaren elkarrizketa sozialaren eredua defendatu du "pluralagoa eta inklusiboagoa" dela esanez, eta, UPNren kritiken aurrean, baieztatu du erreformak eta hautabideak, planak eta estrategiak lantzen ari direla, "iskanbilak bazter utzita".

 

Nafarroako Gobernuak enpleguaren arloan 2017an garatuko duen politika orokorrari buruz UPNk egin duen jabeldurari erantzunez, Laparrak enpleguaren hobekuntza baloratu du, "bertan goxo egin gabe, asko baitago egiteko". Ildo beretik, beharrezkotzat jo du "gutxienez 20.000 lanpostu sortzea herritarren itxaropenei erantzuteko eta galdutakoa berreskuratzeko".

 

Javier Esparzak (UPN) Gobernuari egotzi dio "kasurik ez egitea" orain urtebete baino gehiago enpleguari buruz egindako monografikoan onartu ziren erabakiei, eta, adibide gisa, Geroa Bairen ekimen bat aipatu du, parte-hartzearen, elkarrizketaren eta guztien ekarpenen bidez enplegu-plan bat egiteko eskatzen zuena.

 

"Ez elkarrizketarik ez parte-hartzerik, deus ere ez, ugazaben, UGTren, CCOOren eta are ELA eta LABen haserrea eta etsipena besterik ez", adierazi du Esparzak. Enpleguaren arloan Gobernua "balantzaka" dabilela eta "herrialde osoan nahiz Europan alde jotzen duen haizea" ez duela baliatzen iritzi dio.

 

Gainera, eztabaidan jarri du EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguk, Gobernua babesten duten taldeetako bik, Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua deuseztatzeko aurkeztu duten ekimena, Gobernuaren barnean "haserre ederra" dagoen seinale.

 

"Enplegu plana zirriborro moduan dago, ez esan gezurretan ari naizela, negoziaziorako agiri gisa planteatu delako", erantzun dio Laparrak, eta aitortu du beren elkarrizketa sozialaren eredua bestelakoa dela, "pluralagoa, inklusiboagoa".

 

Ildo horretan azpimarratu du aurrerapauso "garrantzitsua" izan dela otsailaren 13an Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren gobernu kontseiluak aho batez onetsi izana enplegu politika aktiboak negoziatzeko lan-plan bat, "inoiz baino pluralagoak" izanen diren erakundeek parte hartuko baitute.

 

"Oraindik ez gara suspertu, hamarkada batean 40.000 lanpostu galdu eta prekarizazio prozesu bat jasan ondoren, astebetetik beherako iraupena duten kontratuak %40 direlarik", aitortu du. Gero erantsi du 15.000 lanpostu berreskuratu direla baina egoera "oso larria" dela.

 

Laparrak "planteamendu katastrofista" egitea aurpegiratu dio Esparzari. "Begien bistakoa ukatzen jarraitzen duzue", esan dio, eta, horren harira, 2016an dagoeneko 2014an baino hiru aldiz lanpostu gehiago sortu direla azaldu du eta biztanleria aktiboaren azken inkestaren arabera 13.000 landun gehiago eta 10.000 langabe gutxiago daudela. Beste datu batzuk gehitu ditu, tartean kontratu mugagabeen kopurua hazten ari dela.

 

Rafael Eraso (Geroa Bai) Gobernuaren jardunaren alde agertu da eta bereziki nabarmendu du "parte-hartzea bilatuz" ari dela lantzen enplegu-plana.

 

"Penagarria da ikustea nola urtebete daramagun enplegu-planik gabe eta gauzak hobera doazen", adierazi du Adolfo Araiz (EH Bildu). Enplegu politikekin zerikusia duten gaiak arautzeko eskumenen aldarrikapen falta deitoratu du eta "beste eredu baten alde apustu egitean" asko aurreratu dela baieztatu du.

 

Carlos Cousok (Podemos-Ahal Dugu) esan du ez dakiela oposizioko taldeak ote diren "enplegu sorkuntzaz hitz egiteko zilegitasun handiena dutenak", lan erreformari emandako babesagatik, eta Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua deuseztatzearen alde agertu da, "parte-hartze askoz handiagoa" ahalbidetuko duen esparru bat eraikitzeko.

 

Ainhoa Unzuk (PSN) ohartarazi du bere taldeak nahiko lukeela Gobernuak arlo horri ematea "identitate kontuei" ematen dien adina. Kezka agertu du "jende askorekin ahazten ari direlako", eta enplegu-plana kontseiluan onartu behar dela baieztatu du.

 

Ana Beltránek (PPN) esan du datuak "onak" izan arren ez dela "bide onetik jo", beste erkidego batzuetan baino motelago sortzen ari baita enplegua, eta Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluari dagokionez irmo jokatzeko eskatu dio Gobernuari.

 

José Miguel Nuinek (Izquierda-Ezkerra) adierazi du langabezia ez ezik langile pobretuen ugaritzea ere "drama" dela. Gobernua ez dagoela geldirik eta "gertaerek nor bere lekuan" jartzen dutela azpimarratu du.