Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Apirilak 6

Gobernuak esan du udalez gaindiko plan sektorialak beharrezkoak direla, baina badutela hobetu beharra

UPNren jabeldura bati erantzunez, non eztabaidan jarri baita behinola onetsitako UGPSak “iraungitzeko asmotan, argi eta garbi”, osatu den berrikuspen taldea

Garapen Ekonomikorako lehendakariordearen iritziz, udalez gaindiko plan sektorialak (UGPS) tresna "beharrezkoak eta garrantzitsuak” dira, baina "buelta bat eman behar zaie ea nola hobetu daitezkeen", betiere funtsezko premisa bat, "segurtasun juridikoa", aintzat hartuta.

 

Ekainaren amaieran emanen dira aditzera, ziur aski, UGPSen araudia aztertzeko sortutako lantaldearen ondorioak, Manu Ayerdik Parlamentuaren Kontroleko Osoko Bilkuran iragarri duenez.

 

Ayerdik adierazpen horiekin erantzun dio UPNko Luis Zarraluqui parlamentariak udalez gaindiko plan sektorialen (UGPS) gaineko politika orokorrari buruz aurkeztutako jabeldurari.

 

Luis Zarraluquik azaldu duenez, harritu egin ziren jakin zutenean lantalde bat sortua zela behinola onetsitako UGPSak, 166 bat espediente, azter zitzan, "haiek iraungitzeko asmotan, argi eta garbi"; besteak beste, Aroztegiko UGPSa, Salestarretakoa, Donapeakoa, Gendulaingoa edo Prestazio Handiko Trenaren Iruñeko geltokiaren inguruetakoa.

 

Azpimarratu egin du berrikusten ari diren espedienteen garrantziarengatik aurkeztu dutela jabeldura, eta gainera gerta litekeelako UGPSak iraungitzea eta beherantz aldatzea eta, ondorioz, kalte-ordainak eman behar izatea.

 

Zarraluquik bi proiektu nabarmendu ditu: Salestarretako UGPSa, Foru Komunitatearentzat lehen mailako proiektua bada ere bi urte daramatzana geldirik, eta Etxabakoizkoa, Iruñeko begizta kendu ahal izateko tren geltokia eraikitzekoa; azken horren beheranzko berrikuspenak zentzurik ote duen galdetu du.

 

Bere hitzaldia hasteko, Ayerdi kontseilariak adierazi du Garraioaren Hiriko kalte-ordainak direla mahai gainean jarri behar izan dituzten bakarrak. Kalte-ordain horiek lehengo UPNko Gobernuaren jarduketengatiko epaien ondorio dira.

 

Berriro esan du UGPSak garrantzitsuak direla, eta galdetu du ea berek orain arte halakoren bat iraungi duten. Ondoren adierazi du legegintzaldian zehar horrelako espedienteen gaineko erabakiak hartzen joan direla. "Mediatikoenei” dagokienez, "bakoitza mundu bat” dela ohartarazi du.

 

Kasu guztietan, azpimarratu du Ayerdik, "jarduteko funtsezko premisa segurtasun juridikoa da", eta irizpide hori "zorrotz” erabiltzen ari da Gobernua.

 

Aroztegiko proiektuari buruz esan du txosten bat egin zela, Gobernuak ez duela erabakirik hartu eta espediente horren inguruan segurtasun juridikorik handienaz jokatzen ari direla. Legez onetsitako UGPSa izanik hura iraungitzea planteatzeak zer zentzu duen galdetu du.

 

Donejakue Bideko bizitegi-eremuko UGPSari buruz Ayerdik esan du kanpoko txosten bat amaitzen ari direla, eta, horri dagokionez, begizta kentze aldera berak ministroarekin eginen duen bilera garrantzitsua izanen dela. "Trenbide korridorerik gabe ez dago UGPSrik", ohartarazi du.

 

Salestarretako proiektuari dagokionez, kontseilariak adierazi du badirela bi printzipio "oinarri-oinarrizkoak: segurtasun juridikoarena eta Administrazioari galera ekonomikorik ez eragitearena".

 

Unai Hualdek (Geroa Bai parlamentu-taldea) funtsezkotzat jo du "lehenbailehen" tresna horien gaineko hausnarketari ekitea. Maiorga Ramírezek (EH Bildu parlamentu-taldea) eztabaidan jarri du nola baliatu dituen UPNk udalez gaindiko plan sektorialak, eta egungo Gobernuak "beharrezkoak ez diren eta zentzurik ez duten kontuak geldiarazteko eta onbideratzeko tresnak” eduki behar dituela baieztatu du.

 

Kritika horiekin bat eginez, Rubén Velascok (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea) galdetu du ea Gendulaingoa bezalako UGPSei ez ote dien gaina hartu errealitate sozioekonomikoak. Gero Guzmán Garmendiak (PSN parlamentu-taldea) ere onartu du onetsitako UGPSak berrikusi egin behar direla, baina "ez tresna bera, beharrezkoa baita".

 

"Aski errebisionismo izan dugu, UGPSak geldiarazi ordez bultzatu egin behar dira", esan du Javier Garcíak (PPNko foru parlamentarien elkartea), eta José Miguel Nuinek (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea) adierazi du UGPSak erreformatzeko proposamena ezagutu nahi duela, figura horren "erabilera okerra" galarazteko.