Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Maiatzak 3

Gobernuak komunikazio politika eta publizitate instituzionalaren banaketa defendatu du

PSNren interpelazioak Gobernuari “jendearengana heltzeko ezintasuna” leporatu dio, eta Ollok baieztatu du irizpide eta profesionaltasunean oinarritu direla gabeziak gainditzeko

Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariak, Ana Ollok, Gobernuaren komunikazio politika defendatu du publizitatearen banaketari dagokionean baita webgune eta sare sozialei dagokienean, PSNk leporatu baitio “jendearengana heltzeko ezintasuna dutela eta sare sozialetako profilak deuseztatu dituztela”.

 

PSNko parlamentarioa den Guzmán Garmendiaren interpelazioari erantzunez, Kontrolerako Osoko Bilkuran Ollok Garmendiari galdetu dio “zein komunikabide botatzen duen faltan” publizitate banaketan eta oroitarazi du Kontuen Ganberak 2017an sozialistek eskatutako txosten batean ondorioztatu zuela Foru Gobernuak “banaketa irizpideak eta araudia betetzen dituela”.

 

Sare sozialei dagokienean, Ana Ollok defendatu du “ordena, irizpideak eta profesionaltasuna” ezarri direla, izan ere, Gobernura iritsi zirenean “ez zituzten kodeak lortu, eta ezin izan zituzten aurretik zeuden profilak erabili”.

 

Kontseilariak zehaztu du “Gobernuko profilak berrantolatu direla, eta erabilerarik ez zituztenak ezabatu direla”. Era berean, inplikatutako pertsona guztiei formakuntza eskaini zaiela ziurtatu du, hizkuntza irizpideak ezarri eta baita segurtasun neurriak hartu ere.

 

Zentzu honetan, Ollok adierazi du Foru Gobernuak 44 profil dituela sare sozial desberdinetan, guztira 223.897 jarraitzailerekin, abenduaren 31n. Ziurtatu du “entzuteko, hitz egiteko eta gizartearekin komunikazio zuzena mantentzeko tresna garrantzitsua direla”.

 

Ollok zehaztapenak eskaini ditu, Foru Gobernuak dituen 44 kontuetatik 17 Twitterren dira, 149.386 jarraitzailerekin; 14 Facebooken, 61.723 jarraitzailerekin; 5 Instagramen, 8.306 jarraitzailerekin; 2 LinkedInen 4.208 jarraitzailerekin; bestalde, Vimeo, Pinterest eta Youtube bezalako plataformetan ere profilak dituzte.

 

Kontseilariak adierazi du gainera, Foru Gobernuak “nor jarraitzeko irizpideak” aldatu dituela, “ ez baitzegoen irizpiderik eta irizpide instituzional bat ezartzea eta soilik profil instituzionalak jarraitzea erabaki zen”.

 

Bestalde, navarra.es webguneari dagokionez, Ollok adierazi du “arrisku teknologikoan” aurkitu zutela eta azpimarratu du “egoera hau bideratzen ari direla immigrazio teknologiko proiektu baten bidez, webgunearen diseinu berri bat, aurrekoak zituen gabeziak gainditzean oinarritua”.

 

Guzman Garmendiak (PSN) komunikazio politika zalantzan jarri du eta Gobernuari leporatu dio “sare sozialetako profilak deuseztatu izana”. “Twitterren mundu guztia jarraitzeari utzi diote, euren burua soilik jarraitzen dute, ez dute inor entzuten. Nafarroa sare sozialetako estilo libururik ez duen Espainiako erkidego bakarrenetakoa da. Jendea sare sozialetan dago, baina zuek alboratu egiten dituzue”.

 

Garmendiak kritikatu du Gobernuaren publizitate instituzionala “arlo tradizionalari” zuzendua dagoela, izan ere, “mundua aldatzen ari da. Arazoa da ez garela jendearengana iristen”, argudiatu du eledun sozialistak, eta era berean, Foruzaingoa zoriondu du “sare sozialei ematen dieten erabileragatik”.

 

Ollok erantzun dio esanez “katedradun bat dirudiela, Komunikazioko Nobel Saria”, eta Garmendiak erantzun dio berak “Marketingaren Nobel Saria” dirudiela, hori baita “egiten duen gauza bakarra. Irakurtzera etorri zara soilik, Cervantes saria eman geniezazuke. Ez didazu entzun, ekarri duzuna prestatuta baitzeneukan”, esan dio Kontseilariari.

 

Ollok erantzun dio “ohituta” daudela Garmendiak Gobernua kritikatzeaz, “daturik gabe, zurrumurru eta gezurrekin”, eta “legegintzaldi guztia errealak ez diren datuak zabaltzen daramala” leporatu dio.

 

Juan Luis Sánchez de Muniainek (UPN) uste du egungo Gobernuaren komunikazioa “arbitrarioa eta sektarioa” dela, “ez da zerbitzu publikoa bilatzen, autogorazarrea baizik. Euren publizitatea besterik ez dute egiten, denon diruarekin. Baliabide publikoen desbiderazio bat dago, interes orokorraren zerbitzuari erantzuten ez diona”.

 

Virginia Alemanek (Geroa Bai) zehaztu du “ez dela zintzoa Gobernuari partzialtasuna leporatzea komunikabideen harremanean. Hor daude zifrak eta Kontuen Ganberaren txostena”.

 

Ildo berean, Bakartxo Ruizek (EH Bildu) adierazi du diru publikoa desbideratzea bezalako akusazioak “gehiegikeria” direla. Hala ere, onartu du seguraski esparru honetan hobetzeko aspektuak badaudela. “Ez naiz ni izango komunikazio arloan dena ongi egiten dela esango duena”.

 

Laura Perezek (Podemos-Ahal Dugu) kritikatu du interpelazio honekin sozialistek “titularra bilatzen dutela” eta uste du komunikazio publikoak herritarrei dagokien informazio “anitza eta egiazkoa” jasotzeko eskubidea bermatu behar duela.

 

Javier Garciak (PPN) kezka adierazi du Gobernuak “banaketa alderdikoi eta sektarioa egiten duela, komunikabide abertzaleei erraztasunak ematen baitizkie. Nafarroako Gobernuaren komunikazioa erabiltzen dutela” salatu du.

 

Azkenik, José Miguel Nuinek (Izquierda-Ezkerra) salatu du sozialistek euren interpelazioan “deskalifikazioak egiten dituztela baina proposamen gutxi”.