Gobernuak onetsitako 73 lanpostu hutsak errefusatzen zituen mozioa atzera bota dute
PSN eta PPNk soilik babestu dute UPN, zeinaren ustez, euskarazko 39 lanposturen esleipenean irizpide ideologikoak nagusitu baitira pedagogikoen gainetik
Hezkuntza Batzordeak mozio bat atzera bota du gaur, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu aurkako botoekin, I-Eren abstenzioarekin eta UPN, PSN eta PPNren aldekoekin, zeinaren bidez “Nafarroako Parlamentuak errefusatu egiten du Nafarroako Gobernuak urtarrilaren 17ko bilkuran onetsitako araua, Hezkuntza Departamentuko maisu-maistren 73 lanpostu hutsen espezialitateak eta hizkuntzak ezartzen dituena martxoaren 25eko 20/2015 Foru Dekretuaren arabera, eta maiatzaren 4ko 27/2016 Foru Dekretuaren bidez aldatzen dena, desorekatua eta justifikatu gabea delako eta Nafarroako hezkuntza sistemaren beharretatik urrun dagoelako”.
Atzera botatako mozioak bigarren puntuan Hezkuntza Departamentua premiatzen zuen “maisu-maistren 73 lanpostuak hizkuntza eta espezialitateen arabera bana zitzan, Haur eta Lehen Hezkuntzan euskara eta gazteleraren artean dagoen oreka errespetatzeko”.
Zioen azalpenean, UPNk sustatutako mozioak ez zuen bat egiten maisu-maistren 73 lanpostu huts eskaintzeko (39 euskaraz) plantilla organikoaren aldaketarekin, “irizpide politiko eta alderdikoiak planteamendu pedagogikoen gainetik” jarri dituztela uste izanagatik, eta honek, haien hitzetan “funtzio publikorako sarbiderako berdintasun printzipioa apurtzen du eta segurtasun eza zabaltzen du, 2016an burututako euskarazko ehun lanpostuko Lehen Hezkuntzako oposizioa Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak atzera bota zuenean bezalaxe”.
Nuria Medina (PSN) lehendakari duen bilkuran parte hartu dute Alberto Catalán, Luis Zarraluqui, Iñaki Iriarte, Maribel García Malo (UPN), Isabel Aranburu, Consuelo Satrustegi, Rafa Eraso (Geroa Bai), Miren Aranoa, Esther Korres (EH Bildu), Laura Pérez, Fanny Carrillo (Podemos-Ahal Dugu), Carlos Gimeno, (PSN), Javier García (PPN) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra) parlamentarioek.
-
Mozioaren argitalpena (NPAO, 10.zk, 2018-01-26koa)