Gobernuak oso balorazio ona egiten du Lankidetzaren III. Plan Zuzentzaileari buruz
EH Bilduren interpelazio bati erantzunez, alderdiaren ustez arlo horretako politika publikoa legitimatu behar baita aurkako diskurtsoen aurrean
Mari Carmen Maeztuk, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak, azaldu du “oso ona” dela foru Gobernuak Foru Komunitateko Lankidetzaren III. Plan Zuzentzailearen betetze-mailari buruz egiten duen balorazioa.
Plan horren jarraipenari buruz EH Bilduk eginiko interpelazio bati erantzunez, Maeztuk honako hau gogorarazi du: “Nafarroak biztanleko 30 euro bideratzen ditu urtero nazioarteko lankidetzara, eta zifra hori askoz handiagoa da Estatuko eta autonomia-erkidego gehienetako batezbestekoak baino”.
Kontseilariak azpimarratu du “PPk eta Voxek gobernatutako autonomia batzuk nazioarteko lankidetzako programak desegiten” ari direla, eta aipatu du Madrilgo Erkidegoak, adibidez, biztanleko 70 zentimo bideratzen dituela kontzeptu horretara.
Ildo horretatik, adierazi du Nafarroako Gobernuak konpromisoa duela nazioarteko lankidetzarekin, eta joan den legegintzaldian egindako aurrekontu-ahaleginaren balioa azpimarratu du.
Javier Arzak (EH Bildu TP) adierazi du nazioarteko lankidetza zalantzan jartzea “tamalez, faxismo berrien gorroto-diskurtsoen ardatzetako bat bihurtu” dela, eta “lekua uzten badiogu hedatu eginen den birus bat” dela.
Raquel Garbayok (UPN TP) kontseilariari esan dio “planak betetzea” ez dela “indargune bat bere Departamentuan”, eta azpimarratu du nazioarteko lankidetzan ez direla iritsi “agindutakoa betetzera ere”.
Olga Chuecak (PSN TP), azaldu ostean plan horrek exekuziorako aurrekontu bat izan duela lehen aldiz, azaldu du Nafarroako Gobernuaren asmoa dela bere agenda politikoari eustea, nazioarteko lankidetza finkatze aldera.
Isabel Aranburuk (Geroa Bai TP), Geroa Bai alderdikoak, honako hau adierazi du Nafarroari buruz: “UPNren murrizketen ostean, elkarteek exijitutako gutxienekoak betetzen ditu, baina ez da nahikoa, ez baita % 0,7a bideratzen, izan behar lukeen eran”.
Maribel García Malok (PPN TP) adierazi du nazioarteko lankidetza ez dagoela “Nafarroako Gobernu honen lehentasunen artean”, eta nafar misiolariek eta Foru Komunitateko 48 GKEek egiten duten lanaren balioa azpimarratu du.
Carlos Guzmánek (Contigo-Zurekin TP) azpimarratu du garrantzitsua dela finantzaketa izatea eta % 0,7ra iristea, baina baita ere pentsatzea “zer lankidetza mota nahi dugun Nafarroarako”, eta ildo horretatik, Garapenerako Lankidetzako Agentzia bat sortzearen alde egin du.
Maite Nostik (Vox FPE) uko egin dio gai honi buruzko eztabaidan parte hartzeari.