Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Maiatzak 25

Gobernuari azken erreforma fiskala aldatzeko eskatzen zion mozioa ez da onartu

UPNk argudiatu du erreformak 20.000 eurotik gorako klase ertaina eta langile klasea zigortzen dituela, eta GB, Podemos, EH Bildu eta I-Ek haren izaera progresiboa nabarmendu dute

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur atzera bota duen mozio batean Nafarroako Gobernua premiatzen zen “Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko 04/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren testu bategina berrikus dezan, horren azken aldaketak nafar zergadunentzat eta, bereziki, ardurapean seme-alabak edo aurreko ahaideak dituzten familientzat izan dituen ondorio bidegabeak zuzentzeko”. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkako botoa eman dute eta UPN, PSN eta PPNk aldekoa.

 

Ezetsitako mozioaren bigarren puntuan Foru Gobernuari honako hau eskatzen zitzaion: “Hiru hilabeteko epean, Parlamentuari igorriko dio aipatu lege testua aldatzeko proposamen bat, Legebiltzarrean eztabaidatu eta onesteko”.

 

UPN talde parlamentarioak sustatutako mozioaren zioen azalpenean alegatzen zenez, “badira aski arrazoi”, errenta kanpaina bukatuta, azken erreforma fiskalaren aldaketa planteatzeko. Erreforma horren ondorioz “nafar herritarrak, batez ere 20.000 eurotik gorako diru-sarrerak dituen klase ertaina eta langile klasea, Espainiaren osotasuneko zergadunek dituzten baldintzak baino okerragoetan daude”.

 

Ildo beretik, etxeko ekonomietan ondorio nabarmenak dituen “zigor fiskal bidegabea” aipatzen zuen proposatzaileak, esanez gastuen eta kontsumoaren “murrizketa” egitera behartzen dituela, “suspertze ekonomikoa haietara nahiko genukeen indarrarekin oraindik iritsi ez delarik”.