Gobernuari egiazko banku publiko gisa jardun ahal izanen duen organismo bat sortzeko eskatzen zion mozioa baztertu du Parlamentuak
Contigo-Zurekin eta EH Bilduk bakarrik babestu dute finantza-sistemaren funtzio soziala bermatzeko eta logika oligopolista hausteko esku hartzeko erakunde bat martxan jartzea
Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur UPNren, PSNren, Geroa Bairen, PPNren eta Voxen aurkako botoekin eta EH Bildu eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzuen “egiazko banku publiko gisa jardun ahal izanen duen organismo bat sor dezan, finantza-sisteman bitartekotza egitera bideratua, erabakiak interes orokorraren arabera hartuko dituen organismo bat dagoela ziurtatzeko xedez, sistemaren funtzio soziala bermatuko duena eta sektorean lehia areagotzea lortuko duena”.
Zioen azalpenean, Contigo-Zurekin talde parlamentarioak sustatutako mozioak "finantzaketa, aurrezki eta gordailuen kudeaketa" bezalako arloetan finantza-sektorearen izaera "estrategikoa" aipatzen du, izan ere, Nafarroan finantza-sektorea “oligopolio bihurtu da, bost finantza-entitatek kontrolatzen baitute sektorearen % 80”. Hori dela eta, proposamena egin duenak uste du “beharrezkoa dela Nafarroako Gobernua Nafarroako finantza-sisteman parte hartuko duen eragile bat izatea, halako moduan non sistema horretan orobat hartuko diren interes orokorrean oinarritutako erabakiak”.
Horretarako, eta proposamena egin duenak arlo horretan ikusten duen "adostasun zabalaren" babesean, Foru Exekutiboak egiazko Banku Publiko gisa jardungo duen erakunde bat abian jartzeko deia egiten zen, dela gizarteari likidezia emateko, dela inbertsioak edo funtsezko proiektuak finantzatzeko, Foru Komunitatearen modernizazioari eta garapen ekonomikoari begira.
Helburua, zehazten denez, Nafarroako Gobernua finantza-sistemaren eragile aktibo bihurtzea da, lehia handiagoak sektoreko logika oligopolista hausten lagun dezan.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (13. NPAO, 2023-09-26koa)