Gobernuko Lehendakariak dio Nafarroa “moteltze-neurri berekien” fasea prestatzen ari dela eta "nazioaren osotasunerako suspertze planean parte aktiboa" izanen dela
Navarra Sumak Gobernuari aurpegiratu dio “aldaroka” ibiltzea, eta Geroa Baik ez du uste Nafarroa moteltze-neurriak hartzeko prestaturik dagoenik
Nafarroako Gobernuko lehendakari María Chivitek ostiral honetan adierazi du “moteltze-neurri berekien estrategia taxutzen” ari garela foru erkidegoan. “Nafarroak bere plangintza egiteko fasean gaude, zeinak egitura bat izan behar baitu, eztabaidatu egin behar baita eta egutegi bat behar baitu”, adierazi du Chivitek, eta ondoren ziurtatu du hurrengo egunotan zehaztuko direla horren oinarrian, zeinak departamentuen artean jorratuko baitituzte, zeren eta “prozesuak sektore eta maila guztien parte-hartzea eskatzen baitu”.
Chivitek agerraldia egin du Parlamentuko Foru Araubideko Batzordean Manu Ayerdi (Garapen Ekonomiko eta Enpresariala) eta Rebeca Esnaola (Kultura eta Kirola) kontseilariekin batera, non minutu bateko isilunea egin baita Covid-19aren ondorioz hil diren pertsona guztien gomutan. Azaldu duenez, Nafarroa prestatzen ari den fase hau “ez da erraza izanen, eta ongi egin behar da, baina orain dela hilabete luzeko prozesuaren ifrentzuaren aldean, non helburua konfinamenduranzko eta geldieraranzko mailak igotzea baitzen, oraingo helburua izanen da maila horiek jaisten joatea, nolabaiteko normalizazioa berreskuratzeko, baina behaztopa egin gabe”.
Chivitek gogorarazi du 14 urtetik behetiko haurrak kalera irten ahal izanen direla igandetik aitzina “egoera eta baldintza jakin batzuetan”, eta hori familia askorentzako “albiste ona” dela esan du, “iritsi beharko diren –hala espero dugu– beste albiste on batzuen atarian”. Lehendakariak aurreratu duenez, “hurrengo urratsa honako hau izan beharko da: euren osasunerako ibilaldiak egitea, mugitzea, kirola egitea beharrezkoa duten pertsonak, modu ordenatuan noski, irtetea kalera; besteak beste, bihotzeko eritasuna duten pertsonak”.
Haren esanetan, “denok desio dugun agertoki baten atarian gaude, baina hori guztia behar bezala prestatu eta taxutu beharra dago, ez badugu atzerapausorik eman nahi”. “Moteltze-neurrien fasera hurbiltzen ari gara; fase hori, neurriak areagotu zirenean bezala, progresiboa, adostua eta monitorizatua izan beharko da, eta zuhurtzia eta zorroztasun handiarekin ezarri beharko da".
Chivitek adierazi duenez, fase horri ekiteko, funtsezkoak diren zenbait alderdi hartu beharko dira kontuan: gaixotasunaren eta kasu berrien hedapenaren jaitsiera etengabea; osasun-sistemak ahalmen nahikoa izatea, eta zaintza, jarraipen, kontrol eta informazio ahalmena izatea.
“Osasun arloko adituek laugarren irizpide bat daukate gogoan: talde-babeserako neurriak eta bitartekoak gaitzea”, azaldu du Chivitek. “Nafarroa egoera on samarrean dago horri behar bezala ekiteko, baina berriro diot prozesu hori konplexua dela, eta ardurakidetza funtsezkoa izanen dela berriro ere”.
Epidemiaren bilakaerari dagokionez, lehendakariak adierazi du Nafarroa meseta-fasea gainditzen hasia dela, “hazkunde-indize txikiarekin, aurreko asteetan ikusi dugunaren aldean”. Xehetasunetan sartuta adierazi du martxoaren 21ean lehendabiziko sendatze-agiri epidemiologikoa eman zenez geroztik “Nafarroan 1.552 pertsonak gainditu dutela jada gaixotasuna; atzo bertan, 100 baino gehiagok”.
Chivitek esan duenez, “kopuru hori kutsatze berrien kopuruari hurbiltzen zaio, eta horri esker laster irauli ahal izanen dugu kutsatzeen zorioneko kurba”. “Izan ere, 1etik behiti gaude jada –zehazki, 0,8an–, kasu batek kutsatzen dituen pertsona guztiekiko”. Ospitaleko senda-agirien kopurua 1.270ekoa da egun, “halako moduan non 350 pertsonara bitarte jaitsi baita ospitaleratuta daudenen kopurua; horietako 47 ZIUn daude une honetan”.
Lehendakariak horri gehitu dio oso garrantzitsua dela “zaintza, jarraipen, kontrol eta informazio ahalmena izatea”. Haren esanetan, “albait lasterren eta eraginkorrenen detektatu behar dira gaixotasuna berragertzea eragin dezaketen kutsatze berriak, une oro izateko immunitate-graduari buruzko argazki gaurkotu bat”.
Halatan, Chivitek azpimarratu du koronabirusaren kasuan PCR probetan oinarritutako diagnostikoa egiteko estrategiaren aldeko apustua egin dela Nafarroan, “proba horiek beti egon baitira, orain ere baitaude eta etorkizunean ere egonen baitira estrategia honen oinarrian”. “Une honetan, non egoera epidemiologikoa egonkortuagoa baita eta baliabide gehiago baitaukagu, PRC probak indartzearen eta areagotzearen aldeko apustua egin dugu; hartara, hirukoiztu egin dugu Ospitaleguneko laborategi publikoaren ahalmena, eta urratsak egiten ari gara aukera osagarriak ere izateko; horren adibide, Carlos III.a Osasun Institutuak Navarrabiomed/Nasertic eta CIMA gaitu izana”.
Chivitek adierazi duenez, Nafarroa egunean 400-500 proba egiteko gai izatetik 1.400 egin ahal izatera igaro daiteke, “eta ahalmen hori handituz joan daiteke beharrezkoa izanen balitz, jada homologatutako eta Administrazioaren esku jarritako hiru laborategi publiko eta pribaturen bitartez”.
“Sektore publikoan 3.000 izateraino irits liteke etorkizunean, eta pribatuan, berriz, 1.800; horrek, besteak beste, ahalbidetuko luke Nafarroan detektatzen den kasu sintomatiko orok izanen duela –eta ez soilik ospitaleetan, ezpada Oinarrizko Osasun Laguntzan ere, eta hori da berritasun handiena– PRC proba bat, proba birologiko bat, positiboa den baieztatzeko ala positiboa baztertzeko”. Chivitek esan duenez, “hartara, areago doituko dira isolamendu-neurriak (lehen ere hartzen zirenak modu prebentiboan, berrespen birologiko hori izan ez arren), eta jada ez dugu kasu posibleez hitz eginen, ezpada kasu positibo berretsiez une oro”.
Halaber adierazi du test horiek 13.000 nafarri eskainiko zaizkiela; hain zuzen ere, bere garaian klinikoki kasu posible gisa diagnostikatu eta jada senda-agiria jaso duten 13.000 nafarrei. “Beharbada, epe ertainean beste test serologiko doituago batzuk eduki ahal izanen ditugu, diagnostiko eta neurketa hobeagoak egitea ahalbidetuko digutenak”.
María Chivitek, bestalde, zahar-etxeen kasuei buruz hitz egin du; haren esanetan, “aste honetan, asteartean, testa 50 ohe baino gehiagoko zahar-etxeetako pertsona guztiei egiten bukatu dugu”. “Orobat pautatu da ez dela senda-agiririk emanen, edo ez dela bere zahar-etxera itzuliko, PCR negatiboa izan ez bada”.
Chivitek esan du “une honetan zahar-etxeen % 55 direla kasu positiborik ez dutenak, eta beste horrenbeste gertatzen da desgaitasuna dutenen zentroen % 77,6tan”. Senda-agiria jaso duten gero eta pertsona gehiago daukagu. Izan ere, astebetean hirukoiztu egin dira senda-agiriak (81 jada), eta, jakina, hildakoen eragindako samina berealdikoa da, gaixotasun honek eragindako hildako bakoitza latza delako”.
Chivitek adierazi du zahar-etxeetan bizi diren pertsonendako babes-neurriak hartzen jarraitzen dutela; halatan, Eskubide Sozialetako Departamentuak eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak proiektu pilotu bat ezarriko dute Nafarroako zenbait zahar-etxetan.
Azaldu duenez, konponbide telematiko bat da: besoko bat, besokoa daraman pertsonaren gorputzaren tenperatura hartzea ahalbidetzen duen gailu bat daukana, halako moduan non aplikazio baten eta kontrol-panel baten bidez pertsona horiek monitorizatuta eduki baititzake zahar-etxeak.
Chiviteren esanetan, “esperientzia pilotu hori maiatzean jarriko da abian zenbait zahar-etxetan, garapen teknologiko baten bidez kutsatzeen detekzio goiztiarra eta jarraipen hobeagoa egin ahal izateko, gorputzaren tenperatura neurtuta”.
Bestetik, Nafarroako Gobernuko lehendakariak ostiral honetan adierazi du Gobernua Nafarroarentzako suspertze plan bat lantzen ari dela Covid-19aren ondoriozko krisi-egoera honetan, eta nahia dela plan horretan eragile sozial, ekonomiko eta politikoek ere parte har dezaten. Esan du "nazioaren osotasunerako plan horretan parte aktiboa izanen gara", eta, azpimarratu duenez, "Europar Kontseiluak aldeztu egiten du Europar Berreraikuntza-programa bat sortzea, funtsa eratuz (2 bilioi), nahiz eta eredua oraindik ere definitu gabe dagoen: betiereko mailegua ala itzuli beharreko mailegua".
Chiviteren ustez, "kementsu aritzeko unea da, erabaki muntadunak hartu beharko baitira". "Baina krisi bat kudeatu beharra suertatzen zaigunean, ezin gara erori ez paralisian ez eta ezezagun denarekiko beldurrean ere. Egia da gauza asko izanen zaizkigula egin ahala ikasi beharrekoak, baina ezin uka aurrea hartuz eta ziurtasunak sortuz jardun behar garela", azaldu du.
Nafarrei eskerrak eman dizkie "konfinamendu latz honi emandako erantzun apartarengatik", eta jarraian lehendakariak adierazi du merezi duela "ahalegin kolektibo hori, sakrifizio pertsonal hori egitea". "Egia da pertsona maiteak galdu ditugula, eta aurrerantzean ere galduko ditugula. Baina ziur naiz herritar bezala egindako ahaleginak bizi asko salbatu dituela", adierazi du.
"Konfiantza osoa" agertu du konfinamendu-irekitzea "arduraz" eginen dela. "Kudeatze-lanarekin ez ezik informazio eta pedagogiarekin ere lagunduko dugu, orain arte bezala, jarduera ekonomikoaren suspertzearekin hasitako eta haurren irtetearekin segituko duen egoera honi ahalik eta bitarteko gehienekin erantzutea xede, halatan urratsak irmotasunez egin ditzagun", esan du.
Bere mintzaldian, lehendakariak abal eta maileguen egoera hizpide hartu du, eta zehaztu du ezen, martxoaren 17ra bitarte, Sodenari hiruk eskatu diotela abala, arlo hauetakoak: metala, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) eta metal-komertzioa. Martxoaren 18tik apirilaren 21era bitarte, inork ez. "Martxoaren 17ra bitarte ez da inolako abalik eman. Birrabalen Programa Orokorra abian jarri da, Sonagar eta Elkargirekin. Programa arrunt horren barrenean, lehen hiru hilabeteetan 70 eragiketa onetsi dira, 12,2 milioi egiten dutenak, eta Sodenaren birrabal bat, 1,7koa", agertu du.
Gaineratu duenez, martxoaren 18az geroztik "Hiru enpresarentzako Sodenaren abalak onetsi dira, formalizatu gabe daudenak. Enpresa horiek metalaren, IKTen eta metal-komertzioaren arloetakoak dira". “Horrez gain, hitzarmenak sinatu dira Sonagar eta Elkargirekin, Covid-19aren krisiari erantzuteko ematen dituzten abaletarako birrabal partzialak bideratzeko", esan du.
Datuak zehaztuz, esan du jasotako eragiketen kopurua 1.119 dela; jasotako eragiketek egiten duten zenbatekoa, 211 milioikoa; eragiketa onetsien kopurua, 376; eragiketa onetsien zenbatekoa, 74 milioi; eta azterkizun dauden eragiketen zenbatekoa, 111 milioi.
2020an, eta martxoaren 17ra bitarte, 14 enpresak eskatu dizkiote maileguak Sodenari, zehaztu duenez. Apirilaren 18tik apirilaren 21era bitarte hiru mailegu eskatu zaizkie enpresa-entitate publiko, fundazio eta sozietate publikoei: nekazaritza-industriako makineria fabrikatzeko, metalgintzarako eta muntaketa elektrikoetarako. Martxoaren 17ra bitarte, Sodenak bost enpresarentzako maileguak onetsi ditu, horietako bat Gobernuak emandako baimenari baldintzatuta. Hartzaileak arlo hauetakoak dira: aisialdia, bioingeniaritza, adimen artifiziala, ostalaritza-makineria eta hizkuntz irakaskuntza.
Chivitek departamentu ezberdinetako ekintzen errepasoa egin du. Hezkuntzakoari buruz esan du analisia egin dela, deskonektatuta edo aurkiezin dauden ikasleak identifikatzeko, eta, ikastetxe publikoetako irakasle eta tutoreei kontsulta egin ondoren, egoera horretan 6.969 daudela ondorioztatu dela. "Premia horiek berak irakaskuntza itunduan identifikatzeko lanean ari gara, halaber", adierazi du.
"Nolanahi ere, konektibitate digitala areagotzen dihardugu, sare publikoko ikasleen hezkuntza-arreta ez-presentziala bermatzearren; batez ere, egoera sozioekonomiko okerragoetan daudenentzat edo hezkuntza-premia bereziak dituztenentzat", baieztatu du, bai eta zehaztu ere 1.500 ekipo informatiko banatu dituztela, eta maiatzaren lehen hamabostaldian ikastetxeek 800 gehiago jasoko dituztela, eta bigarren hamabostaldian 5.000 gehiago, aurreikusten denez. "Ez dago ikaslerik jaramonik egiten ez zaionik", ziurtatu du.
Halaber baieztatu du Nafarroako sare publikoko batxilergoko 2. ikasturteko ikasle guztiek lehenbiziko unetik izan dituztela eskueran ekipo informatikoak, "eta haien bidez modua dute ikasturtearen hirugarren hiruhilekoari beren ikastetxeekiko konexioen eta tutoretzen bitartez aurre egiteko, eta unibertsitaterako sarbide-ebaluazioko proba egokiro prestatzeko". "Era berean, ekipo-banaketa egitean lehenetsi egin dira zikloa amaitzen duten edo titulatzen duten ikasturteak", zehaztu du.
Hirugarren hiruhilekoaren ebaluazioari dagokionez, azaldu du irakasleek ebaluazio-sistema moldatu eginen dutela ikasleek ikasturtea gal ez dezaten eta aurrerapausoak eman ahal izan ditzaten beren prestakuntzan, "ahuleziarik handieneko biztanleen egoera aintzat harturik". “Ebaluazio-irizpideek aintzat hartuko dituzte hezkuntza-prozesuaren jarraitutasunerako munta handienekoak eta nahitaezkoak diren ikasketak, eta maila eta etaparen araberako doikuntzak eginen dira", iragarri du.
Orobat esan du "ikasleek ikasturtean zehar ikasitakoaren azken ebaluazioak beren osotasunean aintzat hartuko" dituela ikasturte guztian zeharreko ebaluazio guztiak, "bereziki baloratuz aurretik definituriko ikasketen eta nahitaezko trebetasunen garapen-gradua".
Ikasturte honetan klaseei berrekiteari dagokionez, gobernuburuak adierazi du: "une honetan ez dago horri buruzko inolako erabakirik, kontuan hartuz egoera orok osasun publikoko irizpideen araberakoa behar duela izan". "Nolanahi dela ere, klaseei berrekitea edo ez berrekitea estatu-araudiaren baitakoa da", gehitu du.
Departamentu ezberdinei buruz mintzatu da, eta zehazki Kultura eta Kirol Departamentuari buruz esan du ezen, kultur eragileekin eginiko lehen bileren ondoren, neurriak hartzeko plan bat lantze-fasean dagoela, kulturaren sektoreari eustea eta hura suspertzea ahalbidetuko duena.
Garraioen alorrean, eta salgai-kamioiek errepideetan izandako presentziaz, ohartarazi du gehikuntza bat nabaritu dela ezinbesteko zerbitzuen emate hutsa amaitu zenetik. Sektoreak berak eskainitako datuen arabera, errepideetako kamioi-zirkulazioa jadanik iritsi da pandemia hasi aurreko trafikoaren % 60koa izatera.
Navarra Sumak Nafarroako Parlamentuan duen eledun Javier Esparzak Nafarroako Gobernuari egotzi dio “aldaroka” ibiltzea Covid-19ak eragindako krisian. PSNk, berriz, gobernuaren kudeaketa defendatu du, Nafarroa moteltze-neurriak hartzeko "prestaturik" dagoela uste baitu. Gobernuko kide Geroa Baik, berriz, uste du "premia sozial, zientifiko eta ekonomikoak" daudela, eta horiek konpondu beharra dagoela, "Nafarroa moteltze-neurriak hartzeko prest dagoela esan ahal izateko”.
Nafarroako Gobernuko lehendakariak agerraldia egin du Foru Araubideko Batzordean, non Esparzak Chiviteri erantzuki egin baitio “ongi egin ez diren gauzak egon badaudela ez onartzea”. “Ezin da gertatutakoa berriro gertatu; zure betebeharra da gizarte osoari bermatzea heldu diren asteetan ez dela berriro gertatuko aurreko asteetan gertatu dena”, esan du Esparzak.
Halatan, “test fidagarriak” eskatu ditu, “eta osasun arloko eta arlo soziosanitarioko profesional guztiei egin behar zaizkie, zahar-etxeetan dauden pertsona guztiei, egoera ahulenean dauden pertsona guztiei...”. Haren esanetan, “pertsona asintomatikoak ezin dira normaltasunez lanean jardun enpresetan”.
Esparzaren ustez, “Nafarroak etorkizuna izan dezan, foru erkidegoa aitzindaria izan behar da herritarrei test masiboak egiten, horrek bizitzak eta lanpostuak salbatuko ditugula bermatuko baitu”. “Bidea hori baldin bada, zure eskutik joanen gara” esan dio Chiviteri, zeinari eskatu baitio “gure proposamenak entzun ditzazun eta planteatzen dugun norabidean urratsak egin ditzazun”.
Esparzak adierazi du bere “sentsazioa” dela Foru Gobernuko lehendakariak “iseka egiten diola Parlamentu honi, ez digulako ematen eskatzen ari gatzaizkion informazioa”. Eta Gobernuari erantzuki egin dio “aldaroka” ibiltzea eta “zunda-globoak” botatzea. Haren ustez, “ziurgabetasuna, nahasmena eta egonezina sortzen ari zarete” gizartean baratzeena bezalako gaietan, adingabeak kalera irtetearen arloan, unibertsitatera sartzeko proben inguruan edo maskaren auzian”.
PSNko eledun Ramón Alzórrizek, berriz, “Foru Gobernuaren gardentasuna eta herritarrei nahiz indar guztiei informazioa etengabe emateko jarrera” aldeztu ditu. Eta ziurtatu du “hori eskertzekoa dela, ez delako horrela egiten ari erkidego guztietan”.
Hori dela-eta, Esparzari eskatu dio “ez dadin mamu-harrapaketan ibil, ez dezan gezurrik esan eta ez ditzan hildakoak gehiago eskuztatu”. “Zuek beti baliatu dituzue horiek; hau tristura, aski da”, azaldu du Alzórrizek, zeinak Navarra Sumako eledunari eskatu baitio “barkamena eska dezazun murrizketak aldezteagatik” aurreko krisi ekonomikoan.
Chiviteri esan dio, berriz, “jendeak zugan sinesten" duela, "zure Gobernuan eta bere ekintzetan, krisi hau arintzeko”. Alzórrizen ustez, gizarteak ez du sinesten “etekin politikoa ateratzearren hitz-erdika eta gezurretan dabilenarengan”.
Eledun sozialistaren ustez, datuak ikusita, “ezin dugu esan etorkizunari esperantzaz begiratzen diogunik”, eta Nafarroa moteltze-neurriak hartzeko prest dagoela iritzi dio. “Datuek erakusten digute ez dela gauza bera gobernuan bata ala bestea egon, ez direla gauza bera gu eskatzen ari garen batasuna eta beste batzuen uniformetasuna, birusari ez baitzaio irabazten ez masta-erdian jarritako banderekin ez abertzaletasunekin”, esan du.
Ihardespen-txandan, Javier Esparzak Alzórrizi esan dio: “ez dizut onartuko hildakoak eskuztatzen ari garela esan dezazun”, eta Covid-19agatik hildakoen artean “lagunak, ezagunak eta familiartekoak, gureak, zureak eta denenak” daudela azpimarratu du.
“Zure adierazpenak zantarrak dira, ez dira Parlamentu honetako eledun baten neurrikoak” adierazi du Navarra Sumaren eledunak; haren esanetan, Alzórriz, “zeinari futbolaren mundutik hartutako similak egitea gustatzen baitzaio, futbol-taldeetako atzelari bortitzaren profilean sar liteke bete-betean; zikin samarra –ongi ulertu nire hitzak–, toki askotara berandu eta gaizki iristen dena, min ematen duena, liskar guztietan sartuta ibili ohi dena eta zelaitik egotzi ohi dutena”.
Geroa Bairen izenean, María Solanak adierazi du egia dela “nahasmendua dagoela sektore eta pertsona askoren artean” egungo egoera ikusita; haren ustez, neurriekin “batzuetan asmatu egiten da, eta beste batzuetan ez”.
Horrez gain, Solanak nabarmendu du “prentsaurrekoak ematea ez dela nahitaez gardentasunaren sinonimo”; haren esanetan, “ez dakit guk bakarrik hobeki eginen genukeen, baina badakit zenbaitetan oso gaizki egin direla gauzak, eta hori onartu egin da".
Geroa Bairen ordezkariak adierazi du ez duela bere egiten Nafarroa moteltze-neurriak hartzeko prestaturik dagoenik, eta Gobernuari eskatu dio “ez ditzagun behatzak harrapa”. “Nire ustez, moteltze-neurrietara eramanen gaituen plan bat taxutzeari ekiteko prestaturik dago Nafarroa, zeren beste modu batera esanez gero eman lezake ez gauden tokian gaudela” esan du.
Solanaren ustez, “ez badaukagu plan bat, egunez egun aurreikusitako test-kopuru bat, ez baditugu hainbat gauza hobeki lotzen, ezin dugu gure egin Nafarroa moteltze-neurriak hartzeko prestaturik dagoela”. Eta azpimarratu du “premia sozial, zientifiko eta ekonomikoak daudela, eta horiek konpondu beharra dagoela, Nafarroa moteltze-neurriak hartzeko prestaturik dagoela esan ahal izateko”.
EH Bilduren eledun Bakartxo Ruizek ere uste du “egiazko jomuga bat izan ezean, Nafarroaren egoera eguzkiarekin topa egitea bezala” dela pentsa lezakeela batek. Haren esanetan, foru erkidegoa, orain, “moteltze-neurriak hartzeko fasea nolakoa izan litekeen planifikatzeko fasean” dago, eta hiru irizpide baliatu beharko liratekeela uste du: “berme sanitario eta epidemiologikoak; Nafarroa izatea erabakigunea, eta erabakiak partekatuak izatea”.
Koalizio abertzalearen ordezkariaren ustez, “okerra litzateke Madrili uztea gure ordez erabaki dezan eta erabakiak aldebakartasunez har daitezen”.
Ruizek halaber ekarri du gogora PCR probak egin behar direla, eta lehendakariari eskatu dio “azalpen koherente eta logiko bat” eman dezan, ea Nafarroako Ospitaleguneak hemendik aitzina zergatik egin ahal izanen dituen 1.400 proba, eta lehen ez. Eta test azkarrei dagokienez, kritikatu egin du jarraibidea izatea “kapilarrak izaten jarrai dezaten, ezen ez zainetakoak”.
Podemos-Ahala Duguren izenean, Ainhoa Aznárezek adierazi du “moteltze-neurrien fasea urrun samar dagoela itxura batean, baina hemendik denak eskutik ateratzeko eskaria, batasunarena, eledun guztien ahotan egon da”, eta “denon artean” hartu beharreko zenbait erabaki zerrendatu ditu; esate baterako, osasun publikoa, sistema soziosanitarioa edo etxebizitza aldeztea.
Orobat eskatu du “justizia sozial eta solidarioa”, bai eta “bestelako produkzio- eta energia-sistema baterantz aurrera egitea” ere. “Hau guztia denon artean egin dezakegu”, aldarrikatu du alderdi moreko parlamentariak.
Azkenik, Izquierda-Ezkerrako Marisa de Simónek eskatu du ez dadin “atzerapauso bakar bat ere eman” kutsatzeen kontrolari dagokion orotan. De Simónek adierazi du “akatsak egin” direla asteotan; esaterako, maskaren edo testen auzian, eta bere buruari galdetu dio ea “gure industria zergatik ez den horri aurre egiteko prestatuta egon”.
De Simón kezkatuta azaldu da “berreraikitze sozial eta ekonomikoa” dela-eta, eta “krisi honi irtenbide justu eta soziala” eman dakion eskatu du. “Prestatuta egon behar dugu irtenbidearen zuzendaritza ez dadin oligarkien eskuetan egon, ezpada sistema publikoarenetan”, ohartarazi du, eta defendatu du berreraikitze-plana “Parlamentuan jorratzea”.