Gorrotoa sustatzen eta bultzatzen duten ordezkari publikoen adierazpen politiko oro gaitzesten du Nafarroako Parlamentuak
Ganberak erantzukizunez jokatzeko eskatu du, eta bizikidetza baketsua, aniztasunarekiko errespetua eta giza eskubideen defentsa sustatzeko konpromisoa berretsi du
Parlamentuaren Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin eta UPNren, PPNren eta Voxen aurkakoarekin. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak “gorrotoa sustatzen eta bultzatzen duten ordezkari publikoen adierazpen politiko oro gaitzesten du, gorroto horren oinarrian zernahi ere dagoen: jaioterria, arraza- edo etnia-jatorria, sexua, erlijioa, sinesmena edo iritzia, adina, desgaitasuna, sexu-orientazioa edo -identitatea nahiz beste edozein baldintza edo inguruabar pertsonal edo soziala”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean zehazten duenez, Foru Legebiltzarrak “gogora ekarri nahi du ezen ordezkari publikoek funtsezko egitekoa eta ardura daukatela bizikidetasuna eta errespetua sustatzeko eta gorrotoa eta intolerantzia piztearen aurka borrokatzeko; hortaz, ez dute hori sustatzen duen inolako adierazpen publikorik egin behar”.
Era berean, Ganberak “berretsi egiten du konprometituta dagoela bizikidetasun baketsuaren nahiz aniztasunarekiko errespetuaren sustapenarekin eta giza eskubideen defentsarekin; bereziki, ideologia- erlijio- eta kultu-askatasunarekin, zeina Espainiako Konstituzioaren 16. artikuluak babesten baitu”.
UPNk gehitzeko zuzenketa bat defendatu du, PSN ekimenaren titularrak onartu ez duena, eta asmoa zuen “atentatu terroristak eta pertsonen osotasun fisikoaren aurkako erasoak gaitzestea”, eta “gorrotozko ekintza edo diskurtso horiek gaitzesten ez dituztenekin gobernu-akordioak sinatzea gaitzestea”. Era berean, aldarrikatzen zuen Parlamentua “konprometitzen dela aniztasunezko demokrazia batekin, zeinean errespetatzen diren giza eskubideak, botere-banaketa, legearekiko berdintasuna eta adierazpen-askatasuna, zuzenbideari helduz eta eskuin nahiz ezkerreko populismoen autoritarismo-tentazioei kontrajarrita”.
Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatu duen ebazpenak "Europa zeharkatzen duen gorroto-tsunamia eskuin muturreko alderdi populisten gorakadaren" ondorio dela adierazten du; izan ere, “mezu alarmista, iraingarri eta baztertzaileak zabalduz, gizartea zatitzen duen eta demokrazia arriskuan jartzen duen gizarte-arazo bat sortu dute".
Horri dagokionez, eta gorroto-diskurtsoa "gorroto-delituaren bezpera" dela gaineratuta, politika arloan horrelakoak "normalizatzeak” dakarren arriskuaz ohartarazten da. Izan ere, gizartea hainbat esparrutan eta talde jakin batzuen aurka gertatzen diren gorroto-diskurtso horien larritasunaz ohartuta dagoela egia den arren, irain eta diskurtsoek nabarmen areagotzen dute polarizazio soziala, eta, finean, “imitazio-efektua” sortzen da, “halako delituak errepikatzea dakarrena”.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (76. NPAO, 2024-05-28koa)
Archivos adjuntos