Harrera ofiziala Antsoaingo Gimnastika Erritmikoko Klubeko haurren taldeari, Espainiako txapeldun aparatuen modalitatean
Unai Hualdek gimnasten iraunkortasuna eta hobetzeko grina goraipatu ditu, eta deia egin du Kirol Jokoen bitartez oinarrizko kirola sustatzen jarraitzeko, hezkuntza alderdia lehenetsiz
Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Unai Hualdek, gaur arratsaldean harrera instituzionala egin dio Antsoaingo Gimnastika Erritmikoko Klubari, haren haur taldearen gorazarrez, urrezko domina lortu baitu Espainiako txapelketako aparatuetako finaletan, iragan abenduan, Zaragozan.
Hasierako mintzaldian, legebiltzarreko lehendakariak haur taldearen 2022ko ibilbidea ekarri du gogora, “lorpenez josia”, eta, arrazoi horrengatik, deia egin du aintzat hartzeko “neskatxa hauen lana, sakrifizioa eta trebetasuna, protagonista nabarmenak izan baitira hedabide handietako azaletan eta saioetan ohikoa ez den kirol honetan.
Kiroletik harago, Parlamentu honek azpimarra jarri nahi die edozein akats txiki edo handik zigorra dakarren talde-kirol honetan beharrezkoak diren iraunkortasunari eta hobetzeko grinari. Zorroztasun horri lotutako ahaleginean balio garrantzitsuak antzematen ditugu, zuek bikain erakusten dituzuenak. Kirolean nahiz gizartean jarraitu beharreko eredu bat ematen duzue. Bizitzarako ere balio duten printzipio gidari batzuk. Arrakasta hori Antsoaingo Gimnastika Erritmikoko Klubarena ere bada, eta bera ere zoriontzen dugu”, erantsi du Unai Hualdek.
Testuinguru horretan, guraso eta entrenatzaileen egitekoa dela eta, lehendakariak oinarrizko kirolaren hezkuntza alderdiaren garrantzia azpimarratu du. Hain zuzen, Kirol Jokoetan egiten den lanean jarri du fokua, eta esan du bereziki engaiatuta daudela emakumezkoen ariketa fisikoa sustatzearen alde.
“Aukera baliatu nahi dut, halaber, oinarrizko kirolean funtsezko partaide diren udal eta toki entitateei eskerrak emateko. Udalerrien azpiegiturarik eta laguntzarik gabe ez genuke oinarrizko kirolik izanen. Amaitzeko, adorea eman nahi dizuet kirolean gartsu eta nekaezin aritzen jarraitzeko, lorpenetarako bide bakarra delako. Areto honetan izan ziren azken kirolariak Osasunako kapitainak izan ziren (gizonezkoa eta emakumezkoa). Guztiok balio berak erakusten dituzue, eta fokuak baino ez zaituzte bereizten. Muchas gracias. Milesker”.
Jarraian, Daniela de Oliveira eta Laida Szymezcko, Antsoaingo Klubeko gimnastak, harro agertu dira “Antsoaindik Nafarroa ordezkatzen dugulako, eta poz-pozik urrezko domina bat ekarri ahal izan dugulako, entrenamendu ordu luzeen fruitu, bikaintasunaren bila beti”.
“Gaur hemen egotea ohorea eta pribilegioa da, baita sentitzen dugun harrotasuna partekatzeko aukera ere. Eskerrik asko Legebiltzarrari opari honengatik. Espainiako txapelketa izan nahi genuen, eta amets hori bete dugu. Arrakastaren funtsa da, halaber, irtenbideak bilatzea, pazienteak izatea eta zailtasunari baikortasunez aurre egiten jakitea. Denboraldia ezin hobea da, baina gurea bezalako kirolak gehiago zabaltzea nahiko genuke. Antsoaingo Klub Erritmikotik, eskerrik asko”, adierazi dute.
Ekitaldia legebiltzarraren egoitzako erakunde aretoan egin da, eta han izan dira, besteak beste, Raquel Garbayo (Navarra Suma), Jorge Aguirre (PSN), Uxue Barkos (Geroa Bai), Patricia Perales parlamentariak, eta, gainera, Ander Oroz, Antsoaingo alkatea.
Antsoaingo Gimnastika Erritmikoko Klubeko haurren taldearen izenean honako hauek agertu dira harrera ekitaldira: Laida Szymezcko, Soraya Feri, Olaia Aranguibel, Ane Alfaro, Ane Marín eta Daniela Oliveira, eta Judith Fernández (entrenatzailea).