Harrera ofiziala, Nafarroako Ijitoen Erkidegoaren Eguna dela-eta Nafarroako ijitoen entitateei eginikoa
Ainhoa Unzuk elkarteen lana aitortzen du, eta berretsi egiten du Parlamentuak desberdinkerien murrizketan aurrerapausoak emateko duen konpromisoa
Nafarroako Ijitoen Erkidegoaren Eguna dela-eta, Nafarroako Parlamentuak harrera ofiziala egin zien atzo Foru Komunitateko ijitoen entitateei. Esanahi sakoneko efemeridea da, 2007an ezarria, oroimenera ekartzeko ezen 1435eko apirilaren 27a izan zela, Agiritegi Nagusian gordeta dagoen dokumentuzko arrasto batean jasotzen denez, ijitoak Nafarroako lurretan lehenbizikoz sartu ziren eguna.
Hala mintzatu zen Ainhoa Unzu, Nafarroako Parlamentuko lehen lehendakariordea, hasiera eman zitzaionean ekitaldiari, zeinak xede izan baitzuen aitortza erakustea ijitoen erkidegoaren egoera hobetzen diharduten erakunde eta elkarteek eginiko lanarengatik. Erkidego horrek "ahotsa harrotasunez goratzen du, bere kultura defendatzen du, eta jakin du erresistitzen eta indar eta duintasunez aurrera egiten".
Ildo horretan, Unzuk gogorarazi zituen "Legegileak hartutako konpromisoak, Europako gomendioen eta Estatu-mailako Estrategiaren joka-eremuan arituz aurrerapausoak ematekoak, giltzarri diren zenbait arlotan oraindik ere badirauten desberdinkerien ezabapenerantz, hala nola osasungintzaren, hezkuntzaren, enpleguaren eta etxebizitzaren arloetan", eta ijitoen erakundeei eskatu zien, "erreferenteak eta aldaketaren eragileak" diren aldetik, lagundu dezaten "politika publiko haiek bultzatzen, zeinek sustatuko baitute kulturarteko elkarbizitza, bai eta ijito-herriaren berezitasun historiko eta kulturalak aintzat hartuko dituzten politikak ere, erabakitasunez borrokatzekoak anti-ijitokeria, arrazakeria eta edonolako bazterkeriak".
Azken sei mendeotan ijito-erkidegoa Nafarroako gizarte-ehunduraren "funtsezko parte" izan dela oroitarazi ondoren, Unzuk azpimarra jarri zuen "oraindik eginkizun dauden urrats garrantzitsuetan; hots, egiazko berdintasuneranzko urratsak, aurreiritziak aienatzekoak, gizarte bat eraikitzekoak non pertsona guztiek aukera berak izanen baitituzte, berdin delarik haien jatorria, kultura edo talde-kidetasuna".
Lehendakariordeak amaitu zuen ijito-elkartegintzaren lanarengatik eskerrak emanez eta herritarrei dei eginez parte har dezaten Ijito Kulturaren Hilabetearekin zerikusia duten ekitaldi guztietan, Legebiltzarrak atzo, hilak 28, Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna zela-eta onetsitako Adierazpen Instituzionalean aipatu bezala.
Nafarroako ijito-erakundeen ordezkari Natalia Jiménezek oroimenera ekarri zituen ijito-herriaren historia zedarritzen duten "pertsekuzio-, zapalkuntza-, bortxazko asimilazio eta akabatze-" saioak, eta aldarri egin zuen "ijito-herriaren kultura eta historiari inposatu zaien miopia sozial eta instituzionala aienatzearen" alde. Halaber, "romipén, romanipén direlakoak, ijitotasuna" erreibindikatuz, exijitu zuen erakunde guztiek eta gizarte osoak konpromisoa har dezatela ijito-aurkakotasuna borrokatuz.
Ildo horretan, eskatu zuen bultzada eman dakiela "nafar ijito-herriarenganako egia, justizia, erreparazioa eta adiskidetzea bideratzeko prozesuei"; "Nafarroako ijito-biztanleentzako Estrategia" berri bat egin dadila; eta hobetu daitezela Nafarroako Gobernuaren eta Espainiako Gobernuaren arteko lankidetza teknikorako bideak, Ijito Herriaren Berdintasun, Inklusio eta Partaidetzarako 2021-2030 Estrategia Nazionalaren abaroan.
Amaitzeko, ordezkari publikoengana jo zuen, haiei jakinarazteko ezen "ijitoentzako politikek ijitoekin eginikoak behar dute[la]" izan. Horrek behartzen du lanketa politiko berri bat egitera, erakundeekin eta herritar guztiekin elkar hartuz gure garapen eta gizarteratzearen protagonista izatea ahalbidetuko diguna".
Ekitaldia bukatu zen Gaz Kaló Fundazioaren ordezkari José Jiménezek Nafarroako Parlamentuari eskerrak emanez orain dela 20 urtetik Nafarroako ijito-erakundeei eskaintzen dizkien harrera instituzionalengatik.
Harrerara bertaratu dira, besteak beste, Juan Luis Sánchez de Muniáin, bigarren lehendakariordea; Yolanda Ibáñez,lehen idazkaria; Adolfo Araiz, bigarren idazkaria; Javier Esparza (UPN TP); Ramón Alzórriz (PSN TP); Laura Aznal (EH Bildu TP); Isabel Aranburu (Geroa Bai TP); Maribel García Malo (PPN TP); Carlos Guzmán (Zurekin TP); Ricardo Hernández, Gaz Kalo Nafarroako Ijito-elkarteen Federazioko koordinatzaile nagusia; eta honako elkarte hauen ordezkariak: La Majari, Secretariado Gitano Fundazioa, La Casa de Sabicas, Pastoral Gitana, San Fermín de los Gitanos, Tuterako La Romaní, Lizarrako Ker Kalí, Tafallako Sinando Kalí, Caparrosoko Virgen del Soto, Azkoiengo Santa Lucía, Zangozako La Romí, San Adriango Lacho Drom, Zarrakazteluko Romanipén, Corellako Ka Pañí, Lodosako Kary Romí, eta Ribaforadako La Kalí.