Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Apirilak 28

Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak sustatzeko Foru Legea

Osoko Bilkuran onetsia. 2022ko apirilaren 28an

Parlamentuko Osoko Bilkurak gaur onetsi du Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak sustatzeko Foru Legea. Arau horren bidez esparru juridikoa indartu nahi da, arreta jarriz adingabeen eskubideen eta interesen sustapenean eta prebentzioan, gazteentzako justizia sistemaren menpean daudenak ere barnean harturik. PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.

 

Zehazki, Nafarroako Gobernuak sustatu duen lege horren xedea da egoitza Nafarroako Foru Komunitatean duen edo aldi baterako bertan dagoen edozein adingaberi garapen integrala bermatzea, Nazio Batuen Biltzarrak 1989ko azaroaren 20an onartutako Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan jasotako betebeharrak erreferentzia harturik.

 

Horretarako, babes “integraleko” sistema baten esparruan, babesa emanen zaie adingabeei eta haien familiei, hartara, “prebentzioa, arreta goiztiarra eta detekzio goiztiarra” lehenetsita, haurtzaro ona izateko oinarriak ezartzeko, gizarte integrazioa ere ona izan dadin. Asmo horrekin, haur eta nerabeen alorreko erakunde komunitarioen figura garatzen da. Erakunde horiek beren inguruneko beharrei erantzuteko baliabideak jasoko dituzte, eta “erantzukizun partekatuko” gune ezin aproposagoak izanen dira toki bakoitzeko “ehundurarekin konektatuak eta errotuak” dauden proiektuak eta ekimenak sustatzeko.

 

Testuinguru horretan, pertsonarengan zentratutako eredua aldarrikatzen da, “ikuspegi etiko ukaezina” baita, bermatu behar duena “adin talde bakoitzera eta egoera bakoitzera egokitutako akonpainamendu etengabea”, garapen osoa eta inklusiboa lortzeko. Horretaz arduratuko dira, besteak beste, Haurren Eskubideen aldeko BatzordeaNafarroako Gizarte Laguntzako Etika Batzordea eta, subsidiarioki, zenbait babes erakunde, hala nola Arartekoa.

 

Horiek horrela, eskubideen eremutik irten gabe, berariazko arauak ezartzen dira diskriminazioak ekiditeko eta berdintasuna sustatzeko, bai sozioekonomikoa, bai kulturen eta generoen artekoa eta mendekotasunaren arlokoa ere, azken kasu horretan New Yorkeko Konbentzioari jarraituz. Familientzat ere balio du aurrean esandakoak. Haien forma-aniztasuna aitortuta eta edozein motatako bereizkeriatik babestuta gelditzen da, baita “gurasotasun positiboari” eta partaidetzari dagokienez ere

 

Partaidetza dela eta, aintzat hartzen dira hirugarren sektoreko entitateak, eta proiektatzen da batzorde gehiago abian jartzea, adibidez Arreta Goiztiarrarena edo Harrerena, lehendik funtzionatzen zutenez gain (esaterako, Pertsonarengan Zentratutako Arreta Sareari Sostengua emateko Batzordea). Bestalde, Adingabeen Kontseiluaren ordez Haur eta Nerabeen Kontseilua ezartzen da, eta adingabeak ere bertako kide izatea aurreikusten da.

 

Administrazioaren alorrean, eskuratu den esperientzian oinarrituta, diagnostiko, plangintza eta ebaluazio ereduak sendotzen dira, Errealitate Sozialaren Behatokiaren ebaluazioak baliatuz, eta zabaldu egiten dira erreferente tekniko eta metodologikoak.

 

Era berean, Zerbitzuen Zuzentarauaren 10.3 artikuluarekin bat etorriz, babes zerbitzuak kontratu edo itun sozialaren bidez eman nahi dituzten entitateak baimendu edo akreditatzeko prozedura espezifikoa kentzen da, eta, horrela, bikoizteak eta atzerapenak saihestuko dira. Horri dagokionez, adingabeen babes zentroetarako kalitate-estandarrak eta adingabeen arlorako berariazko printzipio etikoak ezartzen ez diren bitartean, abenduaren 2ko 92/2020 Foru Dekretuaren III. eranskinean eta IV. eranskinean ezarritakoa beteko da, hurrenez hurren.

 

Beste alde batetik, osatu egiten da arau-hausteen tipifikazioa, eta zehapenak egokitzen dira jokabideen larritasunera.

 

Eremu juridikoan, mantentzen da 1/1996 Lege Organikoak (2015ean aldatua) osatu duen babes eskema. Hala, arrisku egoera eta babesgabetasun egoera bereizten dira, kontuan izanik egoerak zer larritasun maila duen eta, hortaz, familia-nukleotik bereiztea beharrezkoa den ala ez.

 

Gainera, babesgabetasuna deklaratzeko prozedura zehazten da, bai eta zer kasutan aplikatzen ahalko den prozedura laburtua edo noiz jarduten ahalko den berehalakoan. Berrikuntzen artean, zaintzaren araubidea dago; berariaz gehitzen da borondatezko zaintza –guraso edo tutoreek eskatzen dutena, behar bezala egiaztatutako inguruabar larri eta iragankorrengatik–, eta jatorrizko familiara urratsez urrats itzultzea aurreikusten da. Halaber, berariaz arautzen da harrera (egoitzakoa edo familiakoa), eta haren kudeaketak barnean hartzen du babeserako banakako plana.

 

Adopzioen arloan, sustatzen da babes sisteman dauden nerabeak adoptatu daitezen eta adoptatutako adingabeak Arreta Goiztiarreko sisteman sar daitezen. Foru Berrian aurreikusita ez zeuden adopzio pribatuko kasuak ere arautzen dira, eta bide ematen zaie figura berri batzuei, esaterako adopzio irekiari eta adopzioa helburu duen zaintza-eskuordetzeari.

 

Autonomiaranzko bidean, bizimodu independenterako prestatzeko programek euskarri eta jarraipen-elementu zehatzak dituzte, tartean mentoretza figuren sustapena.

 

Zabalkundearen eta sentsibilizazioaren arloan, Nafarroako Gobernuak zabalkunderik handiena eginen die legean jasotako xedapenei, eta Haurren Egunaren ospakizuna sustatuko du urtero, Nazio Batuen Biltzar Nagusiak hautaturiko egun berean.

 

Garapenerako lankidetzaren arloko dirulaguntzei dagokienez, kontuan hartuko dira laguntza horien hartzaile diren herrialdeetan adingabeen bizi baldintzak hobetzea sustatzen duten proiektuak eta ekintzak.

 

Azkenik, Nafarroako Gobernuak Parlamentuari helaraziko dizkio haur eta familia arloan onesten dituen plan orokorrak, “horien berri izan dezan”.

 

Martxoaren 22tik apirilaren 8ra bitartean Batzordean egindako 5 bilkuretan egindako azterketan 145 zuzenketa eztabaidatu dira, horietatik 72 in voce.

 

Osoko Bilkuran egindako eztabaidan, eztabaidatu eta aho batez onartu dira PSN taldeak aurkeztutako hiru zuzenketak, guztiak izaera teknikokoak eta zehapen-eremura mugatuak. Bertan, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren eskumenak babesteko klausula bat jasotzen da, eta mota horretako elementu guztiak biltzen dituzten jokabideak zigor-arloko bide judizialera bidaltzen dira, beren larritasunagatik.

 

Haur eta nerabeei arreta eta babesa eman eta haien familiak sustatzeko Foru Legeak NAOn argitaratu eta bi hilabetera hartuko du indarra.

 

 

  • www.nafarroakoparlamentua.eus
  • Foru lege proiektua (143. NPAO, 2021-12-14koa)
  • Zuzenketak (22. NPAO, 2022-02-18koa)
  • Irizpena (49. NPAO, 2022-04-21ekoa)