Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Otsailak 16

Haur Hezkuntzako Lehen Zikloko haurren eskolatzearen kostu guztia bere gain har zezan Nafarroako Gobernua premiatzen zuen mozioa baztertu da

Ganberak uko egin dio doakotasuna sare publiko-pribatuko edozein zentrotan gauzatzeari, Navarra Sumak salatu dituen konparaziozko bidegabekeriekin amaitzeko

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin eta Navarra Sumaren aldekoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “bere gain har dezan Haur Hezkuntzako Lehen Zikloko haurren eskolatzeak familientzat duen kostu osoa; hain zuzen, udalen edo Gobernuaren beraren mendeko eskola publikoetan eskolatzen direnena, bai eta Hezkuntza Departamentuak baimendutako eskola pribatuetan eskolatutakoena ere”.

 

EH Bilduk ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, Navarra Sumak, ekimenaren titularrak, onartu ez duena, eta helburu zuen “Haur Hezkuntzako lehen zikloaren unibertsalitatean, doakotasunean eta kalitatean aurrera egiten jarratzea, epe labur eta ertaineko bide-orri argi batekin, apustu sendoa eginen duena kudeaketa zuzeneko haur-eskola publikoak sustatu, langileen lan-baldintzak hobetu, berriz ere ratioak jaitsi –Europako erakundeen gomendioek ezarritakoaren ildotik– eta familiek ordaindu beharreko kuotak berriz aztertze aldera, modu horretan kuotak arian-arian jaisten segitu eta doakotasuna errenta altuagoetara hedatzeko, gaur egun doakotasuna bermatuta duten errenta-mailetatik haratago, erabateko doakotasuna lortu arte”.

 

Ildo berean, Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzen duen martxoaren 22ko 6/2022 Foru Legearen xedapen gehigarria betetzeko eskatzen zuen, zeinetan honako hau ezartzen baita: “hiru urteko gehieneko epean, foru lege honek indarra hartu eta biharamunetik hasita, Nafarroako Gobernuak toki erakundeen eskumen banaketa argitzeko proposamena igorriko du Parlamentura, bertan aurreikusirik, halaber, toki erakundeei esleitzen zaizkien eskumenetarako finantza nahikotasuna bermatzeko beharrezkoak diren baliabideen zuzkidura.”

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako mozioak adierazten zuen “galdutako legealdi baten ondoren, modu homogeneoan arautu behar direla eskolatzeko eta zikloa finantzatzeko oinarrizko baldintzak”. Ziklo horrek, dituen ezaugarriengatik, “eragin askoz handiagoa” du errenta maila baxuko eta giro sozial behartsuetako familietatik datozen haurrengan.

 

Ildo horretan, eta “ekimen publiko eta pribatutik garatutako haur-eskolen sare indartsuaren kalitatea” azpimarratu ondoren, hilabete batzuk lehenago izandako “desadostasunen eta greben” garai luzea gogorarazten zen, eta defendatzen zen “edozein haur-eskolatan eskolatzearen doakotasuna gauzatzeko premia,” egungo “konparaziozko bidegabekeriei amaiera” emateko.