Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Maiatzak 26

Herritarrekiko Harremanetako Batzordeko kideak bisitan egon dira 'El terror a portada. 60 años de terrorismo en España' erakusketan, Kondestablearen Jauregian

Navarra Suma, PSN eta Geroa Bai eledunek erakusketaren edukia baloratu dute, kaltetuen eta haien familien memoriari zor zaion testigantza gisa eta harekiko begirunez

Herritarrekiko Harremanetako Batzordeko kideak bisitan egon dira gaur, Navarra Sumak eskatuta, El terror a portada. 60 años de terrorismo en España erakusketan. Terrorismoaren Biktimen Fundazioak eta Terrorismoaren Biktimen Memoriaren Zentroak antolatutako erakusketa ibiltaria da, Vocento taldeko egunkarien eta Diario de Navarraren laguntzarekin.

 

Honako hauek dira erakusketan egon diren batzordekideak: Iñaki Iriarte, Juan Luis Sánchez de Muniáin, José Suárez, Carlos Pérez Nievas, Elena Llorente (Navarra Suma), Inma Jurío, Javier Lecumberri (PSN) eta Jabi Arakama (Geroa Bai).

 

Terrorismoaren Biktimen Fundazioko lehendakari Tomás Caballerok egin dio harrera Parlamentuaren ordezkaritzari.

 

Iñaki Iriartek, atariko gisa azaldu duenez, bisitaren xedea izan da "erakusketa honen edukia ezagutzea, Espainian sei hamarkadatan terrorismoak eragindako mina ezagutarazteko sortua garai hartako prentsaren bitartez".

 

Bisitaldiaren hasieran sarrera labur bat egin du Tomás Caballerok, eta hark azaldu du erakusketak,   Espainian terrorismoari lotutako 1960tik 2019ra bitarteko egunkari-azal, bineta, argazki eta objektuen inguruan egin denak, indarkeriaren informazio-tratamenduari biktimen ikuspegitik heltzen diola, ikuslearekiko "konplizitatea sortzeko" asmoz.

 

"Biktimen eta haien familien oroimenari behar bezalako omenaldia” egiteko asmoarekin eraikitako erakusketan zehar egindako ibilbidean, parlamentariek arretaz ikusi dute Nafarroari buruzko kapitulu berezia, non, gainerako lurraldeetan bezala, denboran zehar “indarkeria jarraitu horren ondorioak” ikusten baitira.

 

Caballerok zehaztu duenez, Nafarroan 44 izan dira bizitza atentatu terroristetan galdu dutenak; horietatik 42 ETAren eskutik. Nafarroatik kanpo beste 15 nafar erail dituzte: 13 ETAk erail ditu, bat eskuin muturrak eta azkena, David Beriáin, atentatu jihadista batean.

 

Amaitzeko, Tomás Caballerok honako hau adierazi du: "erakusketa honek gertatutakoaren egia erakusten du, eta garrantzitsua eta erabilgarria da belaunaldi berriek hurbileko errealitatea ezagutu ahal izan dezaten. Madrilen eta Gasteizen egon da erakusketa, eta Iruñetik Valentziara eta Meridara eramanen da”.

 

Bisita amaituta, Navarra Suma, PSN eta Geroa Bai taldeetako eledunek erakusketaren balioa nabarmendu dute, biktimekiko konpromisoa azpimarratu dute eta Terrorismoaren Biktimen Fundazioko lehendakariak testuingurua aipatuz emandako azalpenak eskertu dituzte.