Hezkuntza Batzordea bisitan joan da Agoizko Mikel Deuna ikastetxe publikora
Zuzendaritza taldeak adierazi die institutu bat eraiki beharra dagoela, ikasle kopuruaren hazkunde etengabearen ondorioz leku arazoak dituztelako
Hezkuntza Batzordeak gaur bisita egin du Agoizko Mikel Deuna ikastetxe publikora, EH Bildu talde parlamentarioak eskatuta. Ikastetxea 1977an eraiki zen, eta 1996an institutua erantsi zitzaion. Guztira 491 ikasle ditu (329 Haur eta Lehen Hezkuntzan eta 162 Bigarren Hezkuntzan), 60 bat irakasleren ardurapean.
Parlamentario hauek joan dira: Mariano Herrero (UPN talde parlamentarioa), Isabel Aranburu (Geroa Bai talde parlamentarioa), Miren Aranoa (EH Bildu talde parlamentarioa) eta Carlos Gimeno (PSN talde parlamentarioa).
Bisitaren helburua izan da, Miren Aranoak zehaztu duenez, “in situ ikustea San Migel ikastetxearen instalazioak, hezkuntza eredua eta premiak”. Ikasleak (D, A eta G ereduetakoak) Artzibar, Itzagaondoa, Lizoain-Arriasgoiti, Longida, Untziti, Urraulgoiti eta Urraulbeititik doaz, baita Orotz-Betelutik eta Urroztik ere.
Parlamentuko ordezkariei harrera egin diete Inma Beroiz zuzendariak, Eneko Gil Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasketaburuak, Xabier Gibelalde Bigarren Hezkuntzako ikasketaburuak, Unai Lako alkateak eta Maite Fernández zinegotziak.
Ondoren bilera egin dute eta Inma Beroizek hezkuntza-proiektuaren nondik norakoak eta ikastetxearen berezitasunak azaldu dizkie. Ikasleen kopurua asko hazi da azken 13 urteetan eta 350 ikasle izatetik 500 inguru izatera igaro dira.
Zuzendariaren hitzetan, “gure kezka nagusia da nola eginen diogun aurre eskari horri gaur egun dugun azpiegiturarekin. Azken urteetan 30 ikasle berri baino gehiago hartzen ditugu urtero, 2019-2020 ikasturterako 40 bat espero ditugu, eta 2018an ezarritako errefuxiatuentzako programaren ondorioz sartu diren 18 ikasleak gehitzen badizkiegu, argi dago lekurik gabe gelditu garela”.
Hori horrela, Inma Beroiz parlamentariei zuzendu zaie Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutu bat eraiki beharra planteatzeko, Bigarren Hezkuntzako ikasleek lekua utz diezaieten Haur eta Lehen Hezkuntzakoei. “Konponbide bakarra dela uste dugu, jada ezin dugulako gela gehiago atera. Gelak zatitu izan ditugu, atezainaren etxebizitza izandakoa irakaskuntzarako egokitu ere egin dugu, baina jada ez dago aukera gehiago. Ez dago tokirik, ikastetxea txiki gelditu da. Nahi genuke lehenbailehen hastea urratsak egiten”.
Beste alde batetik, giza baliabideei dagokienez, ikastetxeko zuzendaria ados agertu da bigarren zuzendari bat izendatzearekin, “ikasle kopuruaren arabera dagokigun bezala”, eta zailtasunak dituzten ikasleei laguntzeko lanaldi osoa ezartzearekin.
Beren mintzaldietan, UPN, Geroa Bai, EH Bildu eta PSN taldeen eledunak bat etorri dira Mikel Deuna ikastetxeko zuzendariak egindako eskaerarekin, eta agindu dute Agoitzen institutu bat eraikitzearen alde eginen dutela etorkizuneko jarduketetan, egokitzat iritziz gero.
Bilera amaitu ondoren parlamentariek ibilbide gidatua egin dute ikastetxeko geletan zehar, eta egiaztatu ahal izan dute leku urriaren arazoak nola baldintzatzen duen heziketa lana.