Noiz argitaratua Asteazkena, 2024.eko Urtarrilak 17

Hezkuntza Batzordea bisitan joan da Donibane Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratura

Bertatik bertara ezagutzeko instalazioak, irakaslana eta ikastetxeari eraginkortasuna emateko beharrezkoak diren jarduketak

Hezkuntza Batzordea, UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo -Zurekin taldeen ekimenez, bisitan joan da gaur Donibane Lanbide Heziketako ikastetxera. Bertan Elektrizitate, Egur eta Ehungintza ildoak irakasten dira, eta langabeendako enplegurako prestakuntza ematen da.

 

Honako parlamentari hauek egon dira bisitan: Pedro González, Iñaki Iriarte (UPN talde parlamentarioa), Inma Jurío (PSN talde parlamentarioa), Eneka Maiz (EH Bildu talde parlamentarioa), María Solana (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin talde parlamentarioa).

 

Honako hauek egin diote harrera Parlamentuko ordezkaritzari: María Company, ikastetxeko zuzendaria; Germán García, zuzendariordea; Carlos de la Varga, idazkaria; eta beste zuzendaritzako kide eta irakasle batzuk, horien artean Javier Bustince, Elektrizitate eta Automatikako departamentuko burua.

 

María Company zuzendariak adierazi duenez, bisitaren helburua izan da mahai gainean jartzea ikastetxeak dituen arazoak; haren hitzetan, bitan laburbildu daitezkeenak: "espazio falta eta dauden espazioak hezkuntza-eskaintzara egokitzeko beharra”.

 

Ikastetxearen jarduera akademikoa aurreko mendeko 80ko hamarkadan abiatu zen, Irakaskuntza Ertainen Erreformako ikastetxe gisa, batxilergoko eta lanbide heziketako ikasketak bateratzeko asmoz.

 

Erabilera partekatu hori oraindik ere mantentzen da, lau ikasgela eta beste hainbeste bikoizketa-gela baitaude, zeinetan eskolak ematen baitzaizkie Donibanetik oso hurbil dagoen Biurdana Institutuko ikasleei.

 

Hezkuntza Departamentuak eremu horretan egindako azken jarduketek, esaterako Sanduzelai auzoan Iparralde DBHIa eraikitzea Biurdanako eta Donibaneko gainokupazio-arazoak arintzeko asmoz, ez dute espero zen eragina izan. Horrenbestez, eskatzen duten esku-hartzerik “premiazkoena” da “jada datorren ikasturtean erabiltzea Biurdanako ikasleendako eremua, egun dugun ikasgela-kopurua handitu eta antolaketa logikoago eta arrazionalago bat ezartzeko asmoz, prestakuntza-arloak eta lantegiak elkartuz, aurreikusitakoarekin bat. Germán García Donibaneko zuzendariordeak zehaztu duenez, espazio-arazoa larriagotu egin da LH Duala sartzeko betebeharraren ondorioz.

 

Ikastetxe bakoitzak bere arlo propioak biltzea eta beharrizanak ase izatea, horixe da Hezkuntza Departamentuari egin ohi dioten eskaria; alabaina, oraindik ere konponbideen zain daude.

 

“Hezkuntza-aukerak ezarri ahala hazten joan gara, modu inprobisatuan; horregatik daude prestakuntza-familiak eraikinean zehar sakabanatuta. Ikasgelak beteta daude ordutegi guztietan, hala goizean nola arratsaldean. Ez da ahaztu behar enplegurako prestakuntza ere eskaintzen dugula, ikastetxe integratua baikara”, gaineratu du Javier Bustince Elektrizitateko Departamentuko buruak. Bustincek berretsi duenez, “zenbait elementu beste ikastetxe batzuei laga dizkiegu, besteak beste, beso robotikoak, espaziorik ez dugunez ezin ditugulako instalatu”.

 

Bestalde, garrantzitsua da azpimarratzea modulu bakoitzera joaten den ikasle-kopuru altua. Kasu batzuetan 25 ikasle baino gehiago daude, eta horrek ez du aukerarik ematen arreta pertsonalizatua eskaintzeko ikasketa praktikoetan, zeinetan maiz makineria arriskutsua erabiltzen baita.

 

Zuzendaritza-taldeak azaldu dituen zuzkidura-gabezien adibideen artean daude neskendako aldagelarik ez egotea –komunetako bat erabiltzen dute horretarako–, ekitaldi-areto zaharra AtecA ikasgela (teknologia aplikatuko ikasgela) gisa prestatzea –LH-sistema modernizatzeko jarduketa estrategikoetako bat–, eta gimnasioa izan zena Egurraren arloko lantegi bihurtzea.

 

Horri dagokionez, zuzendaritza-taldeak nabarmendu duenez, “eremuen moldakaiztasunaren ondorioz ezin gara hazi, eta ezin dugu sortu hain beharrezkoa dugun Ehungintzako goi-mailako gradua. Era berean, ezin ditugu eskaini jada ezarrita dauden graduetarako ikasleek eta enpresek eskatzen dizkiguten espezializazio-ikastaroak”, salatutako gabeziak agerian uzte aldera instalazioetan barna egin den bisitan legebiltzarkideei lagundu dien irakasleetako batek aipatu duenez.

 

Bilera eta instalazioetan barna egindako ibilbidea amaitu ondoren, Hezkuntza Batzordeak Donibane LHko Ikastetxe Integratuaren eskariak jaso ditu, egoki jotzen dituen ekintzak gauzatze aldera.