Hezkuntza Batzordea bisitan joan da Isterria Hezkuntza Bereziko ikastetxera
Ikastetxeak, hezkuntza-etapa osoa hartzeaz gain, lanean hasi aurreko prestakuntzarako zentro bat eta egoitza bat ditu, zeinen finantzaketarako Gobernuaren lankidetza eskatzen baitu.
Hezkuntza Batzordeak, Navarra Suma talde parlamentarioak eskatuta, Isterria Hezkuntza Bereziko ikastetxera bisita egin du gaur. Ikastetxe hori Iberon dago eta hezkuntza-premia bereziak dituzten 115 ikasle artatzen ditu. Bertan derrigorrezko oinarrizko hezkuntza, lanbide heziketa bereziko programak eta heldutasunera igarotzeko programak irakasten dira. Horretaz gain, lanean hasi aurreko prestakuntzarako zentro bat eta egoitza bat ditu.
Batzordeko kide hauek bertaratu dira: Pedro González, Iñaki Iriarte (Navarra Suma talde parlamentarioa), Jorge Aguirre (PSN talde parlamentarioa), María Solana (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Patricia Perales (EH Bildu talde parlamentarioa).
Parlamentuko ordezkaritzari harrera egin diote ikastetxeko eskola-zuzendari José Andrés Burguete jaunak, Nafarroa Kutxa Fundazioko lehendakari José Ángel Andrés jaunak, Nafarroa Kutxa Fundazioko zuzendari nagusi Javier Fernández jaunak, Gizarte, Berrikuntza eta Joeren Arloko arduradun Gema Botín andreak, lanean hasi aurreko prestakuntzarako zentroko arduradun Lidia Caballero andreak eta Administrazio arduradun Nerea Álvarez andreak.
Bisitaren xedea izan da, Navarra Sumako Pedro González jaunak zehaztu duenez, “bertatik bertara ezagutzea aniztasun funtzionala duten pertsonak hartzen dituen ikastetxe honetako instalazioak”. Ikastetxea Nafarroa Kutxa Fundazioarena da eta Hezkuntza Departamentuarekin itunduta dago.
Bileran, Nafarroa Kutxa Fundazioko Gizarte, Berrikuntza eta Joeren Arloko arduradun Gema Botín andreak duela 65 urte “ezgaitasuna duten pertsonen garapenari laguntzeko” sortutako ikastetxearen historia eta bilakaera azaldu ditu. Ikastetxeak Hezkuntza Departamentuaren eskutik egiten du lan, “pertsona horien eta beren familien bizitza hobetzeko; izan ere, langileekin batera, Isterriaren zutabeak dira”.
Isterriako eskola-zuzendari José Andrés Burguete jaunak ikastetxearen lana aurkeztu du: ikastetxeak 83 langile ditu eta hezkuntza-premia bereziak dituzten 115 ikasle artatzen ditu (101 ikastetxean eta 14 lanean hasi aurreko prestakuntzarako zentroan), eta banakako prestakuntza programa bat garatzen du, pertsona bakoitzaren beharrizanei egokitua, bere gaitasunak ahalik eta gehien garatzeko xedez”.
“Hezkuntza inklusibo, integral eta anitz baten aldeko apustua egiten dugu, hausnarketa, espiritu kritikoa eta parte-hartzea sustatzea xede duena, osasun fisiko eta sozioemozionalari arreta eskainik eta metodologia aktiboak aplikatuz, hala nola Teacch metodoa, laguntza konduktual positiboa, oinarrizko estimulazioa eta zentzumen anitzeko estimulazioa, bai eta komunikazio-sistemen garapenerako metodoak ere”.
Isterriako ikasgeletan derrigorrezko oinarrizko hezkuntza (6tik 17 urtera), lanbide heziketa bereziko programak (17tik 21 urtera) eta heldutasunera igarotzeko programak (17tik 21 urtera) irakasten dira.
Prestakuntza eskaintza hau osatze aldera, ikastetxeak lanean hasi aurreko prestakuntzarako zerbitzu bat du, non ikasleek 25 urtera arte jarrai dezaketen lanerako eta gizarterako gaitasunei buruzko prestakuntza jasotzen eta heldutasunera igarotzeko prestatzen.
Halaber, ikastetxeak egoitza bat ere badu, Nafarroako Foru Komunitate osoko ikasleen eskolatzerako laguntza gisa. Zazpi etxebizitza funtzional ditu eta bertan 40 ikasle bizi dira astelehenetik ostiralera ikasturtean zehar. Hezkuntza-izaera duen zerbitzu bat da, “autonomia, eguneroko bizitzako gaitasunak eta gaitasun sozial eta aisialdikoak sustatzea xede duena”.
Familiek 300 euro ordaintzen dute egoitzagatik eta Fundazioak bere gain hartzen du gainerako gastua. Isterriak, “egoitzak eskaera publiko bati erantzuten diolako ustean”, eskatzen du Nafarroako Gobernuak laguntza eman dezan zerbitzu hori finantzatzeko, gaur egun ez baitago itunduta.
Nafarroa Kutxa Fundazioko lehendakari José Ángel Andrés jaunak, bere aldetik, eskerrak eman dizkio batzordeari ikastetxera bisitan joan izanagatik, “erreferentziazko zentroa hezkuntzaren eta ezgaitasunaren arloan, lan goraipagarria egiten duena. Fundazioaren arau-esparru berriak gardentasuna nabarmentzen du, eta ez dago gardentasuna egikaritzeko modu hoberik errealitatea zuzenean ikustea baino”.
Bilera ostean, parlamentariek ikastetxeko instalazioak ikusi dituzte. horiek 60.000 metro koadroko azalera hartzen dute eta bertan egiten diren jarduerak gauzatzeko badituzte kiroldegia, gimnasioa, psikomotrizitate-gela, igerileku terapeutikoa, negutegia, lorategiak, sukalde-tailerra, estimulazio-gela, jolastokia eta zerbitzu orokorretarako eremu zabala, sukalde, garbitegi eta jantokiekin.
Bisita amaiturik, Hezkuntza Batzordeko kideek informazioa bildu dute Isterriako Zuzendaritza-batzordearen iradokizunak eta eskakizunak aztertzeko.