Noiz argitaratua Asteazkena, 2022.eko Abenduak 21

Hezkuntza Batzordea bisitan joan da Salestarren Ikastetxe Integratu Politeknikora

Sarrigurenen dagoen ikastetxe berriaren hezkuntza-eskaintza eta instalazioak ezagutzeko

Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeak Navarra Suma, PSN, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren ekimenez Salestarren Ikastetxe Integratu Politeknikoaren Sarrigurengo instalazio berriak bisitatu ditu gaur. Ikastetxeak irakaskuntza arautuko (LH, DBH, Batxilergoa) 1000 ikasle inguru ditu, eta beste 435, enplegurako prestakuntzakoak.

 

Batzordekide hauek egon dira bisitan: Pedro González (Navarra Suma talde parlamentarioa), Carlos Mena (PSN talde parlamentarioa) eta Bakartxo Ruiz (EH Bildu talde parlamentarioa).

 

Parlamentuko ordezkariei harrera egitera joan dira Jorge Lanchas, Salestarren zuzendaria, Chema Zuza, LHko ikasketaburua eta Rosa Erro, DBH eta Batxilergoko ikasketaburua.

 

Navarra Suma, PSN eta EH Bilduren eledunek sarrerako hitzetan zehaztu dutenez, bisitaren xedea izan da “2019an inauguratutako Sarrigurengo ikastetxe berriaren instalazioak ezagutzea eta zuzendaritza- eta irakasle-taldearekin biltzea ikastetxearen hezkuntza-proiektua sakon ulertzeko, zeina nabarmentzen baita laneratze-maila oso handia lortzen duelako”.

 

Jarraian egindako bileran, Jorge Lanchasek ikastetxearen historia azaldu du; hain zuzen, 1927an eratu zenetik 50eko hamarkadara arte Nafarroan Lanbide Heziketa eskaintzen zuen ikastetxe “bakarra” zen, beti “enpresen munduarekin estu lotuta, 400 enpresa baino gehiagorekin hitzarmenak eginez".

 

Zuzendariak esan duenez, “ikasleen heterogeneotasuna” eta “ibilbide bereiziak” dira bertako“kristau inspirazioko” hezkuntzaren ikur bereizgarriak, zeina oinarriturik baitago “prestakuntza integralean eta orientazio akademiko eta profesionalean”.

 

Aralar kaleko egoitzan 92 urtez egon ondoren, Salestarrek 2019-2020ko ikasturtean inauguratu zuten Sarrigurengo ikastetxe berria. Bertan “ikastetxearen modernizazio teknologikoa egin da, eta horrek ahalbidetuko du egungo gizarteak dituen hezkuntza-beharrei modu egokiagoan erantzutea”.

 

Salestarrek honako hezkuntza-eskaintza hau dute gaur egun: DBH, Batxilergoa, LHko zikloak Arte Grafikoetan, Zurgintzan, Elektrizitate-Elektronikan, Informatikan eta Mekanikan; egungo oinarrizko LH, LH Berezia eta Enplegurako Prestakuntza.

 

Lanchasek azpimarratu du LH Duala ingurune industrialera egokitzearen erronka. “LH Dualari esker –horretan aitzindariak gara–, laneratzea ikaragarri igo da, baina ikasleen prestakuntza hobetu eta jasotako prestakuntza tokiko enpresen beharretara egokitu behar dugu, koordinazio hobea eta enpresen engaiamendu handiagoa lortzearekin bat”.

 

Era berean, Lanchasek Nafarroako Salestarrek bultzatutako proiektua azaldu du, garapen-bidean dauden herrialdeetako jaiotza goiztiarreko umeendako sehaska klimatizatuak egitekoa. Sehaska horiek oso oinarrizko instalazio teknikoak dituzten ospitaleetarako beharrezkoak diren bero, hezetasun eta argitasuna mantentzen dituzte.

 

Behin topaketa amaituta, zuzendaritza-taldeak ikastetxearen egoitza berriaren instalazioetan barna gidatu ditu Parlamentuaren ordezkariak.