Hezkuntza Batzordeak Andrés Muñoz Hezkuntza Bereziko ikastetxe publikoa bisitatu du
Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta I-E taldeek aitortu dute presaz ekin behar zaiola ikastetxea handitzeari, leku eta giza baliabide urriak dituztelako
Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeak gaur Andrés Muñoz Hezkuntza Bereziko ikastetxe publikoa bisitatu du, Navarra Suma talde parlamentarioak eskaturik. Ikastetxe horrek gaur egun 95 ikasle ditu (herenak gurpil-aulkidunak dira, bi heren atzerritarrak), 3 eta 21 urte artekoak, Nafarroako iparralde eta erdialdekoak. Beren gaitasunak ahalik gehien garatzeko hezkuntza-arreta ematen zaie.
Batzordeko kide hauek bertaratu dira: Pedro González, Isabel Olave (Navarra Suma talde parlamentarioa), Jorge Aguirre (PSN talde parlamentarioa), María Solana (Geroa Bai talde parlamentarioa), Laura Aznal (EH Bildu talde parlamentarioa) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoa).
Parlamentuko ordezkariei harrera egin diete Mari Carmen San Miguel ikastetxeko zuzendariak, Mercedes Pascual idazkariak eta Marcos González ikasketaburuak.
Pedro Gonzálezek sarrera gisara zehaztu duenez, bisitaren xedea izan da “instalazioen egoera eta ikastetxearen premiak gertutik ezagutzea”. Handitzeko lanen zain daude, eta, hamabi urte azterlanak eta proiektuak egiten eman ondoren, espero dute laster gauzatuko direla.
Ondoren bilera egin dute, eta bertan Mari Carmen San Miguelek ikastetxearen egungo egoeraren berri eman du. “Lekuaren eta giza baliabideen faltak arreta baldintzatzen du, hainbesteraino non irakaskuntzaren kalitatea nabarmen kaskartu baita. Ez dago gelak bikoiztu ahal izateko langilerik, ezta horretarako tokirik ere. Ikastetxea handitzeko eskaera noiz beteko zain jarraitzen dugu”.
Bestalde, Andrés Muñoz ikastetxeko zuzendariak esan duenez, “ezinegona sortu da zaintzaile eta irakasleen artean, aurreko ikasturtean 14 matrikulazio egin zirelako (96 ikasle izateraino) inolako indargarririk gehitu gabe”. “Ia gela guztietan 5 ikasle ditugu, eta ratio horrekin ezin ditugu ikasleak artatu aldarrikatzen dugun duintasunarekin”.
Horiek horrela, San Miguelek berriz esan du behin betiko konponbidea eman behar zaiola aspaldiko premia horri. “Dagoeneko hamabi urte bete dituen eskakizun batez ari gara. Aurreko legegintzaldian ia azkeneraino iritsi zen, baina handitzea ez zen gauzatu. Urtarrilean lan-mahai bat eratu zen eta apirilerako espero dugu Hezkuntza Departamentuaren erantzuna”.
Esandakoaren harira, San Miguelek adierazi du Departamentuak nahiago duela “Hezkuntza Bereziko ikastetxe erraldoi bat egin, 100 bat ikasle hartuko lituzkeena. Guk bi ikastetxe nahi genituzke, txikiagoak, ikasleei errazago laguntzeko, oso premia desberdinak baitituzte adinaren arabera. Nolanahi ere, eranskin batean modulu berri bat eraikitzeko aukera hartu da kontuan”.
Hitz egiteko txanda harturik, Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta I-E taldeen eledunak bat etorri dira esatean “instalazioen, zaintzaile kopuruaren (47 dira, horietatik 24 lanaldi osoarekin) eta irakasle kopuruaren (47) aldetik ikastetxeak duen saturazio egoera” konpontzeko beharra dagoela.
Pedro Gonzálezek (Navarra Suma talde parlamentarioa) adierazi duenez, “epe labur edo ertainera errealitateak gainezka eginen digu, ez bakarrik gehitutako ikasleengatik, baita lehendik hezkuntza sisteman sarturik daudenengatik ere. Gero eta gehiago dira desgaitasunen bat duten ikasleak, eta horrek eskatzen digu prest egotea ahalik eta arreta onena eskaintzeko”.
Jorge Aguirrek (PSN talde parlamentarioa) aitortu du arazoa konpontzeko ezinbestekoa dela “ikastetxea handitzea eta langile hornidura egokia ematea, eta ildo horretatik ari gara Departamentuan. Hobekuntza behar da, bistan denez. Halaxe etorri den egoera da, Andrés Muñoz ikastetxean leku falta dute duela 10-12 urtetik”.
María Solanak (Geroa Bai) gogora ekarri du nola garai batean “oso proiektu polit bat izan genuen, Udalarekin lurzati bat trukatzea eskatzen zuena, ikastetxea solairu bakarreko espazio batera aldatzeko, egoitza ere jartzeko aukerarekin, egoitzaren falta ere badugu eta. Hori albora utzita, 2019an ia amaiturik utzi genuen handitze proiektua, lizitatzeko prest, eta ez dut ulertzen zergatik dagoen geldirik. Andrés Muñoz ikastetxea erreferentziakoa da Nafarroa erdiarentzat; gainerakoak Tuterako Torre Monreal ikastetxera doaz”.
Laura Aznalen (EH Bildu talde parlamentarioa) esanetan, “erabat lehenetsi behar da berehalako premiak asetzea, giza baliabideekin zerikusia dutenak. Argi dago eskuak falta direla. Ikastetxearen ezaugarriek lan-zama astuntzen dute, eta badira ikasgelak goian. Handitze lanak premiazkoak dira, baina eguneroko arazoak konpontzea are premiazkoagoa da”.
Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra talde mistoa) proposatu du “Andrés Muñoz ikastetxeko matrikulazioa arintzea (Remontival ikastetxean) libre dagoen lekua egokituz, Estellerriko ikasleek 21 urte bete arte bertan jarraitu ahal dezaten. Garraioan aurreztuko litzatekeenarekin bakarrik, mereziko luke. Aurrera begira, nahiago ditugu bi ikastetxe ertain, adinaren edo desgaitasun graduaren araberakoak, ikastetxe handi bat baino, non ekintza komunitarioa zailagoa litzatekeen”.
Jarraian, parlamentariek ibilbide gidatua egin dute ikastetxeko instalazioetan zehar, eta, zuzendaritzako kideek eta guraso elkartearen ordezkariek lagundurik, egiturazko akatsak daudela egiaztatu ahal izan dute. Zaharberritze obrak egin izan diren arren, akats horiek “lana zailtzen dute, eta are, ikasleen segurtasunari eta ongizateri eragiten diete”.
Ildo horretan, zuzendariak eta ikasketaburuak azpimarratu dute 2002 eta 2014 bitartean egindako egokitze obrek ez dutela lortu “egonlekuak handitzea, hots, ikasgelak, bainugelak, patioa eta jantokia, eta ikasleek toki horietan ematen dute egunaren zatirik handiena”.
Andrés Muñoz Hezkuntza Bereziko ikastetxe publikoak gaur egun 95 ikasle ditu, 3 eta 21 urte artekoak. Adimen desgaitasunarekin lotutako hezkuntza premia bereziak dituzte, eta haietako batzuek badituzte bestelako nahasmenduak ere: autismoa, edo mugimenduaren, portaeraren edota zentzumenen nahasmenduak. Helburua da hezkuntza pertsonalizatua eskaintzea, autonomia eta oinarrizko gaitasunak garatzen eta helduaroko bizimodurako prestatzen lagunduko diena, betiere 5 ikasleko geletan, gehienez. Erreferentziako ikastetxea da Nafarroako ipar erdiarentzat. Baditu bost autobus linea eta beste bost taxi linea.