Hezkuntza Batzordeak Barañaingo Alaitz BHIa bisitatu du
Erabilera eszenikoetako areto berria ikusteko, Foru Komunitateko ikastetxe bakarra baita Batxilergoko adar hori D ereduan eskaintzen duena duela hamarkada bat baino lehenagotik
Hezkuntza Batzordeak gaur bisita egin du Barañaingo Alaitz BHIra. Ikastetxe horrek Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa (zientziak, letrak eta arte eszenikoak) ematen ditu, 1987an sortua da, eta 381 ikasle ditu (145 DBHkoak eta 236 Batxilergokoak), horietatik % 70 inguru Nafarroako herrietatik etorriak. Irakasleak, berriz, 45 dira.
Parlamentari hauek joan dira: Pedro González, Iñaki Iriarte (Navarra Suma talde parlamentarioa), Jorge Aguirre (PSN talde parlamentarioa), María Solana (Geroa Bai talde parlamentarioa), Maiorga Ramírez (EH Bildu talde parlamentarioa) eta Marisa de Simón (I-E foru parlamentarien elkartea).
Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal dugu eta I-E taldeek eskatuta egin da bisita, “espazio eszeniko bat eta bi musika gela eraikitzeko obrak in situ ikusteko, baita ikastetxea handitzeko proiektuan jasotako beste instalazio batzuk ere”. Proiektu hori iragan uztailean bukatu zen.
Parlamentuko ordezkariei harrera egin diete Iosu Mena zuzendariak, Maite Larrea zuzendariordeak, eta Aritz Estibez eta Imanol Yagüe Musika departamentuko irakasleek.
Jarraian bisita gidatua egin dute. Zuzendaritza taldearen eskutik, Hezkuntza Batzordeko parlamentariek erabilera eszenikoetako areto berria eta bi musika gela berriak ikusi dituzte. Beste gune osagarri batzuekin batera horiexek osatzen dute handitze proiektua, 2020aren amaieran gauzatzen hasi zena, aurretiaz adjudikazioa eginda 567.695 euroko prezioan.
Ikastetxearen aspaldiko eskakizuna da handitze obrak egitearena. Nafarroan berak bakarrik eskaintzen du Arte Eszenikoen adarra D ereduan, eta horregatik ikasle asko jasotzen ditu Foru Komunitateko lurralde osotik eta inguruko autonomia-erkidegoetatik, batez ere EAEtik.
“Ez genuen entseguak egiteko ikasgelarik, espazioak eta agertokia falta genituen, eta gorputz hezkuntzako pabiloia erabili behar izaten genuen. Moldatu izan gara irudimenez, baina behar-beharrezkoa genuen espazio eszenikoa handitzea. Proiektua lortu genuenean, krisia etorri zen eta geldirik geratu zen. Kosta egin zaigu, baina ekinaren ekinez orain bestelako egoera dugu”, baieztatu du Iosu Menak, Alaitz BHIko zuzendariak.
Instalazio berriak jada funtzionatzen ari direla, ikastetxeak baditu bi musika gela handiagoak eta ekipamenduz hornituak (hirugarren solairuan), eta agertoki bat, besaulki gabeko antzoki gisakoa (lehen solairuan), arte eszenikoetako ikasleen entseguetarako. “Urtero antzezlan bat muntatu eta Barañainen, Burlatan eta beste toki batzuetan antzezten genuen. Oso berri ona da. Arkupe bat edukitzea ere eskertzekoa da. Orain arte ez dugu patio estalirik eduki, baina orain, beheko solairua estali eta gero, badaukagu, eta baliabide hori ere garrantzitsua da”.
Bilera amaiturik, Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta I-E taldeetako eledunek zaharberritze obren bidez egindako hobekuntzen balorazio positiboa egin dute eta irakasle taldearen azalpenak eta arreta eskertu dituzte.