Noiz argitaratua Asteazkena, 2025.eko Maiatzak 7

Hezkuntza Batzordeak bisita egin du Burlatako Hilarión Eslava ikastetxe publikora

Ikastetxeak Hezkuntza Departamentuaren "informaziorik eta planifikaziorik eza" salatzen du, iragarria izan ondoren datorren ikasturtetik aurrera 0-3 urteko zikloa integratuko dela bertan

Gaurkoan, Hezkuntza Batzordeak EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin-en ekimenez bisita egin du Burlatako Hilarión Eslava ikastetxe publikora. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxea da, 400 ikasle ingurukoa, eta PAI – G eta PAI – A hizkuntz ereduak eskaintzen dituena.

 

Bertaraturiko parlamentariak Pedro González (UPN tp), Kevin Lucero (PSN tp), Eneka Maiz (EH Bildu tp), Itxaso Soto (Geroa Bai tp), Carlos Guzmán (Zurekin tp) eta Javier García (PPN tp) izan dira.

 

Parlamentuaren ordezkaritzari harrera egin diote ikastetxearen eta Egunsenti haur-eskolaren arduradunek eta udal ordezkariek.

 

Bisita proposatu duten taldeek azaldu dutenez, ikustaldiak xede izan du "ikastetxearen instalazioak eta eskaerak ezagutzea". Izan ere, ikastetxeak, 2025-2026 ikasturtean, 0-3 zikloa proiektu pilotu gisa eskainiko du, eta 0tik 12 urtera bitarteko ikasleak hartuko dituen lehen zentro publikoa bilakatuko da halatan.

 

Hilarión Eslava ikastetxeak 2022az geroztik behin-behinekoz hartzen ditu Egunsenti haur-eskolako ikasleak, zeinaren instalazioak erabileratik at geratu baitziren 2021eko abenduko uholdeengatik. Martxoan, Nafarroako Gobernuak iragarri zuen ezen, datorren ikasturtean Egunsenti haur-eskola Ripagainara lekualdatzearekin bat eginik, ikasle horientzat atondutako azpiegituraren eskuragarritasuna aprobetxatuko duela proiektu pilotua abiarazteko.

 

Parlamentutik joandako ordezkaritzarekin eginiko bileran, zentroaren arduradunek kritikak azaldu dituzte Hezkuntza Departamentuaren "informaziorik, planifikaziorik eta koordinaziorik ez[agatik]", hark 0-3 zikloa "berez konplexu eta ikasle zaurgarri ugariduna" den zentro batean integratzeko erabakia hartu ondoren.

 

Adierazi dutenez, egungo baliabideekin "ez dago modurik" ezarri nahi den eskaintza berriaren "kudeaketaz eta antolaketaz arduratzeko"; eta, alde horretatik, "gutxieneko batzuk bermatze aldera", exijitzen dute zuzendaritza-taldea handitzea postu gehigarri batekin eta zuzendaritza-zereginak aurrera eramateko ordu-esleipen handiagoarekin.

 

0-3 zikloa abiarazi ahal izateko emanen diren baliabide berriei buruzko "informazio-defizita"z gain, ikastetxearen arduradunek toki-falta eta tokia adingabeen premietara egokitu gabe egotea salatu dute. Egunsenti haur-eskolak orain arte erabili dituen espazioak "behin-behinekoz" erabiliak izateko atonduak izan dira, esplikatu dutenez, eta ez daude haur txikienen premiak asetzeko moduan diseinatuta.

 

Halaber esan dute zenbait bateraezintasun daudela ziklo desberdinen artean, eta "horiek nola kudeatuko diren" ez dakitela oraindik. Agertu dutenez, haur-hezkuntzaren bigarren zikloko ikasleek eta lehen hezkuntzako ikasleek urtean 175 eskola-egun dituzte, eta haur-hezkuntzaren lehen zikloko ikasleek, 204, abuztuaren 25ean hasitako ikasturtean. Eguneroko eskola-orduak eta ordutegiak ere desberdinak dira.

 

Bestalde, udaletik ere, zeinari baitagokio azpiegituren eta ikastetxeko langile ez-irakasleen kudeaketa, kritikatu egin dute Nafarroako Gobernuak informaziorik eta erantzunik eman ez izana.

 

Bilera amaitutakoan, Hezkuntza Batzordeak 0-3 ziklorako erabiliko diren espazioetan zeharreko ikustaldi bat egin du, eta ikastetxearen eskaerei entzun die, egokitzat jotzen dituen ekintzak abiarazteko asmoz.