Hezkuntza Batzordeak Cintruénigoko La Paz DBHIa bisitatu du
Zuzendaritza taldeak lehentasunezkotzat jotzen du ikasketa zabalagoak ezartzea oinarrizko LHko lerroak gehituta, horrek lagunduko bailuke hezkuntza eskaintza handitzen eta egungo toki arazoak konpontzen.
Hezkuntza Batzordeak gaur Cintruénigoko La Paz DBHIa bisitatu du. Ikastetxe hori 1998an eraiki zen eta 2007an eta 2018an handitu. Guztira 402 ikasle ditu, horietatik 185 etorkinak, eta 53 irakaslek artatzen dituzte.
Honako parlamentari hauek bertaratu dira: Javier García, Pedro González, Raquel Garbayo (Navarra Suma talde parlamentarioa), Inma Jurío (PSN talde parlamentarioa), María Solana (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Txomin González (EH Bildu talde parlamentarioa).
Navarra Sumak eskatu du bisita egiteko, eta helburua izan da in situ ezagutzea instalazioak, egungo beharrak eta etorkizuneko eskariak.
Legebiltzarraren ordezkari taldeari harrera egin diete Guadalupe Barea zuzendariak, María Ramírez zuzendariordeak, Juan Miguel López ikasketaburuak, Andrés Pérez-Nievas idazkariak, Óscar Bea alkateak eta Anabel Chivite zinegotziak.
Instalazioak ikusi aurretik egin duten bileran Guadalupe Bareak azaldu duenez, ikastetxean “ikasle kopurua handituz joan da toki mugatu batean. Ikasgelak jartzeko tokia hartu behar izan dugu patiotik, ekitaldi aretotik, irakasleen gelatik edo departamentuetatik. Aurreikuspenen arabera, 2025erako 461 ikasle izanen ditugu”.
Arlo akademikoan, ikastetxeko zuzendaritzari beharrezkoa iruditzen zaio oinarrizko LHko ikasketak ezartzea, ikasleen gizarte eta hezkuntza beharrei begira. “Hezkuntza praktikoagoa jasoko lukete, eta herrian gelditu ahalko lirateke. Izan ere, gaur egun Corellara, Alesbesera edo Tuterara joan behar da ikasketa horiek egitera. Ikasle askoren familiek ezin diote aurre egin garraioari, ez diru aldetik ez antolaketa aldetik”, ohartarazi du zuzendariak.
Hori dela-eta, zuzendaritza taldeak inbertsio eta instalazio handirik behar ez duten LHko ikasketak ezartzea proposatu du, esaterako administrazio arloa edo informatika arloa. Horretarako, institutuko patioan eraiki zen moduluan bigarren solairu bat eraiki litekeela iradoki dute, lau ikasgela berri izateko.
Hitz egiteko txandetan, Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu taldeen eledunek aintzat hartu dituzte zuzendaritzak planteatutako leku arazoak eta konponbidea bilatzeko beharra.
Pedro Gonzáleze (Navarra Suma talde parlamentarioa) “bizilagunen errealitate soziala institutuaren ahalbideekin” uztartzearen alde agertu da. Oinarrizko LHak irtenbidea eman behar lioke xedeko ikasleriaren profilari, eta inguruko enpresen beharrak ase behar lituzke. Ziurrenik, nekazaritzako, lorezaintzako edo mantentze industrialeko graduak behar dira”. Cintruénigoko alkate Oscar Beak bere egin du proposamen hori.
Inma Juríok (PSN talde parlamentarioa) nabarmendu egin du nola aritu den La Paz DBHIa “dibertsitateari erantzuten eta ingurune behartsuetatik hezkuntza premia bereziekin iritsi zaizkion ikasleei abegi egiten”.
María Solanak (Geroa Bai) aitortu duenez, “enplegagarritasuna bilatzea garrantzitsua da, baina baita beharrezkoak diren loturak sortzea ere, ikasleek, batez ere neskek, ez ditzaten bertan behera utzi ikasketak aukera faltagatik eta herritik irten ezinagatik”.
Txomin Gonzálezek (EH Bildu) nabarmendu du biztanleria hazten ari dela Erribera osoan. “Iristen diren familietatik asko immigratzaileak dira eta muga ekonomiko eta sozial nabarmenak dituzte; hezi beharko diren haurrekin datoz. Aukera bat dugu haurroi etorkizuna eskaintzeko, adibidez, orain erreleborik aurkitzen ez duten ogibideetan”.
Bilera amaituta, Hezkuntza Batzordeak bisita gidatua egin du institutuko tokiak ikusteko zuzendaritza taldearekin batera.
Cintruénigoko La Paz DBHIak gaur egun Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza osoa ematen du (DBHko 1., 2., 3. eta 4. ikasmailak). Gainera, Ikaskuntza eta Errendimendua Hobetzeko Programako (IEHP) bi ikasmailak eskaintzen ditu, DBHko 2. eta 3. ikasmailekin batera. Bestalde, Pedagogia Terapeutikoko (PT) irakasleek hezkuntza premia bereziak (HPB) dituzten ikasleak artatzen dituzte Curriculum Bereziko Unitatean (CBU).