Noiz argitaratua Ostirala, 2025.eko Martxoak 21

Hezkuntza Departamentua premiatzen da geldiaraz dezan 2 urteko gelen ezarpena Alaitz eta Ezkaba ikastetxe publikoetan

UPNren eta Talde Mistoaren abstentzioei esker, aurrera atera da EH Bildu, GB eta C-Z taldeen ekimena. PPNk eta PSNk soilik bozkatu dute aurka; azken horrek 28/2007 Foru Dekretuan jasotako eskakizunak betetzea aldarrikatu du

Hezkuntza Batzordeak erabaki bat onetsi du gaur, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeen aldeko botoekin, UPNren eta Talde Mistoaren abstentzioekin eta PNSren eta PPNren kontrako botoekin. Erabaki horren bidez, Legebiltzarrak adostu du “desadostasuna eta errefusa” adieraztea “Alaitz eta Ezkaba ikastetxe publikoetan 2 urteko gelak ezarriko direla-eta”.

 

Onetsitako erabakiaren bigarren apartatuan, Hezkuntza Departamentuari eskatzen zaio “geldiaraz dezala 2 urteko gelen ezarpena Alaitz eta Ezkaba ikastetxe publikoetan”.

 

PSNk hiru gehitzeko zuzenketa aurkeztu ditu, baina ez dira onartuak izan ekimenaren titular diren EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeen aldetik.

 

Zuzenketa horietatik lehenengoaren xedea zen Nafarroako Parlamentuak adieraz zezala “desadostasuna eta arbuioa Foru Komunitateko 2 urteko ikasleak 28/2007 Foru Dekretuko eskakizunak betetzen ez dituzten ikastetxe publikoetan eskolatzearekiko”.

 

Bigarrenean, premiatzen zen Foru Gobernuak erakuts zezala “jarrera dudagabea ikastetxe pribatuetako 2 urteko ikasleen gelak 28/2007 Foru Dekretuan ezarritako irizpideetara egokitzearen alde”.

 

Onartuak izan ez diren sozialisten zuzenketetatik hirugarrenean, Barañain eta Antsoaineko Udalak hertsatzen ziren “eskain ditzaten Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuak Haur Hezkuntzako lehen ziklorako baimendutako plaza publiko guztiak”.

 

EH Bilduk Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek sustatutako erabakiaren zioen azalpenean, argudiatzen da “prozesu honek, plangintza egokirik gabe eta irizpide pedagogiko kontrastaturik aintzat hartu gabe egin denak, kezka handia eragin” duela aipatutako ikastetxeetako “hezkuntza-komunitateengan”.

 

Talde proposatzaileen aburuz, 2 urteko gelak ezartzea “0-3 urteko ikasleen eskubideen eta beharren kontrakoa da”; izan ere, “Haur Hezkuntzako eskolak dira etapa horretarako ingurune egokiena”. Gainera, 2 urteko gelek “0-3 etapako hezkuntza-zikloa haustea dakarte”.

 

“Oraindik ez da egin Iturramako Doña Mayor eta Arróniz ikastetxeetan ezarritako proiektu pilotuen ebaluaziorik, eta neurri berri orok esperientzia horietan ateratako emaitzen aurretiko analisiaren araberakoa izan beharko luke”, ondorioztatzen da ekimenean.

 

Carlos Mena (PSN TP) izan da batzordeburu, eta bertan izan dira, orobat, honako hauek: Pedro González, Javier Esparza, Mario Fabo, Isabel Olave (UPN TP), Inma Jurío, Ibai Crespo (PSN TP), Eneka Maiz, Arantza Izurdiaga (EH Bildu TP), Itxaso Soto, Mikel Asiáin (Geroa Bai TP), Javier García (PPN TP), Carlos Guzmán (Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa TP) eta Emilio Jiménez (T. Mistoa).